Ibone Etxezarreta • Aintzane Alberdi farmazia (Zaldibia)
Sasoi honetan hainbeste ikusten den gaixotasun bati buruz hitz egitera nator, beherakoaz. Urteko beste garai batzuetan ere gertatzen den arren adierazgarriagoa da udan. Beherakoa gorozkien maiztasuna, bolumena eta biguntasuna handitzea da. Sarritan erasotzen gaituen eta gure artean arrunta den arren, bereziki bi urtetik beherako umeetan eta adinekoetan arduratzeko gaixotasuna da. Arrazoi ezberdinengatik pairatu daitekeen arren, gehienetan, kausa infekziosoa, iraupen gutxikoa eta automugatua da. Gaurkoan, gastroenteritis infekzioso akutuan eman beharreko pausoak aztertuko ditugu.
Beherakoan gure lehentasuna deshidratazioa saihestea eta zuzentzea izango litzateke, batez ere umeetan eta adinekoetan. Beraz, funtsezkoa da ondo hidratatzea likidoak eta zopak hartuaz. Bestalde, beherakoa dela eta galduriko mineralak eta gatzak farmazietan dauden hauts batzuek hartuaz berreskuratu ahalko ditugu. Hauetako sobre bat ur litro batean nahastu eta pixkanaka egun guztian zehar 1-2 litro edan behar dira, zehazki libratze bakoitzeko 200 ml likido hartu beharko lirateke. Beherakoaz gainera, botagurea baduzu likidoa pixkanaka edatea komeni da, hau da, koilarakadaka eta 3-4 minutuz behin. Janariari dagokionez, gogoaren arabera kantitate txikietan jango dugu, eta oso gozoak, koipetsuak eta zuntzean aberatsak diren jakiak saihestu behar dira. Edarien artean alkoholdunak eta hasiera batean ere esnea baztertzea gomendatzen da. Laburbilduz, orokorrean ahal den heinean edatea eta jatea derrigorrezkoa da. Honetaz gainera, jan aurretik eta ondoren eta komunera joan eta gero eskuak garbitzea funtsezkoa da.
Beherakoari aurre egiteko, geroz eta ezagunagoak diren probiotikoak hartzea onuragarria da, beherakoaren iraupena murrizten laguntzen baitute. Hauek, lactobacillus eta bifidobacterium bakteriez osaturik daude. Probiotikoen funtzioa hesteetako mikrobiotaren oreka mantentzen laguntzea da. Mikrobiotak hesteen mukosen azalera handia dela medio gure sistema immunologikoa aktibatzeko gai da, erantzun immunologiko bati hasiera emanez. Ondorioz, gizakien sistema immuneko osagaiak erlazionatuta daude hesteetako mikrobiotaren zaintzarekin.
Sintomak arintzeko
Sintomei dagokienez, hauek arintzeko badaude botikak, ez dute gaixotasuna sendatzen baina eramangarriagoa izaten laguntzen dute. Hauetako batzuk dira: loperamida, razekadotriloa, ikatz aktibatua… botika hauek errezeta gabe eros daitezke baina ongi aztertu beharko litzateke zein den aproposena eta gerora pairatu daitezkeen albo ondorioak.
Neurri hauek denak hartu eta gero 4 edo 5 egunetan beherakoa ez bada eteten, medikuarenera jo behar da. Aldiz, gaixoa adinekoa edo bi urtetik beherakoa bada lehenago joan behar da, errazago deshidratatzen baitira eta ume txikien kasuan fardela erabiltzen dutenez ez da ziur jakiten zenbat likido galtzen duten. Horrez gain, gorozkiak beltzak badira edo odola badute eta/edo sukarra, sabeleko min zorrotza eta etengabe botaka egiten ari bazara medikuarenera joatea gomendatuko nuke.