Hirugarren agintaldia ahitu 2023an, eta ez da berriro diputatu nagusitarako aurkeztuko Markel Olano Arrese (Beasain, 1965). Politikan 15 urterekin sartu zen, EGIn, Beasaingo eta Goierriko suspertzaile. EAJn egituretatik igarota, 2007tik lan instituzionalean ari da . Politikan segituko duela aurreratu du, gero ere.
San Joan sutara zer bota duzu?
Politikan tentsio handia egoten da, pertsona hasarrarazten duten momentu asko. Bizitzan, ahal den neurrian, egoerak ez zaitu jan behar, eta sentimendu positiboetara jotzen ahalegindu behar da. Sutara bota behar direnak sentimendu beltzak eta ilunak dira. Zaila dahori oporraldi aurretik egitea, hala ere.
Estudiante zinela, garai honetarako libre izaten al zinen?
Normalean, irailerako ez nuen ezer uzten. Baina hamarrak ateratzen ere ez nintzen ibiltzen. Estudiante arrunt bat izan nintzen. Nire helburua ez zen horrenbeste notak ahalik eta onenak ateratzea, baizik aprobatu, eta beste kuriositate batzuetarako denbora atera. Ikasketak oinarria dira, baina eskolaz aparte ere beste gauza batzuk egin behar dira.
Igartzako jauregian gaude. Zer ekartzen dizu gogora leku honek?
Hainbeste gauza… Leku honek Beasainen zaharberritzea irudikatzen du. Umetan ezagututakoak eta oraingoak ez dute zerikusirik, eta nola zaharberritu den eredugarria izan da. Herriak eta erakundeek prozesu bat egin dute. Beasainen eta Goierrin indar bat egon da, eta egoera industrialaren aurrerabidea ekarri du, aberastasuna. Igartza horren sinbolo nagusia da.
Bestetik, gipuzkoarrak zer garen azaltzeko askotan erabiltzen dut: oinarrian industrialak gara. Igartzako burdinola XVIII. mendean zaharkituta geratu zenean, nagusiek eurek jarri zuten lehenengo labe garaia orain CAF dagoen lekuan. Erdi Arotik esperientzia industrial bat etenik gabe mantendu da. Espazio polita eta ederra da, baina historikoki garrantzi handikoa.
Olano eta Arrese, Beasainen arrastoa duten bi leinu. Zer eman dizu sendiak?
Bi jatorri ditut. Bat, Beasaingoa, nahiz eta Olanotarrak Senperekoak diren, Lazkao eta Beasain mugakoak. Beasaindartasuna ekarri didate. Lanagatik-eta, kalean oso integratuta zeuden: okindegietan, gure aitak altzari denda… Merkataritzarekin eta jendearekin harreman izugarria zuten. Arresetarrak Ataungo San Gregoriokoak dira, eta Ataun ere ez daukat saltzeko. Oso herri berezia da, eta hortik mundu erruralago bat etorri zait, herri txikiko ikuspegia.
Eta politikoki?
Biak ala biak familia euskaltzaleak eta abertzaleak dira. Bizitzan konpromisorako bide bat ekarri dit horrek. Ikastoletako hasierako konpromisoa ere bi aldeetan dago. Isabel Olano lehen irakaslea izeba nuen, eta Amaia Arrese andereño izan zen Lizeoan. Ni ikastola giroan hazi naiz, eta oinarri nagusiak hortik datozkit. Gero, Arresetarrek harreman gehiago eduki dute industriarekin, Fabrika Haundian edo CAFen. Ikuspegi diferenteak dira, eta denek aberasten dute.
Politikan 15 urterekin hasi zinen. EAJko gazteen antolamendu eta suspertze lanean jardun zinen.
