Etorri da uda, pasa da San Joan. Oraintxe urtebete su majikoaren inguruan esku-dantzan erre genituen lore eta belar zaharrak, eta saiatu ginen haiekin batera uxatzen birus eta mozorroak. Txertoekin bezalaxe, aurtengo alamartxoan bigarren dosia jarri diogu gaitzari eta tradizioaren laborategiak protokoloak ongi bideratu baldin baditu, hurrengo hilabeteetan libratuko gara maskaretatik, esku-zapietatik eta hainbat sentimenduren adierazpide-hesi diren distantzietatik. Bien bitartean, dantzari jendeok behinik behin, trikuarena egin behar izan dugu egoerari aurre egiteko. Kuzkurtu, kiribildu, ingurumariari neurria hartu, eta babestu. Baina horrek ez du esan nahi, kuzkurtuagatik, arantzei zorrotz eutsi ez diegunik.
Kiribiltzearen beharraz tamaina txikiko adierazpideak asmatu eta plazaratu behar izan ditugu iragan berri diren hilabete luze hauetan: dantza-koreografiak berrasmatu behar izan ditugu ezpata-dantzarien saldo handiak taldetxo txikietan sakabanatzeko; sokak eten ditugu nor bere urruntasunetik birtualki eta bideoen bidez elkar josten saiatzeko; hitzaldi dantzatuen moldea asmatu behar izan dugu Igartubeitia baserriko ganbara, edo Joxemari Telleriaren Nafarroa 23 bezalako zoko ezkutuetan dantzatu ahal izateko; Andramendi Ikastolako ikasleek Arteria dantza-sorkuntza proiektu saritua atera dute argitara meritu handiz; Beñat Urretabizkaia dantzariak, Pop!, bere lehen bakarkako ikuskizuna, sortzeko baliatu du abagunea; eta beste abar luze bat, bizirik dagoenak bideak bilatu eta aurkitzen dituela erakusten dutenak.
Orain, badirudi trikua deskiribildu eta xirri-xarra, zirurika, berriz ere abiatzeko moduan dela. Luzatu hatzak eta behatzak, zorroztu ezpatak, zabaldu belarriak, heldu eskutik ondokoari, bagatoz kaleak eta plazak berriz ere hartzera!