Elixabete Garmendia Lasa • Kazetaria
Iloba batek esan zigun, 2019ko udan, telefonotik jokatzeko lehiaketa bat zabaldu zutela: Egunean Behin. Jaitsi zidan aplikazioa, baina beldur nintzen gailuekiko nire abilezia primarioak huts egingo zidala. Trenez nindoan egun batean froga egin, eta tira, iruditu zitzaidan nire moduko jendearentzat ere izan zitekeela lehiaketa. Azken aspaldian, harrapatuta nauka.
Afalondoko kontua izaten da: besaulkian eseri, telefonoa hartu eta Egunean Behingo partida jokatu. Askotan arrapataka, gauerdia iritsi baino lehen bukatzeko, bestela jai baitago. Bataz bestekoa zazpian daukat, hamar galderetatik zazpi asmatzen ditut gehienetan; ondo daramat kalifikazio hori, zazpia baita nire zenbaki kuttuna. Seira jaisten banaiz, masailak gorritu egiten zaizkit. Bederatzirekin, frustratu samar geratzen naiz, hain gutxi falta eta… Noizean behin, konfeti birtual jarioa lehertu eta hamarrera iritsi naizelako zoriontzen nauenean Egunean Behinek… zentimetroren bat irabazten dut.
Bereziki gaizki ibiltzen naiz nazioarteko kirolari, aktore eta musikariei buruzko galderetan; banderekin ere ez naiz batere ondo moldatzen; herrialdeak mapan kokatzen, edo geografiako beste edozein galderetan, hainbestean. Euskal Herriari buruzkoetan, taxuz, nahiz eta batzuetan hanka zuloraino sartzen dudan herrietako argazki zenitalekin.
Lagun batek Berria-ko denborapasetan asteartero ateratzen duten Euskal herrietan barrena testa-ren berri eman zidan denbora asko ez dela. Dagoeneko ez diot paso egiten aste bakar batean ere. Biharamunean erantzun zuzenak argitaratzen dituztenean… umildade dutxa hartzen dut. 6/10 bitarteko atakan geratzen naiz beti, zera dioen horretan: «Benetan diozu euskal herriak ongi ezagutzen dituzula?». Ba bai, nik uste nuen Euskal Herriko herriak, ipar eta hego, ekialde eta mendebal, nahikoa ezagutzen nituela, langintzak ere lagundu baitit horretan. Uste ustela! Ikasten segitu behar.
Ez dakit zenbat jokalari izango dituen Berria-ko herrien testak. Egunean Behinen 60.000 inguru lagun ibiltzen omen gara. Bada zerbait , ezta? Hirurogei mila lagun, egunero euskaraz jolasean… (Jolasean diot, Egunean Behinek bietatik baitu, jokotik eta jolasetik). Euskal hiztunen kidegoan ez zen halakorik gertatuko sekulan.
Hilaren 11n itxiko da Egunean Behinen zazpigarren denboraldia; finala lau egun geroago jokatuko da, zuzenean, Euskal Telebistako kameren aurrean, Maddalen Arzallus eta Xabier Sukia aurkezle direla. Ostegun iluntze horretarako plana eginda dago.