Trantsizio garaia zen. Politikan ere kultura bat dago, landu eta ikasi behar dena. Interesak hartu, irakurri, lanean hasi lehenengo herrigintzan eta gero alderdian… Horrek markatu du nire gazte garaia. Konpromiso politikoa izan da nire heziketan inportanteena. Oso gogorrak ziren garai haiek, kultura jeltzalearen eta ezker abertzalearen tirabira oso inportanteekin, Goierrin bereziki. Gazte garai oso interesgarria izan nuen; gogorra zen, baina aldi berean une historiko batean kokatua.
Gaur 15 urte bazenitu, sartuko al zinateke politikan?
Zailagoa da gaur egun. Konpromisoak markatzen du nire bizitza, eta gaur egun hori jarraia izatea da zaila. Gaurko gazteek eta nerabeek ere konpromisoak hartzen dituzte, baina mundu guztian gertatu da, luzeak zailago direla. Zygmunt Bauman pentsalariak dio mundu hau geroz eta likidoagoa dela. 1980ko hamarkada izugarri solidoa zen. Oso egonkorrak ziren gauza haiek malgu eta likido bihurtu dira. Bere arriskua badu; Baumanek dio hori gertatu dela kontsumo gizarte bat garelako eta dena kontsumo bihurtu dugulako. Gaurko gazteek, bakoitzak bere prozesua beharko dute. Dena dela, Beasainen gure alderdiak jende gaztea erakartzeko ahalmena daukala ikusten dut. Orduan, modu diferentean seguruenez, baina gaur ere antzeko zerbait egingo nuke.
Filosofia karrera aukeratu zenuen.
Oso irakurtzalea nintzen. Ordu asko igarotzen nituen irakurtzen, literatura eta edozein diziplina. Etxetik zetorkigun; aitak-eta zaletasun handia zeukaten, eta liburuak geneuzkan etxean. Idazteko bokazio bat baneukan, letretan hazteko, baina interesa arlo pila batekin neukan. Hiru anaiek letretatik jo genuen: batek Kazetaritza, besteak Euskal Filologia. Filosofia ikasi nuen, historia adarretik, ez zelako diziplina espezializatua, ikuspegi zabala zeukalako.
Filosofiaren harra, seguruenik, Lizeoan irakasle izan genuen Luis Mari Barandiaranek sartuko zidan. Filosofiarekiko oso ikuspegi interesgarria zeukan, estimulantea. Hark ez zidan kalterik egin Filosofia aukeratzeko.
Politikan zer gustatu zaizu gehien?
Arlo politikoan bi momentu oso diferente izan ditut. Lehena, hauteskunde jakin batzuetan hautagai bezala sartu nintzen artekoa; oso herrikoa, bertakoa. Gero, lurralderako jauzia egin nuen han, GBBra, eta gero EBBn egon nintzen. Aldundirako hautagai, azkenik. Bi aroek daukate bere poza. Herrian, EGIren Beasaingo eta Goierriko taldeak dinamizatzeko lana izan nuen. Jada edadean aurrera samar nindoanean, 30 urterekin, Aitatxo esaten zidaten, adarra joz. Talde oso indartsua sortu zen Goierriko herrietan, eta Beasaingo nukleoak balio izan zuen dena indartzeko. Belaunaldi oso bat etorri zen EAJn. Harrobi lana inportantea da, baina egunerokoa da lan hori. Jende gaztea ilusioz datorrela ikustea eta taldeak sortzeko aukera izatea, poz handiz bizi izan nuen.
«Senpereko Olanotarrek Beasaindartasuna ekarri didate. Ataungo Arresek, herri txikiko ikuspegia eta esperientzia»
«Gipuzkoan bi tradizio politiko abertzale nagusiek daukagun aldentzeak nazio eraikuntza zailtzen du»
Lizarra-Garaziko talde iraunkorrean ibili zinen. Itxaropen handia piztu zen. Nola bizi izan zenuen barrutik?
Alderdi politiko batean sartutakoan, mundua alderditik ikusten duzu. Gainera, Goierrin eduki genuen egurrarekin, ideologikoki oso beligerante bihurtzen zara. Portaeretan ez, beti konpondu beharra daukazulako. Baina proiektu politikoen talka hain handia denean, dogmatikoa zara beste alderdien kontsiderazioan. Lizarra-Garazik ekarri zuen beste ideologia batzuk barrutik eta konfiantza giroan ezagutzea. Zure irakurketa aberastu egiten du horrek.
