Asier Iriondo • Hizkuntza aholkularia
Uztailaren 14an etorriko omen da Sarri Legazpira. Sarri Sarrionandia, ez adberbioa. Lekanazpi elkarteak ekipo bikoitza jarriko omen du kontzertu akustikoetarako, erdia bozgorailu eta beste erdia Josebaren egonleku.
Twitterren galdera itxura eman diote jolas bati: «Zure adina aitortu gabe, jende gazteak ulertuko ez duen zer esan dezakezu?». Denetariko erantzunak daude: kaseteak, Bittor Aiape, Superbat kluba… Josebaren kartzelako ihesarena ere izan daiteke erantzun?
Madrilgo bi ahizpa gazteri euskara eskolak ematen aritu naiz. 14 eta 15 urte dituzte eta harritu ninduten, baina, Martuteneko ihesaren berri bazuten. Pelikuletako heroiarena bailitzan kontatzen zuten, gainera. Motibazio hori ikusita, ariketak bere testu eta erreferentziekin prestatzea pentsatu nuen. Ahizpa gazteak negar egiten zuen Martin Larralderen heriotzaren aipuarekin. Leonorrek izaera eginagoa edo eraginagoa du eta «zein mengela zaren, Sofia» esaten zion. Ahizpen arteko bakeagatik, gehiago ez erabiltzea erabaki nuen. Kortaturen Sarri Sarri, aldiz, biek maite dute eta, lehenengo kolpean, gainera, hitz dezente ulertzen eta intuitzen dituzte: dantza, emititzen, rekuento generalean, entzierroa, bafleetatik, kriston martxa, bibatu…
Uztailaren 14an, herriko zenbait talde izango omen ditugu eta Sarriren aipamenik ez omen da faltako. Ez omen da nabarmenduzalea, eta Legazpin eroso sentitzea nahiko lukete. Horregatik, bozgorailuak zirritua izango omen du, bere begiek malko isuritzeko gogorik balute ere.
Omenka nabil eta kazetarien esana da zurrumurruak ez direla albiste, nahiz eta aspaldi ahuldutako araua den, sare sozialek ahulduago dutena. Baina, esperantza badugu, Martuteneko murruak gainditu zituenak zurruak ere gaindituko dituen.