Noemi Lopez Insausti • Nutrizionista (Beasain)
Uda iristear dago, eta honekin batera, oporrak, eguraldi ona eta egun luzeak. Gure ohiturak aldatu egiten dira garai honetan: ordutegiak desberdinak dira, lo gutxiago egiten dugu eta, oro har, gehiago jaten eta edaten dugu gainera, aktibitate fisiko gutxiago eginez. Nahiz eta egoera hauek ematen diren, horrek ez du esan nahi urtean zehar jarraitutako ohiturak alde batera utzi behar direnik. Zer egin udan zehar zaintzen jarraitzeko?
Frutak eta barazkiak
Uda garaian fruta gehiago jateko joera dago; meloia, sandia… zapore eta eskaintza anitzen garaia da. Normalean, otorduekin edo otorduen artean jateko ohitura dago, baina beste hainbat aukera ere badaude. Adibidez, entsaladan gehitzea; marrubi eta gereziekin egindako entsalada benetan freskagarria da. Irabiakiak ere fruta jateko modu osasungarria da; ideia bezala, probatu platano eta gereziekin egindako irabiakia.
Barazkiei dagokienez, nahiz eta tomatea, kalabazina edo piperrak bezalakoak urte osoan zehar jateko aukera daukagun, garai honetan benetan zaporetsuak daude. Entsaladan, gazpatxoan edo zopa hotzetan kontsumitzeko garai egokia da.
Lekaleak
Hotz egunetan oso gustura jaten dugu babarrun edo dilista plater bero bat, baina udan beroarekin batera hauen kontsumoa murriztu egiten da. Beti bezala, badaude beste aukera batzuk, eta neguan zehar plater beroan jandako babarrunak, entsalada bati gehituta plater freskagarri eta elikagarria lortzen duzu.
Hidratatu
Oso garrantzitsua da ondo hidratatzea. Ura izango da lehen aukera, baina urari fruta zati batzuk eta izotz-puskak botatzen badizkiozu, edari izugarri goxoa eta freskagarria izango duzu. Beste aukera bat, fruta zatiak moztu eta izoztea da, ondoren izotz-koskor bezala erabili ahal izateko.
Tentazioak
Urte osoan tentazioak eskura ditugun arren, udan kanpoan denbora gehiago igarotzen dugunez, errazagoa da horietara jotzea. Izozkiak dira behar bada udako tentaziorik handiena. Uda garaian beti egongo da tentazio hori, beraz momentu batean jango dugula onartzea da onena eta errudun sentitu gabe gozatzea. Artisau izozkiak aukeratzea beti hobea izango da izozki industrialak jatea baino. Jakin, izozki artisauen osagaiak honakoak direla: esnegaina, esnea, azukrea, gorringoa eta beste batzuk.
Etxean egiteko aukera ere badago. Aukeratu gustuko duzun denboraldiko fruta eta irabiatu esnearekin, landare jatorriko esnearekin edo jogurtarekin. Ondoren, egokiak diren moldean jarri, izozkailuan sartu eta listo!
Elikaduraz gain, mugitzea eta ondo deskantsatzea garrantzitsua da. Gomendio hauekin guztiekin, uda osasuntsua igarotzea opa dizuet.