Kontestu ona izan zen, ilusio handikoa, baina eten egin zen. Norberak bere eboluzioa izan du geroz. Baina nik beti mantendu dut, gaur ere bai, mugimendu politiko eta komunitate guztiek egoera eta izaera konplexuak dauzkatela, eta irakurketa linealak eta dogmatikoak egitea oso injustua dela. EAJrekiko irakurketa hori edukitzea zilegi eta justua ez den bezala, ezker abertzalearekiko edukitzea ere ez da. Irakurketa dogmatikoek etena ekartzen dute, errealitatea beti parametro jakinetan interpretatzen duzu, eta mesfidati gainera. Gure alderdian, Joseba Egibarren ikuspegia irakurketa konplexuagoak egiteko ahalmena izan da, adostasunetara iristeko.
Lizarra-Garazik, une beltz bat gainditzearekin, errealitatea erabat aldatu zuen. Gaur egungo bake prozesua ezin liteke ulertu Lizarra-Garazirik gabe. Jende askok ikusi zuen politika beste modu batera egin zitekeela, eta aukera berri bat ekarri zuen. Momentu hartan ez zen gauzatu, baina hurrengoan bai.
Abertzaleek elkar ulertu beharra daukatela defenditu izan duzu. Paradoxikoki, Gipuzkoan dituzte liskar handienak EAJk eta ezker abertzaleak.
Ikuspegi eta diferentzia ideologikoak daude. Elementu batzuetan batasuna, ez posible bakarrik, beharrezkoa eta ezinbestekoa da. Euskararen normalizazio estrategietan eta halako nukleo gogorreko oinarrizko kontuetan ezinbestekoa dugu adostasuna lantzea. Gertatu dena da arlo sozioekonomikoan ereduak aldentzen joan direla. Nik interpretatzen dut, bere garaian Podemos sortu zenean, Espainiako estatuan oro har, ezkerraren munduan iraultza edo irakin handi bat egon zela, eta alderdi bakoitza horren inguruan kokatzen joan da. Ez ezker abertzalearen ikuspegitik bakarrik, sindikatuen ikuspegitik ere lerrokatze bat ikusi dut ezker muturreko ideologietan eta ikuspegietan. Orduan, jeltzaleok ere gure eredu sozioekonomikoaren ikuspegia landu dugun neurrian, bat-batean konturatu gara oso urrun gaudela, izugarri urrun.
Hurrengo urteetan bereziki landuko dugu hemen daukagun eredu sozioekonomikoa eta bere defentsa. Eta nola muturreko ikuspegi batek zalantzan jar dezakeen gure eredua, industriala. Epe laburretan oso zaila ikusten dut adostasunetara iristea, ezkerreko munduan markaje bat dagoelako eta horko ideologia nagusiak oso ezker muturreko ikuspegi klasikoa daukalako. Gainera, ezker abertzaleari problematikoa bihurtu zaio bere indargune nagusietako bat, gizarte antolatuarekin izan duen harremana, mantentzea. Denoi tokatzen zaigu, guri ere bai, errealitatearen iraurketa egokia egitea. Ez dut ezkutatuko EAJk herrigintzarekin eta euskalgintzarekin oso harreman problematikoa eduki duela, urte askoan. Eboluzio bat egin, eta jakin izan dugu gure burua egokitzen eta aldatzen. Denok egin beharra daukagu esfortzu hori.
Ez dirudi egoerak oso itxaropentsua.
