Anaitz Goiak, Joseba Telleriak eta Mikel Gartziandiak Segurako memoria historiko herrikoia jaso dute Laureano Telleria ardatz hartuta: herriko txoko ezberdinen historia, ohiturak, anekdotak… gorde dituzte ‘Iragana orain, oraina gero’ proiektuaren baitan. Bildutako oritzapenekin ordubeteko dokumentala landu dute eta herriari eskainiko diote hilaren 22an, elizan. «Herriarentzako proiektu bat da». Segurako Udalari emango diote ondoren, iragana etorkizunerako gordeta gera dadin.
Garunak milioika gigatako edukiera du. Bizi osoko oroitzapenak, anekdotak eta jakinduria pilatu ditzake. Baina informazioa galkorra da. «Belaunaldiz belaunaldi, beti doa jakinduria galtzen. Jasotzen ez den guztia galdu egiten da. Hori horrela da», hitz egin du Joseba Telleriak. Laureano Telleriaren (Segura, 1935) semea da. Aitak Alejandriako liburutegi txiki baten pareko garuna du, hamaika istorio eta historirekin. Tira, Alejandriakoa baino, Segurakoa hobe esanda. Laureanok Segurako artxibozainak bezainbeste kontu zahar ditu gordeta. Laureano, baina, adinean gora doa. Alejandriako liburutegiaren patua ekidin eta hiru segurarrek bere memoria gorde dute, berandu baino lehen. Joseba Telleria da bat; Mikel Gartziandia eta Anaitz Goia dira beste biak.
2015ean ekin zioten lanari. «Ni orduan Londresen bizi nintzen. Hango jende batekin Segurara etorri eta Laureanori eliza erakusteko eskatu genion», azaldu du Goiak, proiektuaren sustatzaileak. Telleriak eskainitako informazio guztiarekin liluratuta gelditu zen. Informazio hori guztia, ordea, behar bezala gordeta ez zegoela ikusi zuen, eta bi laguni proposamena egin zien. «Egia da elkarrizketa asko eman dituela eta toki askotan gordeta egongo zirela guk gorde ditugun gauza asko. Baina dakien dena modu global batean gordetzea inportantea iruditzen zitzaidan. Anaitzek proposamena egin zidanean, ondo legokeela iruditu zitzaidan», dio Gartziandiak. «Nik ez nekien zertan sartzen nintzen, baina denak ezagunak zirenez eta Seguragatik jakin-min pixka bat ere banuenez, hasi egin nintzen. Hasi, hasi… eta ez nuen espero horrenbeste grabaketa ordu egiten amaituko genuenik. Inondik ere. Sekula horrelakorik egin gabe. Baina izan da zerbait oso naturala. Ez gara behartuta ibili», gaineratu du. «Nik nabarmenduko nukeena da herri mailan nahikoa aktiboak izan garela orokorrean herriaren alde. Naturaltasunez abiatu da dena», osatu du Goiak. «Udalak galdetu zigun ea dirurik- edo behar genuen egiteko, eta ezetz esan genion. Erritmoak guk markatu nahi genituen eta gure proiektua izatea nahi genuen. Autofinantzatutako zerbait izan zen. Dokumentalerako udalak bai lagundu digula».
Iragana orain, oraina gero jarri diote izena proiektuari. «Iragana orain. Iraganaz dakiguna eskuratu, berreskuratu, eta gaur egunera ekarri; Oraina gero. Orain dakiguna gure ondorengoei pasa diezaiogun», diote protagonistek. «Bi helburu ditu lan honek: alde batetik, proiektu hau planteatu genuen Laureano Tellerian oinarrituta bere jakinduria gordetzeko proiektu bezala. Baina gero, artxibo baten helburua etorkizunekoa da beti. Gu hemen ez gaudenean jende horrek ikusi ahal izatea eta erabili ahal izatea», zehaztu du proiektuaren sustatzaileak.
