Uda beteko eguraldiarekin batera, uda giroko kontzertuen garaia iritsi da Goierrira. Pasa den asteburuan LegoReggae jaialdiak estreinatu zuen, ofizialki, denboraldiaren hasiera. Baina datozen asteetan ere, kaleko kontzertu eta emanaldi sorta izango da batean eta bestean. Pandemiak eragindako babes neurriekin egin beharko dituzte, baina iaz baino aukera zabalagoa izango da aurten.
- Goierriko Jazzaldia da hurrengo hitzordua. Gaur, No More Jazz Band eta Maria Yfeu ariko dira Ordizian, eta bihar, Alberto Artetaren Laurok taldea eta Valmuz, Araman.
- Lazkaon berriz, udako egitarauaren barruan, skate parkea bihurtuko da kaleko eskenatoki. Gaur Ainhoa Larrañaga kantaria ariko da, baina Los Cazahuates (14an), Unidad Alavesa (17an) eta Gozategi (22an) taldeak ere ariko dira.
- Urretxu-Zumarragako Gazte Asanbladak antolatuta, Txamiskuna jaialdia egingo dute bihar, Izazpiko kantxan; Billy Club, Txost!, Toc eta Rodeo taldeek joko dute.
- Legazpin, Uztakale egitarauaren barruan, Kontuz Erromeriya eta Estutu taldeen kontzertua izango da bihar, Agirre-Etxeberri parkean. Hilaren 22an, berriz, Evening Prayer taldeak Soularen Divak ikuskizuna egingo du.
- Ordiziarrockek ere bi saio berezi antolatu ditu uztailerako. 15ean Sheila Chuffy eta Eneritz Furyak ariko dira Domingo Unanue plazan. 22an, berriz, Ekirock egitamoa herrian barrena ibiliko da, Esanezin eta Aitana Cabidorekin.