Ataungo Aia auzoa da antzinako ohiturak eta usadioak mantentzen dituen Goierriko gordailu handienetakoa, auzo txikia eta aldaketa gutxi jasan duena izaki. Elizaren inguruko Santa Barbara Ermandadea elkargoa indarrean dute oraindik, eta ia beste leku guztietan galdu den tradizio bati eusten dio: Aiako herria alde guztietatik babesteko urtean behin gailurretan gurutzeak jartzea.
Aiako zaharrenek ere betidanik ezagutu izan dute, euren aurrekoengandik. Ehun urtetik gora aise ditu, beraz. Lehengo zapatuan egin zuten gurutzeak jartzeko bira mendiz mendi, nahiz eta Santa Barbara Pazkotik 47 egunera den (berrogeialdia gehi zortziurrena).
Santa Barbara Ermandadearen osaera da zahartasunaren seinale bat: maiordomo batek eta lau laguntzailek osatzen dute «komixioa». Urterik urte aldatzen dituzte karguak, ermandadeko kide diren baserriak txandatuz. Eremuka banatuta daukate Aiako herria. Gaur egun 14-15 etxe dira, lehendik oso gutxituta, baserriak hustu edo elizaren ingurutik urrundu diren heinean.
Maiordomoa da buru, eta hari dagokio zurezko gurutze txikiak egitea edo eskuratzea. Aurten Praixkoeneko Josune Arratibelek bete du kargua, eta hurrena Txuloko Jose Manuel Begiristainek hartuko du maiordomotza. Komisioko kideak, berriz, Joxean Agirre (Erroiondo), Juan Agirre (Arbileta), Juan Zeberio (Olatza) eta Jose Manuel Begiristain (Txuloa) izan dira.
Sinismenagatik baino gehiago, ohitura zaharrari eusteagatik dihardute gaur egun. Antton Etxebeste apaizarekin, eta ohitura zaharren eusle den Kaxetako Migel Mari Jauregi bide erakusle zela, larunbat goizean kokatu zituzten gurutze berriak. Bazkaria egin zuten gero; hori ere ohitura da. Lehen-lehenago, Kaxetan izaten zen oturuntza, eta suziriak botata abisatzen zuten iritsiera.
Bost lekutan, elorrietan zintzilik
Bost gurutze txiki jarri ohi dituzte, Aia inguratzen duten gailurretan edo tokietan. Elorri zuhaixketan zintzilikatu ohi dituzte; ez badago, haritzetan. Maomendira joan, eta Belatzako mailoan ipintzen dute estreinakoa, Maillagaiñe esaten dioten tokian. Gero, Agautz azpian, Joxemielen Txabola artzain txabolan (lehen Sotxota txabola) ere bai, eta hamaiketakoa egiten dute. Aspaldi, zaldiekin ibiltzen ziren; orain autoan gerturatzen dira.
Lizadi gainean uzten dute hirugarren gurutzea, Urkillaga gainean laugarrena (lehen ez zen han jartzen), eta Erroi harunzkaldeko barrenean azkena. Garai batean, Haitzarri gainean ere bai. Auzoaren buelta osoan jarrita, Aiako herria «babestea» da sinismen zaharra: sute, tximista eta espiritu txarrak uxatzeko. Ataunen beste auzoetan eta herri gehiagotan ere egiten zen lehen, baina Aian bakarrik mantentzen dute bizirik.