Koronabirusaren pandemiagatik, iazko martxoaren erditik aurrerako herriko festa guztiak bertan behera geratu ziren Goierrin, itxaropena 2021ean jarriz. Baina aurten ere, antzeko bidetik doa. Festen hutsunea arintzeko, kultura eta aisialdi ekintzen egitarauak antolatzen ari dira.
Kultura, garai eta gizarte orotan, gizakia dagoen tokian, jaiak edo ospakizunak ez dira falta. Bien arteko harreman horrek, interpretazio ugari ditu; egunerokotik ihes egin eta ongi pasatzeko beharra, parranda gogoa asetzea, harremantzea, komunitate izaera indartzea, errebindikaziorako gune baten beharra… Interpretazioak aparte, festarik gabeko bizitza bat ulertzen edo irudikatzen zaila da. Baina urtebete baino gehiagoko pandemiaren ondoren, ikuspegia ere aldatu da. Gauza bat argi dago: aurten ere herrietako jaiak ez direla izango ezagutzen genituen bezalakoak, edo ez behintzat, koronabirusa gure bizitzetan agertu aurrekoak bezalakoak.
Goierrin, Idiazabalgo festak dira egutegian lehenak. Otsailaren 3an, San Blas egunaren bueltan, antolatzen dira. 2020 urtekoak, egitarau bete-betea ekarri zuten: 40. kros herrikoia, Txistularien 27. alardea, birigarro txitulari elkarteak herriko eragile ezberdinen laguntzarekin antolatuta. 2020ko otsailaren 1ean, 12:00etan, Axariaren jatsierak eta pregoiak, eman zien festeei hasiera ofiziala. Pilarreneako Eguneko Zentroko erabiltzaile eta langileak izan zuten ardura hori, eta ilusio handiarekin egin zuten, ez baita egunero gertatzen den zerbait. Eta helduen danborrada. Aspalditik galduta zegoena. 2008an azkenekoz egin zenetik, berriro egin gabe gabe zeuden. Edo, Axari Dantza Taldeak ipurdi dantzaren 40. urteurrena ospatu zuen, dantza erraldoi batekin. Horrez gain, musika kontzertuak, bertso saioak, eta beste hainbat eta hainbat ekitaldi. Eta ekitaldiez aparte, herritarrek eurak lagun edo familia giroan antolatutako bazkari eta afariak. Poteoa. Lehen gaupasa gazteenentzat. Jende berria ezagutzea, goizaldera arte dantzan ibiltzea… Otsailaren 4an, Axariaren igoerakin, amaitu ziren San Blas jaiak. Aspaldiko eguraldi goxoena izan zuten 2020ko negu hartan.
Goxotasunak gutxi iraun zuen, ordea. Une hartara arte, pentsatu ere egin ezin zena iristear zen. Aste gutxitan, normaltasun berri bat asimilatzeko ariketan, pertsonen arteko distantzia mantentzera, mugimendua mugatutzera, jende pilaketarik gabeko espazio irekiak erabiltzera… Goitik behera, guztia aldatu zen.
San Prudentzioak, balkoian
Konfinamendu bete-betean ailegatu zen San Prudentzio garaia. Apirilaren amaieran ospatzekoak ziren, baina bertan behera utzi zituen udalak, lehentasuna herritar ororen osasun-segurtasuna bermatzea zelako, eta horretarako jende pilaketak ekidin behar zirelako. Txupinazoa izan zen egin zen ekitaldi bakarra; plaza eta udaletxeko balkoia hutsik zirela, eta Drindots taldeak grabatutako mezu bat aireratu zuten bozgorailutik. Etxetik atera ezinik, herriko plaza eta kaleak huts-hutsik, balkoietan eta leihoetan ospatu zituzten ez-festak.
Lazkaotarrei erreleboa hartuz, Legazpin ere, gertakarien bilakaera ikusita, herriko jaiak (Santikutz , maiatza hasieran) bertan behera uztea erabaki zuen Legazpiko Udalak. Hemen ere, balkoietatik, keinu bat egin zitzaien festei, baina hortik aurrerakoak, iraileko Agorreko Santikutzetan ospatzekotan.
