Karmentxu Etxeberria, Segurako alkate ohia eta Laureano Telleriaren laguna
Zer esan dezaket bada nik Laureanori buruz? Lehenengo behintzat laguna dudala, parrokiako juntakidea, herritar peto-petoa eta segurar sutsua. Gauza asko konpartitu ditugu, bai alkate izan nintzen garaian, eta baita bestela ere. Beti izan dut gertuko, adinez ere bai, eta esango nuke artista bat dela egoerei aurre hartzen eta arazoak konponbidean jartzeko arrastoak ematen. Hau dela, bestea dela, Laureano beti erne.
Lotura lanean eta transmisioan aparta izan da Laureano. Segurako memoria historikoa da. Laureano eta Segura lotuta ikusi izan ditut beti, eta tartean, parrokia izan da zutabe nagusia. Eusten diogu parrokiako lanari, baina beti Laureano gidari, barru nahiz kanpo sortzen diren arazoak konpontzen. Korpusetako prozesioak direla, Laureano hor, ondarearen zaintza dela, Laureano hor… Eta ez dira Aste Santuetako kontuak bakarrik, gehiago ere badaude: San Nikolas, kofradiak, ermitetako ospakizunak…
Ideia oso ona iruditu zait Laureanoren memoria dokumental batean biltzea, gerorako transmisio lan hori erraztu egingo baita. Eta Laureanoren mailakoa izango ez bada ere, transmisio horri jarraipena eman behar zaio. Segura herri txikia da gauza askotan, baina nik beti esaten dut Segura handia dela eta zaindu egin behar dela. Laureanori egingo zaion esker ona ez da merezi hainbekoa izango, baina bai borondatez eta ilusio handiz egina. Laureanoren denbora oraindik ez dela agortu uste dut, eta ea denon artean indarra ematen diogun lanean jarrai dezan.