Goierri beheko merkatari, ostalari, zerbitzu eta ekoizleak plataforma digital batean bildu eta salerosketa eredu berrien aurrean ahalduntzeko proiektua abian da dagoeneko: Goierriko Azoka. Egitasmo irekia da eta izena emateko aukera zabalik dago.
Digitalizazioaren eraginez erabat aldatu dira azken urteotan gizartearen kontsumo ohiturak. Webguneak eta sare sozialak bilakatu dira salerosketarako erakusleiho, eta paradigma berri horretara egokitzea ezinbestekoa zaie Goierriko ostalaritza, merkataritza, ekoizle eta zerbitzu sektoreetako langileei. Are gehiago pandemia garaiotan. Gabezia horri aurre egiteko jaio da Goierriko Azoka (goierrikoazoka.eus) plataforma digital berria. Goierrik arlo horietan guztietan duen potentzial guztia webgune bakar batean bildu, eta tokiko produktu eta zerbitzuen kontsumoa bultzatzeko bokazioa du, erosketa kanal berri horiek erabiltzen dituzten herritarrei produktu eta zerbitzuak esku-eskura jarriz.
Joan den uztailean egitasmoa aurkeztu zenetik plataforma aktibatu eta parte-hartzaileak bilatzen zentratu dira ekintza gehienak. Besteak beste, ekimenaren informazioa zabaltzeko posta elektroniko bidezko kanpainak egin dira, baita merkatari eta zerbitzuei zuzendutako aurkezpenak ere herri guztietan. Instagram sare sozialean ere profil bat sortu da. Hasiera batean kaptazioari zuzendutako kanpaina bat egin zen, eta gaur egun, plataformara batu diren negozioen publizitatea egiten du estrategia bati jarraituz. Gaur gaurkoz, Goierriko hamar herritako 33 negozio daude ikusgai webgunean. Datorren asteartean, hilak 29, egingo da plataforma berria martxan jartzeko aurkezpena.
Proiektura batzeko aukera
Kopuru hori haztea espero da datozen hilabeteetan, bailarako ostalaritza, merkataritza, ekoizle eta zerbitzuen giharrari eustea ere helburu baitu Goierriko Azokak. Tokiko produktuen kalitateari balioa emanez, tokiko ekonomiari kalte egiten dioten plataforma handiei ere aurre egin nahi dio egitasmoak. Horretarako, berealdiko garrantzia ematen zaio erronka digitalari, eta Goierriko Azokak eskaintzen dituen baliabide, aholkularitza eta formakuntza erabiliko dira bide hori jorratzeko, bakarka nahiz taldean.
Goierri Azokak baliabide, aholkularitza eta formakuntza zerbitzuak eskaintzen dizkie proiektuko partaideei
Proiektuarekin bat egin duten Goierriko udalek kostuaren zenbateko bat finantzatuko diete parte hartuko duten negozioei
Egitasmoaren kanpo komunikazioa nabarmen indartuko da datorren asteartetik aurrera, eta 2021eko bigarren seihileko honetan Goierriko Azoka kontsumitzaileen artean ezagutzera emateko ahalegin berezia egingo da. Izena eman ez duten negozioek proiektura batzeko aukera zabalik dago, egitasmo irekia baita Goierriko Azoka. Webguneko formularioa betez egin daitezke partaide interesa dutenek. «Goierritarrek Goierrin kontsumitzea nahi dugu, baina baita gure produktuak kanpoan ezagutzera eman ere. Goierrik eskain dezakeen guztia webgune batean eskuragarri jartzea da helburua», nabarmendu dute egitasmoaren sustatzaileek.
Lau kategoria nagusitan banatutako webgunea da goierrikoazoka.eus, eta azalean bilatzailea eta partaide guztiak modu errazean aurkitzeko mapa topatuko du bisitariak. Bi dira eskaintzak: batetik, Erakusleiho digitala, eta bestetik, Erakusleiho nahiz salmenta digitala. Lehen proposamenak 100 euroko kostua du urtean, eta bigarrenak 200 eurokoa, BEZa kontuan hartu gabe. Behin izena emanda, erabiltzaileak argazkiak aldatu eta bere fitxa kudeatzeko aukera izango du, baita beste merkatari eta zerbitzuetako negozioekin erakusleihoa partekartzeko aukera ere.
Proiektuarekin bat egin duten Goierriko udalak kostu horren zati baten kargu egingo dira. Hori bai, negozio bakoitza arduratu beharko da bere udala ehuneko zenbatekoa finantzatzeko konpromisoa hartu duen. Fitxa irekitzeko ezarrita dauden prezioak egokiak dira oso tankerako beste plataforma batzuekin alderatuz gero, izan ere plataforma honen sorkuntza eta hazkundea ezinbesteko jotzen da eskualdeko sektore guztien iraunkortasunari begira.
Ekainaren 29an aurkeztuko dute proiektua
Datorren asteartean, hilak 29, egingo du Goiekik Ordiziako Arranomendia auzoan duen egoitzan goierrikoazoka.eus plataforma digitalaren aurkezpen ekitaldia. Goiekiko udal ordezkari eta teknikariek, Borja Urretabizkaia proiektuaren sortzaileak, marka berriaren diseinatzaileak eta plataforman parte hartzeko urratsa egin duten hainbat merkatari eta ekoizlek parte hartuko dute aurkezpenean. Ordezkaritza anitza elkartuko da, baina osasun murrizketen ondorioz ekitaldia ez da irekia izango.
Proiektua zergatik sustatu duen azalduko du Goiekik, eta Urretabizkaiak Goierriko Azokaren jatorria eta historia kontatuko ditu. Merkatari eta ekoizleen ikuspuntu eta errealitateak ezagutzeko aukera ere izango da, eta plataforman sartuta dauden negozio batzuen lekukotzak ere entzungo dira. Azkenik, markaren sorreraz eta esentziaz ariko da diseinuaz arduratu den diseinatzailea. Garatuko diren komunikazio ekintzak ere aurkeztuko dira.
Ekitaldiaren amaieran sustapenerako erabiliko diren esku-orriak ere aurkeztuko dira, eta hurrengo a
steetan herriz herri banatuko dira negozio berriak webgunera erakartzeko.
Harremanetarako
- Webgunea. goierrikoazoka.eus
- Izena emateko. Webguneko ‘Izena eman’ ataleko formularioan
- Instagram. @goierriko.azoka
- Telefonoa. 677 009 969