Marian Arratibel • Gerriko liburudenda (Lazkao)
Udako opor egunetan plan ederra izaten da liburu on bat irakurtzeko astia hartzea, gauden tokian gaudela. Ohi bezala, urte sasoi honetan ere, ugariak dira liburuetan jaso ditugun nobedadeak, euskaraz zein gazteleraz.
Irakurle gazteenentzat betiko bildumetan titulu berriak iritsi dira. Manga estiloko komikiak ere asko saltzen dira eta youtuberren liburuak ere bai. Hala ere, bertako idazleen lau izenburu azpimarratuko nituzke: 8-10 urtekoentzat, Ibon Martinen Onin bildumako Mitologiaren lurraldean; 10-12 urtekoentzat Amaia Telleria idiazabaldarraren eta Laida Ruiz lazkaotarraren Zuhara, itsasoaren deia; 12-16 urtekoentzat Enara Garmendiaren Etxetik Ameriketara. Horiez gain, beste lau titulu gehiago ere bai: Irati Garmendia goierritarraren Xomorro lapurra, Miren Agur Meaberen Itsasoaren atea, Yolanda Larreategiren Gurasoak tokatzen zaizkit eta Kris Marquez, Maite Maiza eta Mikel Etxaberen Canoso.
Helduetan ere irakurgai ederrak ditugu. Goizane Aizpuruaren Izarak, Alberto Ladronen Mendekuaren hazia, Tene Mujika Saria irabazi duen Jon AlonsorenNaparra eta Juan Luis Landaren Orreagako historia kontatzen duen Errolanen elezaharra nabarmenduko nituzke euskarazkoetan.
Gaztelerazkoetan, azkenik, Maria Dueñasen Sira, Cristina Cerveraren El invencible verano de Liliana, Najat El Hachmi Buhhuren El lunes nos querran, Ibon Martinen La hora de las gaviotas, Mikel Santiagoren El mentiroso eta En plena noche.
Osasunari begirako bi aipamenekin bukatuko nahiko nuke: Libe Garateren Har 3 minutu zuretzako eta Tom Grangerren Dibuja y respira.