Sendabelarrik erabilien eta herrikoienetako bat da intsusa. Arnas arazoetarako eta azalerako erabiltzen da.
- Izen herrikoia. Intsusa.
- Izen zientifikoa. Sambucus nigra L. (Crassulaceae).
- Ezaugarriak. Landare hau zuhaixka oso adartsua da, 6 eta 8 metro arteko luzera har dezakeena. Zuhaitz batenak bezain zurtoin gogorra dauka, eta zurtoin horrek bi azal izaten ditu: bata ikusi egiten da, eta kolore marroia du; bestea, berriz, azpialdean dago, eta berde kolorea du. Loreak, txiki zuriak, ugari izaten ditu, eta elkartuta agertzen dira lore-elkarketa zapaletan (bost lore-hosto txiki). Txikiak izateaz gain, bata bestearen ondoan jaiotzen dira, eta sorta ederra osatzen dute. Usain oso berezia daukate, urrutitik antzeman daitekeena. Adartxo bakoitzak 5-9 hosto izaten ditu, lantza formakoak eta ertzak horzdunak. Hostoak bata bestearen ondoan jaiotzen dira. Fruituak beltzak, mamitsuak eta txikiak dira, eta loraldia amaitzean agertzen zaizkio. Ukituz gero, esku guztia purpura kolorez tindatzen da. Baso ertzetan, erreka bazterretan eta bide-ertz hezeetan aurki daiteke.
- Atal erabilgarriak. Loreak eta adarren bigarren geruza erabiltzen dira gehienbat. Loreak udan bildu behar dira, fruituak uda bukaeran edo udazkenean, eta bigarren azala udazkenean.
- Propietateak eta erabilpenak. Loreen infusioa arnasbideetako arazoetarako – bronkitisa, eztula, gripea, katarroa, sukarra– eta halakoak sendatzeko erabiltzen da. Horretarako, 20-30 gramo lore ur litro batean egosi behar da, eta bost minutuz beratzen utzi. Egunean bizpahiru aldiz har daiteke. Begiak garbitzeko, konjuntibitisarentzat, bekatxoentzat… ere erabil daiteke infusioa. Aurpegia garbitzeko edo leuntzeko intsusa lurrinak har daitezke, poroak irekitzen laguntzen baitu. Azalaren bigarren geruza, berriz, ukendu moduan erabil daiteke azaleko gaitzetarako: zauriak, erredurak, kolpeak, herpesak, ospelak… Ukendua egiteko, zurtoin edo adarretako bigarren geruzaren 100 gramo olio litro batean egosi behar da, su eztian eta bizpahiru orduz. Iragazi, 100 gramo argizari bota eta dena urtzen denean poteetan sartu.
- Kontraindikazioak. Ez dira ezagutzen.