Dokumentala, erakusleihoa
Telleria da protagonista nagusia, baina beste herritar batzuek ere parte hartu dutela azpimarratu dute. Zortzi atalez osatuta dago: Segurako eliza; Segurako elizako anekdotak eta konparaketak; Aste Santua; Segura: Beheko Errebale, Unzurrunzaga, Lardizabal, Goiko Errebale; Segura: Erdiko Kalea; Kale Nagusia; Goiko Portala; Pedrone; San Andres; eta Aspilla. «Segura herriko leku esanguratsuenetako anekdota, ohitura eta pasadizoak gorde dira artxiboan. Beti ere, Laureano Telleria eta bere jakituria ardatz hartuta». «Oso oso altxor inportantea da. Laureanok dauka herriari buruzko informazio pila bat: historikoa, anekdotariok… era guztietakoak. Nahiz eta guztia ez dagoen jasota, behintzat jaso dena oso garrantzitsua dela uste dut. Eta hor gelditzen da, aurrerako. Eta norbaitek sakondu nahi badu, oinarria hor du», nabarmendu du Telleria semeak.
«Gero zer pasatzen da? Azkenean, zuk memoria historikoa artxibo batean gordetzen duzunean ez da horren ikusgarria. Ikusten genuen ondo egongo litzatekeela zerbait kontsumigarriagoa egitea. Hortik atera zen dokumentalaren ideia. Baina hori bigarren fase batean», gaineratu du Goiak. Izan ere, bildutako informazio guztiarekin dokumental bat ere egin dute. «Azkenerako informazio asko da, modu entretenigarrian eta zuzenean kontatuta».
«Dokumentala ordubete ingurukoa gelditu da, baina kanpoan gelditu dena ere pila bat izan da. Artxibo pila bat dira, datu pila bat… galbahe lana egin behar izan dugu», esan du Gartziandiak. 25 bat ordu zituzten grabatuta denera, baina ordubetera murriztu dute. «Inor ez gara profesionalak honetan, baina gure medioekin eta ahal genuenarekin, gogoarekin ekin diogu lanari».
Egindakoren emaitza herritarrei erakutsi nahi diete eta dokumentala hamabost egun barru estreinatuko dute, uztailaren 22an, Segurako elizan. «Seguran izan daitekeen eszenariorik egokiena da. Bera [Laureano Telleria] eliz ondoko etxe batean jaio zen eta eliz ondoko etxe batean bizi da. Dudarik gabe lekurik aproposena da», arrazoitu du bere semeak. «Laureano herri guztia da, baina elizari denbora asko eskaini dio». Gainera, edukiera aldetik lekurik egokiena da. «Gure aitak beti aipatzen du Segurako eliza Gipuzkoako laugarren handiena dela. Behin Oñatitik etorri omen ziren neurtzera, haiek zalantza zutela eta. Bosgarren gelditu ziren oñatiarrak». «Semea ere aitaren pare, anekdotekin», xaxatu du Goiak. Amaitzeko udalari kopia bat emango diote artxiboan gorde dezaten. «Herriarentzako proiektu bat da», diote.
Gertuko pertsona herritarrentzat
Josebarentzat zer esanik ez, baina Goiarentzat eta Gartziandiarentzat ere gertukoa da Telleria. «Laureano oso gertukoa sentitu dugu herritar askok eta norbait kanpotik etorritakoan ‘Laureano, erakutsi al diguk?’, eta ‘Goazen kanpandorrea edo eliza ikustera’. Oso praktika ohikoa izan da Segura mailan. Nire jakin-mina hortik hasi zen», kontatu du Goiak. Argi dago Telleria segurar maitatua dela. Burua argi du eta historia kontatzeko erraztasuna du.
