Xegun Altolagirre • Gidoigilea eta sortzailea
Uda seme-alabekin ‘zer egin’ asmatu ezin dugun garaia da. Udalekuak, aitona-amonekin bidali… inori ez zaio okurritzen urtean zehar bizitzeko dugun abiadak uzten ez digun harremanak estutzeko garaia izan daitekeenik, edo bai, denori agian, baina bizimoduak ez digu gehiegi ahalbidetzen.
…
Uztaileko egun eguzkitsuaz gozatzen ari zen eta, bide batez, haurrak hankartean bueltaka izan gabe etxeari errepasotxo bat ematen. Zazpi urte azpiko bi munstro txiki gobernatzea ez zen nolanahiko lana. Txikiagoak zirenean pozik eta jolasean eutsi zitezkeen hesitura baten barruan lorategian, baina zazpi urte beste kontu bat zen.
Bezperako gosari, bazkari eta afariko ontziak zain zeuden harrikoa nork egin. Harrikoa, harrikoa… gorroto zuen harrikoa, ontzi garbigailua erosiko zuen hartarako dirua oporretarako gordetzea erabaki izan ez balute. Ontzien erdiak dominatu zituenean, aurretik prestatu zuen kafe katilua hartu eta hari zurrut egin zion, baina bat batean odola izozten zitzaiola nabaritu zuen. Ez zen izu oihurik egon, zeruak ez zuen ekaitz itxurarik hartu, baina bere zentzumen guztiak dar-dar egin zuten kolpean. Etxe atzeko lorategian bake gehiegi zegoen, isiltasun gehiegi. Ez zegoen garrasirik, barrerik, eztabaidarik… eta hori ez zen seinale ona. Berak jakitea nahi ez zuten zerbaitetan zebiltzan. Seguru.
Katilua erortzen utzi eta korrika egin zuen jauzi leiho aldera kanpora begiratzeko. Hantxe zeuden. Arnasa estutu zitzaion, lorategira ematen zuen atera abiatu zen salto brinkoan, parez pare ireki eta eskuekin airea paretik kendu nahian agudoago joateko edo, alto eman nahian. Bere oihua auzo osoan entzun zen. «Geldi zaudeten lekuan, ezta zirkinik mugitu ere!» Haurrak izoztu egin ziren. Aho zabalik. Behiak larretik begiratzen duten moduan.
Lorategian sartu zen, oinutsik, erdi biluzik, ez zuen nahi ezer eta inor izutuaraztea eta ondorioz kaosa sortzea. Astronautek ilargian pausoak ematen dituzten erritmoan gerturatu zen. Haurrak igota zeuden zuhaitzera gerturatu zen, txikienari lepoan lotuta zuen soka elastikoa askatu zion.
Hezitzaile izan nahi zuen, ahots leunez baina amorruaren dardaraz galdetu zien. «Azalpenik? Ze asmo?» Nagusienak, erdi negarrez erantzun zion. «Puenting egin nahi genuen, baina sokak gerrialdean lotzeko ematen ez zuenez, ba…» «Eta beraz lepotik lotu duzu… eta salto egitera zihoan, ezta?» Seme nagusiak baietsi egin zuen buruarekin ezetz adierazten zuen bitartean. «Eta ez zaizu okurritu anaia akabatzera zindoazela?». «Keba! Koldar xamarra irten zaigu txikia, ez zen salto egitea atrebitzen», bota zuen anaia nagusiak.
Ontzi garbigailua erosi zuen. Hurrengoan lan bakarra hauxe izango zen: ontziak ontzi garbigailuan oilasko sexu-bereizle baten zehaztasunarekin tetris prefektua osatuz sartu, botoia sakatu eta seme-alabekin zer egin asmatzea.