Daukagun aldentze horrek nazio eraikuntza zailtzen du. Gure nazioak dituen erronka berriei aurre egiteko, bi tradizio politiko abertzale nagusiek distantzia hori edukitzeak izugarri zailtzen du dauzkagun lanak eta lehentasunak behar bezala enfokatzea. Eta kezkagarria da. Bilduk foru aldundian pasatu zituen lau urteetan politikagintza enfokatzeko modu bat gauzatu zuen Gipuzkoan: arerioak jada etsai bihurtu gintuzten, sistematikoki. Horrek nahastu zuen izugarri harremana, eta oraindik ez da gainditu. Objektiboki, gertakari batzuk oso larriak egon ziren. Epaitegietan daude. Eztabaida edo konfrontazio politiko bat epaitegietara joaten denean, badakizu nola hasten den baina ez nola eta noiz bukatzen den. Ikasgai bat da hori: denok ikasi behar dugu lehia politikoa arlo politikoan burutzen. Tribunaletan, bestela, eskuetatik joaten da, eta hori gertatu zaigula uste dut.
Azken agintaldia izango duzu?
Bai, azkenekoa izango dela erabaki dut.
Zer legatu utzi nahiko zenuke?
Nire kontsiderazioa ez dut sekula egin, talde bezala funtzionatu dugu. Ahalmen intelektual handiko jendea eduki dugu. Gu sistema politiko eta instituzionala garatzen joan gara, eta Gipuzkoaren erronka nagusiei aurre egiteko sistematizazio bat eta egitura bat sortu dugu. Mugarria 2017an Etorkizuna Eraikiz izan zen. 2007an hasi ginen jada aldaketak egiten eta gizartearengana gerturatzen, gobernantza kezka hartuta. Etxe barruan ere barre egiten ziguten orduan. Jada inork ez du barre egiten, ikusten delako garai berriek ezinbestekoa dutela mundu guztian egiten ari dela aldaketa politiko handi bat. Erronka eta arrisku handiak dauzkagu, besteak beste populismoarena. Sistema politiko klasikoek euren burua eraldatu behar dute, biziraun nahi baldin badute.
Argazkizalea errealitate politikoaren eszenan
Pasaian eta Beasain sorterriko plazan ekitaldi bana eginda, ordurako iritsi da Markel Olano Igartzako jauregi aurrera, komunikazio burua beste laguntzailerik gabe. Denborarekin, presarik gabe eta esatekoak pentsatzeko astia hartuta egin du elkarrizketa. Aurretik, jauregia ikusi du, diputatu modura etorritakoan inoiz izan ez duen patxadarekin behatzeko. Sotoko zurezko presaren aurkikuntza, goiko solairuko itsasontzi marrazkiak, Errotakoak… aipatu ditu. Historia maite du.
Beasainera gutxi etortzen da. Hondarribia du bizileku orain, eta Bidasoan gaindi ibiltzen da. Askotan, Hendaian. Argazkilariarekin kameraz luzaro aritu da, oraintsu erosi duela berria. Natura-argazkizale porrokatua dela dio, eta sare sozialetan jarri izan ditu; azken aldian, etxeko haurraren erretratista da. Aitatxo aspalditik zen, ordea; Goierriko EGIren garaietatik.
Politikaren gazi-gozoak ahobizarrik gabe kontatu ditu. Nahiez eta ezinez aritzeko oztoporik ez du jarri. Markel pertsona eta Olano diputatu pertsonaia ezin direla bereizi aitortu du. Politika bizigai duela, bokazioa. Hika izan da elkarrizketa.
Kargudun den 14 urteotan, gehien lehenengo agintaldian zahartu zela erantsi du. Bi gurasoak galdu zituzten 2006an, une oso latzak familian, eta diputatuaren ardura politikoa «artean dolu egoeran» hartu zuen. «Jendeak ez dit sinistuko, baina 2011n hauteskundeak galtzea niretzat liberazio pertsonal handia izan zen. Oso gogorra suertatu zitzaidan».
Bere familia osatuta, 2015-2019 agintaldia jada oso desberdina izan zuen. «Bizitza erabat aldatu zen». Politikarena lan gogorra dela ziurtatu du, baina «konpromisoa» du aurre egiteko botika. Hamabi aldiz erabili du hitza.