Lazkaon eta Legazpin bezala, Beasainen, Seguran, Mutiloan, Zumarragan, Ordizian, Gabirian, Zerainen, Zegaman, Ataunen,Urretxun, Zaldibian… 2020 urtea amaitu arteko herrietako eta auzoetako festa guztiak, bata bestearen atzetik, erori ziren egutegitik, eta itxaropena, 2021ean jarri zuten.
Baina, 2021a ere, iazkoaren bidetik doa, nahiz eta egoerak hobera egin duen, eta neurriak malgutu dituzten. Gauzak, momentuz, ez dira lehenera itzuli.
Festen faltan, beste aukera batzuk
Festek utziko duten hutsunea arintze aldera, Goierriko udalerri gehienetan, kultura eta aisialdi ekintzez osaturiko egitarauak antolatu dituzte. Egungo testuingurua kontutan hartuz antolatutakoak dira; aforo mugekin, distantziak mantendu beharko dira pertsonen artean… Festak bertan behera geratzearen askotariko ondorioak arintzeko helburuarekin antolatu dira; alderdi sozialetik ekonomikora doaz ondorioak.
Udalerri batzuetan, ere, ez diote egun handiak ospatzeari uko egin, baina modu seguruan eta araudira egokituta betiere. Tradizio handiko hainbat ekitaldiri eusteko ahalegina egin da. Zumarragan, adibidez, Santa Isabel egunez, uztailaren 2a, Antion ezpata dantza egitea erabaki da eliz barruan txistulari eta dantzariekin.
Ondorio zuzenak arlo askotan
Herriko festek, lehengo moduan behintzat, jende asko elkartzen dute. Horrekin batera, herrien eta auzoen arteko hartu-emana sustatzen dute eta taberna, merkataritza establezimendu eta herri eragileei egiten dieten ekarpen ekonomikoa ere oso garrantzitsua da.
Diru iturri horren galera, aisialdirako eskaintza hori galtzea, gogorra izaten ari da. Alde horretatik, merkatarien eta tabernarien egoera aipatzekoa da. Haientzako egun handiak dira, koltxoi bat ematen diete urte osorako, eta zaila izango da hutsune hori estaltzea. Herriko eragile eta merkataritzaz gain, Euskal Herriko sortzaile eta kulturgileek ere pairatu dituzte jaiak bertan behera geratzearen ondorioak.
Eta alderdi sozialean, gizarte osoarengan eragingo badu ere, gazte eta nerabeetan, ondorioak are larriagoak izan daitekezkeela baieztatzen dute soziologo eta psikologoek. Nerabezaroa, amets eta idealizazio garai eder hori, esperimentatuz ikasten den garaia, norbere identitatearen bila ibiltzeko une hori, pandemiak gogor jo du, lehen esperientzia asko ukatu dizkielarik; gaugiroa, lehen harreman afektiboa, ikasturte amaierako bidaiak, hamaika txokotako jendea ezagutzea, lehen gaupasa… Arlo soziala eten zaie gazteei.
Bizitzak hortik gehiena badu ere, nekez onartzen dugu ziurgabetasuna. Eta orain horixe besterik ez dago. Hau noiz eta nola amaituko den, ideiarik ez. Norbaitek ba ote daki hori? Hortaz, zalantza handiko garaia onartu eta kudeatzen saiatzea beste erremediorik ez dago. Eta, ahal den neurrian, kopetilun ibiltzeari utziz, horrek ere ez baitu ezer ere ez konponduko. Galdu dugunagatik negar egin beharrean, hobe dugunarekin gozatzen saiatzea. Eutsi edo etsi, besterik ez dago.
Asier Aseginolaza – Kirkil taberna (Ordizia): «Tabernan neurriak bete egiten dira. Tabernak istean dator arazoa»
Eusebio Alves – Hugo eta Eusebio atrakzioak (Urretxu): «Festarik gabe eta jende pilaketarik gabe ezin dugu lanik egin»
Udete Justo – Labores Otea (Beasain): «Ospakizunetan erabiltzen diren jantzien salmentan asko nabaritu da»
Iñaki Rezusta – Guri5 erromeria taldea (Ormaiztegi-Gabiria): «Oholtza gainean, jendaurrean disfrutatzen dugu gehien»