Eresti Oiarbide • Hizkuntza aholkularia
Ez nuke esango lotsatia naizenik; ez naiz jendaurrean erraz musugorritzen den horietakoa. Hainbat egoeratan, ordea, zentzurik ez duen lotsa sentimenduak harrapatzen nau. Adibide argienetako bat depilatu gabe ibiltzearena da. Hainbat lagun feministarekin behin baino gehiagotan hitz egin dut gaiaz, eta ia guztiek onartu didate antzeko sentipenak izaten dituztela. Gazteenek hanketakoa eta, batez ere, besapeetakoa gainditu dutela diote, baina bigotearena… Hori beste kontu bat da.
Musukoak dezente erraztu digu kontraesanean ez erortzea. Izan ere, hurbilekoekin egon garenean bakarrik kendu dugu, eta, jakina, egoera horietan ausartagoak gara. Baina berriro ahoa estali gabe ibiltzen hasi gara, eta kitto. Arazoa honakoa da, orain artekoa irakurri duzuenok, idatziaren aldameneko argazkia ikusi gabe ere, zalantza izpirik gabe emakumea naizela ondorioztatuko zenutela –bere horretan horrelakorik aipatu ez badut ere–.
Gizonezkoa bazara, baliteke esaten ari naizena ez ulertzea; izan ere, nerabezaroko bigote irten berri hori izan zenuenean ez bada, sekula ez zenuen horrelako sentipenik izango. Eta kontua ez da gizonezkoen begiradek bakarrik lotsarazten gaituztela, baizik eta gizartearen begiradak, orokorrean. Pentsa, gutako askok ere hobeto ikusten dugu geure burua ilerik gabe.
Zenbat aldiz entzun dugu «Ez da itxurea!» esaldia? Esate baterako, hileta batean elizara ez sartzeagatik, edo egun seinalatuetako familia bazkariren batera ez joateagatik, edota lan-elkarrizketa batera arropa zarpail samarrarekin joateagatik. Kasu horietan, ez dugu arazo handirik izaten esaten digutenari kasurik egin gabe sudurraren puntan jarritakoa egiteko. Urteko egun guztiek izena duten honetan, nire proposamena Lotsarik gabeko eguna izendatzea da, eta zentzurik gabeko lotsa honi modu kolektiboan erantzutea.