Patxi Albizu Apaolaza • Segura
Garotea hitza, elurtea, lehortea, gosetea, gerratea, izurritea… bezala sortua da. Garo garaia adierazten du. Garoa gorritzen hasi eta biltzekoa. Garai hori, iraila zen. Iratze hilabetea. Baserrirako ezinbesteko gaia. Ganaduei azpiak egin ondoren, hauen gorotzekin nahastuta ximaur bihurtu eta soro-baratzetarako ongarria. Irailean, beraz, urte guztirako garoa ekarri beharra izaten zen.
Baserrian, urte osoan izan ohi zen lana, baina garairik gogorrena uda amaierakoa zen. Orduan zetozen sagar biltzeak, indibaba eta arto jasotzeak… eta nola ez, garotea. Inguruan nahiko garo ez zenez, gu nahiz ingurukoak, partzoneriko lurretara joaten ginen. Lur komunaletan, komun txikia eta komun handia genituen garo lekuak. Txikikoa, Otsaurtetik Ubiergo errekaraino, irailaren hasieran jasotzen zen. Handikoa, Ubiergo errekatik Aratz alderakoa, irailaren amaiera aldera.
Roke Antonio Telleriak, atabala lagun, ahoz irakurtzen zuen udal bandoak (orduko herri komunikabide nagusietakoa) iragartzen zuen garotearen hasiera.
Garo jarduna
Garoteetan, lanerako gauza zen orok parte hartzen zuen. Baita baserriko senideen senar-emazteek ere, nahiz eta kalekumeak izan. Donostian bizi ziren bi osaba ere, trenez etortzen zitzaizkigun Otsaurtera garotean laguntzera. San Andres, gure baserriko garoteak, hamarren bat egun irauten zuen.
Itzaina, idi parea eta gurdiarekin, goizeko 3etan atera ohi zen baserritik. Beharrezko tresnak (segak, ittaiak, eskoarak, aizkorak…), arropak, estalkiak eta jan-edanak gurdiratuta. Asto edo behor bat ere eraman ohi zen, besteak beste, nardea karreatzeko. Eguna argitze alderako ailegatzear izaten ziren partzoneriko lurretara. Gainerakook oinez eta bizikletaz joaten ginen.
Etxafleroak ematen zion hasiera jardunari. Eguna argitzearekin batera, ittaiez markatzen genuen ebaki beharreko saila. Segaz, garoa ebakitzea zen presazkoena, jarraian zabaldu eta ihar zedin, ondoren, garoa bildu eta azkenik, lanik nagusiena, garoa gurdiratu. Tokirik aldapatsuenetara gurdia ezin zenez igo, nardea erabiltzen genuen karreorako. Pago adar luze eta zabal bat aizkoraz moztu eta bere gainean kargatzen zen garoa. Adar nagusia balantzinari lotuta asto edo behorraren bitartez jaisten genuen garo pila gurdiraino.
Zabal eta txukun kargatu behar izaten zen, orraztu onak emanez, ahalik eta garo kopuru handiena eraman eta bidean kargarik ez galtzeko. Gure etxean, Joan Albizu, anaia, zen horretan espezialista.
Gaua, garo pilan, zuhaitz adarrez eraikitako zuloetan pasa ohi zuten gure aurrekoek. Gau horietan, gazteenek festatxoak antolatu eta harremanak ere egiten zituzten. Aurrerago, 50 eta 60ko hamarkadetan, artzaien txaboletan eta, hasi ginen erretiratzen. Hamar egun inguru horietan, batzuk etorri eta beste batzuk joanez ibiltzen ginen. Tarte horretan, eguraldiak lagun, seiren bat gurdi-biaje baserriratzen genituen guk. Urte guztirako adina garo. Lana, ordea, ez zen eramatearekin bukatzen, ikuiluratu ondoren, garo zuhatzak egin behar izaten baitziren ondoren.
Belaunaldi baten bueltan, halako lanak izaten zirela gogoratzeak ere, sinestezina dirudi. Gure koinatuetako batek, garoteetako batetik bueltan halaxe esan zigun: «Hau izango zian andrea hartzearen ordañe».
Garote kantuak
Laureano Telleriak gogoan du, umetan, Don Angel Egaña Mitxelena maixuak irakatsi zien garoteei buruzko kantua:
Aupa aupa irrintzikan,
iratze eballeak kaletikan,
aupa aupa irrintzikan,
zatotik nahikoa eginikan,
goizean goiz altxaturikan,
atso eta agureak leihotikan
galdezka daude harriturikan,
zein ote datorren kaletikan.