Segurarrak historia-zaleak ere badira, orokorrean. Telleria ez da bakarra. «Beti dago norbait, gehiago edo gutxiago, interesa agertzen duena. Nik zenbait gazteengan ere jasotzen dut kuriositate hori», dio Telleria semeak. «Segura, gainera, nahiko herri bizia da eta badago konexio bat izan ginenarekiko eta izango garenarekiko. Badago gogo hori gordetzekoa. Agian Segurak nahikoa historia potentea duelako», azaldu du Goiak. «Seguran horrelako proiektu gehiago ere egin dira. Gerrako emakumeen dokumentaltxo bat egin zen, esaterako. Eta gero, nik gaur egun ere ikusten dut formatu erakargarriagotan egiteko aukerek jende gehiago erakartzen dutela», gaineratu du.
Iragana, oraina, geroa
‘Iragana orain, oraina gero’ proiektuak bi atal ditu. Aurrenekoan Segurako historia eta anekdotak dokumentu batean jaso dituzte; bigarrengoan dokumental bat hondu dute jasotakoarekin.
- Aurrekariak. ‘Iragana orain, oraina gero’ proiektua 2015ean hasi zen ondorengo helburuarekin: Segurako memoria historikoa gordetzea ikus-entzunezko formatuetan artxibo-digital bat sortuz. Seguran hain ezaguna den Laureano Telleriaren pertsonaian zentratu da memoria historikoaren bilketa, baina beste herritar batzuek ere parte hartu dute proiektu honetan.
- Proiektua. Segurako leku esanguratsuenetako anekdota, ohitura eta pasadizo gordetzen dira artxiboan. Honako atalez osatuta dago: Segurako eliza; Segurako elizako anekdotak eta konparaketak; Aste Santua; Segura I; Segura II; Pedrone; San Andres; Aspilla.
«Segura asko aldatu da urte gutxian. Laureano tarte hortan dago»
Segurak aldaketa handia izan du urte gutxitan; eta aldaketa handia izango du, garapena etengabea delako. «Belaunaldi bakarrean, industrializazioarekin, erabat landa eremua izatetik eremu hiritarragoa izatea pasa da, horrek dakarren guztiarekin. Eta Laureano denbora tarte horretan dago kokatuta»,adierazi du Joseba Telleriak, Laureanoren semeak. Gaur egun, segurar gehiengoak bigarren sektorean egiten du lan, industria munduan.
Bizimodua aldatu ahala, jakinduria ere egokitzen joan da. «Gure etxea baino beheraxeago ate baten bazter batean zulo bat dago. Zulo hori egunero ikusi dut, baina zer zen ez dut sekula jakin izan. Proiektuan zehar jakin dut zulo hori etxeko katuek sartu eta irten egiteko zela», kontatu du Mikel Gartziandiak. «Gainera, zuloak tamaina jakin bat du, katua umea egiteko zegoenean ezin atera ahal izateko». Lanketa ikasteko ere balio izan dietela azpimarratu dute hirurek.
Herriak izandako garapenak ere harritu ditu gazteak: «Ni harritu ninduen garai batean zenbat txokolategi zeuden herrian», dio Gartziandiak. «Ofizio pila bat, orain ez daudenak», erantzun, Goiak. «Bera [Laureano Telleria] umea zela bi txokolate fabrika zeudela kontatzen du. Eta biztanleria oraingo antzekoa, beti 1.500 inguru. Bi txokolategi, zapategiak, tabernak ez dakit zenbat…», osatu du Josebak.
«Mugikortasuna ere izugarri aldatu da», jarraitu du Goiak zerrendatzen. «Lehen bizitza herrikoa zen eta kaskotik aparte zegoen bizilekuren bat urruti zen».
«Askotan artxibo historikoak edo iragana datuetan oinarritzen dira batez ere. Zer egin zen noiz eta nola. Baina guk bai eman diogula anekdoten kutsu hori. Askotan, baita ere, zer izan ginen ulertzeko anekdotek zeresan handia dute», dio Goiak. Segura historia handiko herria izan arren kontu txikiagoei erreparatu diete. Txikiagoak izan arren garrantzi handikoak baitira horiek ere.
Karmentxu Etxeberria: Laureanori, esker onez