Karmele Plazaola urretxuarrak Haur Hezkuntzako goi mailako teknikari eta Lehen Hezkuntzako irakasle ikasketak egin zituen. Makina bat tokitan lan egin du: Arrasateko Aita Mennin, Apalategi kirol-dendan, Antzuolako enpresa batean eta hezkuntzan. La Salle-Legazpi ikastetxean hiru urte eman zituen eta Urretxu-Zumarraga ikastolan 15 ikasturte daramatza. Lurra eta Irrintzi dantza taldeetako kidea izan zen eta kirola asko gustatzen zaio. Gimnasia erritmikoa egin zuen, Urretxu-Zumarraga Ikastolaren taldean jokatu zuen eta egun Urola futbol taldeko entrenatzailea da. Beste kirol asko egiten ditu: igeriketa, frontenisa, padela, mendia…
Gustuko liburua?
Karmele Jaioren Amaren eskuak.
Pelikula edo telesail bat?
Pelikula, La vida es bella. Telesaila, berriz, La casa de papel.
Musika talde bat edo musikari bat?
Hertzainak eta Su Ta Gar.
Abesti bat?
Baldorba.
Kolore bat?
Morea.
Oporretarako toki bat?
Kantabriako edozein txoko. Aurten ez gara hara joan behar, baina aurreko bederatzi urteetan Kantabriara joan gara. Liencres ingurua zoragarria da.
Zer gosaltzen duzu?
Gozoa eta gazia, Txikik Herri txiki, infernu handi saioan esan zuen bezala: tostada gozo bat, tostada gazi bat eta kafesnea.
Zein da jaso duzun opari bereziena?
Seme-alabak, zalantzarik gabe.
Urretxun biziko ez bazina, non biziko zinateke gustura?
Alabak Londresen esateko esan dit, baina Urretxun oso ondo bizi naiz.
Urretxuko alkatea izango bazina…
Kiroldegia berritu eta handituko nuke.