Gure antzinakoek Ataunen esaten zuten Aitzarteko Siñolaz deitzen zuten lekuan, gaur Erremedio, amabirjina azaldu zela, harri txabal baten gainean, bi kandelaren erdian. «Lehorra, bi teilarekin behinik» eskatzen omen zuen. 1604an, Pedro Ortiz de Telleria Tellazpiko seme eta San Martin parrokiako bikarioak bere kontura baselizatxo bat eraiki zuen. Gerotxoagoan ere ba omen zen Amabirjina harria deitzen ziotena.
1754an hazi zuten baseliza, Martin Karreraren planoen arabera. 1787an erre egin zen, ermitariaren gelarekin batera Amabirjinaren irudia osorik gelditu zen, eta San Martin elizan dago, bere altarearekin. 1804an, iturriko uraren mesedeak ikusirik, auzolanean berregin zuten. 1813an, frantsesek erre zuten.
Gerora baserri bat eraiki zuten, eta familia bat bizi izan zen. 1884an eraiki zuten Erremedioko Amabirjinaren Bainuetxea, iturri santuaren ondoan. Sufre, kaltzio eta artsenikodun ur usaindunaren iturri horrek 21 litro minutuko ematen du, 14,5 zentigraduan. Juan Arinek zioen Espainiako uretan onenetakoa jotzen zutela. Bainuetxetik urtean 120 bat lagun pasatzen ziren. Uda garaian bakarrik egoten zen zabalik, ekainaren 15etik urriaren 15era. Aldiko 15 lagun, eta 15 egunerako.
Sukaldearen ‘sendakuntza’
Bainuetxeko lehenengo sendagilea Arturo Daza de Campos izan zen. Azkeneko jabeak, berriz, Peñaneko Pako Izagirre Peña eta Donostiako Agustina Otero senar-emazteak. Ez zuten familiarik. Hogei lagunentzat lekua zuten.
Bi senar-emazteez gain, lau neskamek (Iturritzako Maria, Iturbeko Martina, Patxiaundineko Maria eta Barandiarantxikiko Maria) eta morroi batek (Iztatorko Patxi Dorronsoro, 14 urtekoa) lan egiten zuten. Asto-behorrekin enkarguak egin, eta adineko bainuzaleak zaldian eramaten zituen Patxik. Hileko 30 pezetako soldata zuen, jan-edana eta ohea. Eskupekoak, berarentzat. Esaten zuen eskupekoetan diru gehiago ateratzen zuela soldatarekin baino.
Pako Izagirre nagusia sukaldaria eta gozogilea zen, eta ikusteko menuak jartzen zituen: legatza Oriotik zuzenean ekarria, txekor haragia, arkumea, oilaskoa, txerrikia… herriko onenak. Postretan natillak, budina, arroz-esne, gaztanbera, poteko melokotoia eta fruta. Errioxako ardo txapel gorria, sagardoa, koinak frantsesa, patarra eta puru habanoak. Morroiak esaten zuen bainuak onak izango zirela, baina hango mantenuarekin gehiago ere sendatuko zirela.
Bainuak goizean ematen zizkieten, lau bainuontzi portzelanazkotan ura berotuta. Iturriko ura igotzeko motoponpa txiki bat zeukaten, errekako uraren bidez elektrizitatea sortuta. Han sortuko zen Ataungo lehenengo elektrizitatea. Bainuzaleak Tolosa eta Donostia aldekoak ziren gehienak.
Jai egunetan Lazkaoko fraide bat meza ematera igotzen zuen morroiak. Jai arratsaldeetan erromeria egiten zen. 1920 aldera modaz pasatzen hasi, eta 1926an itxi zuten. 1925ean, Migel Imazek ura Arratetako harrobira ekarri zuen, bainuetxea han irekitzeko asmoz. Erremedion ur usainduna ezkutatuta dago han ibilitako kamioien pisuaz. Herriko ondare honek, mereziko luke iturburuan hartu eta iturri eder bat egitea.