Ordiziako Kimetz Emakumeen Elkarteak 27. aldiz antolatu du idazlan laburren lehiaketa. Iker Gomez de Segurak (Ordizia, 1977) irabazi du, barruko dohain bati hautsa kenduz, euskarazko lan batekin. Aurkeztu duen testuaren inguruan mintzatu da, eta gizarteari ekarpenak egiteko lanetan zaletasuna duela ere kontatu du. Lanbidez, Tobera musika eskolako eta Ibaizabal Ikastolako zuzendaria da.
Ordiziako Kimetz Emakumeen Elkarteak antolatzen duen idazlan lehiaketan idazlan onenaren saria irabazi duzu.
Garai batean nintzenarekin elkartze moduko bat izan da. Gazteagoa nintzenean, idazteko dohaina banuen; eskolan antolatzen zituzten idazlan lehiaketetan, eskualde mailakoetan…ohikoa nintzen. Sariak ere irabazi nituen. Hor egon zen zerbait! Institutua utzi eta unibertsitate garaian, Deustuko unibertsitateak antolatzen zuen idazlan lehiaketan parte hartu nuen, eta hori ere irabazi nuen. Hori izango zen azkena, harrezkero, 25 bat urte igaroko ziren. Ez dakit oso ongi zergatik eten nuen; agian ikastetengatik, beste bide bat hartu nuelako, ez horrenbeste artea edo kazeritza edo idaztekoa dena, lanak ere, gero, harrapatzen zaituelako…
Eta horrenbeste denbora pasa eta gero, berriz ere idaztera animatu zara.
Baztertua nuen, eta ez dakit arantzatxoa ote zen edo zer, baina Kimetzek antolatzen duen lehiaketan parte hartzeko gogoa izan dut beti. Deialdia ateratzean: «Aurten animatuko al naiz?». Baina pentsatuz idazten jartzearena aspaldiko kontuak zirela, eta denbora falta zela, pasatzen uzten nuen, eta hurrengoan ere berdin, eta hurrengoan… Errealitate bat da, helduei zuzendutako errelato laburretan, Goierri mailan, deialdi garrantzitsuena dela Kimetzena. Igartza saria-edo egon daiteke, baina beste gauza bat da. Herrian bertan antolatzen den horretan nahi nuen parte hartu, herriko seme bezala.
Eta berriz ere topo egin nuen folio txuri horrekin; eta idazten eta betetzen hasi. Bazen saria testua aurkezte hutsa.
Egia da, kalitatezko ekarpen bat egin nahi nuela; egindakoarekin gustura geratu. Baina zeharo harritu nintzen saria irabazi nuela jakin nuenean. Sentimentalki, sinbolikoki, sekulako garrantzia zuen niretzat, eta saria eman zidatenean ere esan nuen, nolabait izan zela dohain bati distira ateratzea berriz.
Aurtengo edizioan idazlanen kopurua hirukoiztu-edo egin da beste urte batzuen aldean. Zer kontatzen duzu hainbesteren artean onena izateko?
Orekan iraun, oreka iraunarazi du izenburua. Ezin dut esan denik hasi, korapiloa eta bukatu, eta testu erraz eta lineal bat. Ez da, ez! Gaia ere konplexua da, apokaliptiko xamarra ere bada, ukitu beltz ilun bat badauka, eta jokatzen dut denborarekin, atzera eta aurrera flash batzuk eginez, eta horrek, uste dut trinko egiten duela testua bera.
«Nire kasuan, askatzen joan naizen korapiloek kulturaren eta hezkuntzaren inguru horretara eraman naute»
Testu apolakiptiko samarra, ukitu ilunak… Zer du barrenean?
Transfondo orokorra, sistema kapitalistaren irakurketa moduko bat izan daiteke batzuentzat; niretzat fikzio hutsa da, ez dut hortik enfokatu. Sistema kapitalistaren barruan lobby-en eta politikoen aginduetara dagoen sistema moduko bat dago, bi zutabetan lan egiten duena. Bat izango litzateke, iraunarazi beharra dago botere banaketa gaur egun ulertzen dugun bezala, boterea, dirua, negozioa… Horrela baldin badago, eutsi egin behar zaio, zeren boterea demokratizatzea ez da jasangarria, boterea gidatu behar duen jendea egon behar da, bestela, momentu horretan amaitzen delako erabakiak hartzea. Beraz, boterea, negozioa eta dirua, dauden oreka horretan mantendu beharra dago, batetik.
Eta bestetik?
Eta bestetik, munduak jasangarri izaten segitzeko, jende gehiago baldin badago, jende gehiagoren artean banatu behar da planeta, eta horrela ezin da jarraitu, gaur egungo kontsumo ereduarekin. Beraz, populazioa kontrolatu beharra sortzen da, jendea akabatu egin behar da, eta gainera, heriotza negozio izan daiteke. Bi horiek batuta, dago sistema supranazional bat, organo trafikoa erreminta bezala erabiltzen duena, edo bigdata, edo farmazeutika, edo tabakoaren industria, edo alterazio genetikoak… Horiek denak baliatzen dituzte, dirua irabazi eta heriotzak programatzeko, interesen arabera.
Sistema horretan, lan egiten duten bi protagonista daude. Elenak jasotzen du enkargu bat bere nagusiaren aldetik; bere mentore izandakoa akabatzea. Hor sortzen da dilema bat, emozioen eta sentimenduen inguruan.
Bigarren parterik izango du?
Auskalo! Baina momentu honetan ez, ez naiz jarri, eta ez dut ezer buruan. Nahiko nuke esan, horren atzean gehiago ere badagoela eta jarriko naizela berriz. Baina helburua bat nuen, bete dut, eta esandakoa, oraintxe bertan horretarako premiarik ere ez dut sentitzen. Intruso bat izanaren sentsazioa ere badaukat; idazlea ez naizelako, ez naiz nabil hortan profesionalki.
Musika eta hezkuntza arloa da zurea.
Zegamako Tobera musika eskolan zuzendari segitzen dut, eta Durangoko Ibaizabal ikastolan zuzendaria ere banaiz. Nire kasuan, askatzen joan naizen korapilek kulturaren eta hezkuntzaren inguru horretara eraman naute. Gizarte eraldaketa maila desberdinetatik plantea daiteke; nik erabaki dut horra orientatzea maila kulturaletik, musikaletik eta edukatibotik, eta uste dut, denetan egin daitekeela sekulako lana eraldaketa horren mesedetan.
Eta zu horretan ari zara.
Kulturalki adibidez ze premia dugun, eta azken urte eta erdian zer esanik ez! Berriro talde bateko partaide sentitzeko, komunitate bateko pertenentzia sentsazioa hori eraiki edo berreraikitzeko, eta hori, kulturaren tradizioaren bitartez egin daitekeela eta sekulako ekarpen aberatsa egin diezaiokegula uste dut. Eta Hezkuntza, etorkizuneko belaunaldiak, konpetentzia eta balore batzuekin hezteko. Eta musikan ere berdin. Egia da, gizarteari ekarpen bat egiteko lanetan aritzeko zaletasuna izan dudala, eta nire jarduerak, ildo horretatik joan direla.
Benetan betetzen zaituena, hori da?
Agian batzuetan izan nahiko nuke gauza ukigarriagoetan ibiltzen den norbait, baina azkenean, ez dakit den buruak edo bihotzak, edo egoerak edo zer, horretara eraman naute beti.