Larraitz Arratibel Gorostizu-Orkaiztegi • Olaberria
Gaztain ipurdi batetik disdira egiten zuen zeozer ikusi zuen Santos Arratibelek ehizera joan zen egun batean. Gerturatu eta berehala konturatu zen Olaberriko svastika zela. Hartu eta bere etxean, Garitain baserrian jaso zuen bertako zutabe bateko zuloan. 30 urtez ez zion inori ezertxo ere esan.
Ideologia nazionalista pil-pilean zegoen aurreko mende hasieran, eta lurralde guztian ikur nazionalistak azaltzen hasi ziren. 1914. urtean nazionalisten gaztediak euskaraz hitz egiten zutenak erdaraz hitz egiten zutenetatik bereizteko svastika insignia bezala hartzea iradoki zuen. Urteak pasa ahala hizkuntzaren irudi izatetik nazionalista sentimenduaren irudi izatera pasa zen, svastica.
Olaberrian, gaur egun udaletxean dagoen tokian, batzokia zegoen gerra aurretik, 3. solairuan bertako mastilean svastika eta ikurriña jartzen ziren. Ideologia nazionalista zuten olaberritar batzuk bertan zegoen Bujanda-Olarandarren tabernara joaten ziren maiz politikaz hitz egitera afaltzen zuten bitartean. Baina, militar frankistak Etzegaratetik barrena Ojarbitik Olaberrira sartzearekin batera svastika eta ikurriña zeuden tokia utzi eta desagertu egin ziren.
1935ean zenbait idatzi argitaratu ziren 1914an gaztedi nazionalistak hartu zuen erabakia kritikatuz, baina ordurako Hiltlerren ideologiaren indarra ikusita, svastikaren erabilera zalantzan jarri zuten nazionalistek, Euzkerea aldizkarian argitaratu zen artikulu honetan ageri den bezela.
Lauburuarekin ordezkatu
«Ez da euskalduna eta ez dugu pentsatzen euskaldunak erabili duenik orain arte. Enblema bat da, aintzinako herrialde ugaritan erabilia izan dena eta nazionalista euskaldunak erabili dutena Hitlerren faxismoaren aurretik. Azken honek bereganatu du eta zabaldu bere ikur bezala, benetako svastikaren esanahia eta historia ez dakitenen artean. Zer egingo dugu? Alde batera utzi. Eta zerekin ordezkatuko dugu, beste ikur batekin?» Eta halaxe izan zen. Gerra zibila bukatu aurretik euskal nazionalistek erabiltzen zuten svastika gaur egun ezagutzen dugun lauburuarekin ordezkatu zuten.
Svastika izena sanskritotik dator (suastika) eta benetako esanahia «zorte oneko» da: hala nola oso ondo, zoriontsu, arrakasta, zorte on, ondo joan dagizula, agur, esan nahi du. Sinbolo hau munduko kultura guztietan aurki dezakegu eta denetan esanahi positiboa du.
Utzitako tokian
1975-1976 urtean Santosek zeozer esan nahi zuela adierazi zion familiari eta iloba Gregorio Arratibeli esan zion eskua sartzeko etxeko zutabeko zulo batean, «nik utzitako tokian badago hor egon behar du» esanez. Orduan ikusi zuen familiak lehen aldiz svastika. Garitain baserrian jaso da Olaberriko historiaren parte bezala. 1930. urtekoa da.
Gerra garaian Olaberrian gertatutakoaren egia jakiteko benetako desioak memoria historikoaren proiektu honen sorrera ekarri du; min eta sufrimenduaren testigantzak jaso dira, baita barkamenekoak ere alde negatiboa lagun hartuta ibili zirenentzat, esker ona momentu zailetan lagundu zuten guztientzat ere. Inor eta ezer epaitu gabe, ez eta ere inor eta ezer kontrolatu nahi izan gabe, gorrotoa eta iguia besterik ez duelako areagotzen. Proiektu honekin, svastickak esan nahi duen bezala, zoriona eta benetako askatasuna desio da historia honetan egon ziren Olaberriko familia guztientzat.
*Aitor Urkiola Ugartemendiaren laguntzarekin osatutako testua.