Nora Tobar (Ataun, 2000) Txindoki atletismo taldeko atleta gaztea kirol ibilbide oso oparo egiten ari da. Lehiatu den maila guztietan errekorrak birrindu eta dominak lortu ditu. Aurten Espainiako txapelketan nagusien mailan debutatu eta urrea kolkoratu du. Europako txapelketan ere izan da. Gorako jauzian etorkizun handiko atleta da.
Dendoraldi oso ona egin duzu aurten. Ze balorazio egiten duzu?
Denboraldi hasieran esango balidate aurtengo denboraldian zehar lortuko nuena, ez nuke sinistuko. Baina bai, gauzak oso ondo joan dira, eta oso pozik nago.
Gainera ez da edonolako urtea izan, osasun larrialdia dela, konfinamendua dela… Nola moldatu zara?
Ondo moldatu naiz eta hor daude emaitzak. Konfinamendu garai bete-betean ezin izan nuen alderdi teknikoa egoera normalean bezala landu, baina lan fisikoa egiteko ez nuen arazorik izan, beraz ez zitzaidan hain zaila egin forma mantentzea. Uste dut zortea izan dudala, nahiko inguru lasaian bizi naizelako, eta ez pisu itxi batean. Horrek aukera eman dit lanean jarraitzeko.
Paraje zoragarriz inguratuta bizi zara, entrenatzeko ere ederra. Etxe inguruan entrenatzen duzunean, nora gustatzen zaizu joatea?
Ergoienako plazatik gora, mendi aldera joaten naiz korrikan. Askotan joaten naiz, oso gustuko dut, zoragarria baita, eta hori aprobetxatu egin behar da. Eta gainera, alde fisikoa entrenatzeko eremu oso ona da. Baita indarra lantzeko ere, aldapan gora eta behera ibiltzea ondo datorkit.
Alderdi teknikoa lantzeko, berriz, Ordiziako Altamira estadiora joaten naiz. Astean bi-hiru saio egiten ditut han.
Entrenamenduak nola antolatzen dituzu? Norbait duzu laguntzen?
Momentu honetan nire kasa ari naiz, nik neuk antolatzen ditut lan saioak, eta beti sentsazioak bilatzen eta gorputzak eskatzen didana egiten, edo zer eskatzen didan entzun eta horren arabera antolatzen naiz, eta nahiko txukun doakidala ematen du.
«Honaino iritsita, berriro sasoian jarri eta lortutako marka baino gorago heltzea da orain dudan erronka»
Urte asko dira atletismoan hasi zinela. Hori izan zen zure lehen aukera?
Ia ume guztiak bezala, eskola kirolean hasi nintzen, eta kirol desberdinak probatzeko aukera izan nuen: futbola, saskibaloia, eskubaloia, atletismoa ere bai… Denbora pasa ahala konturatu nintzen, atletismoa bai, gustuko nuela, baina frontoia ere asko gustatzen zitzaidala, bai esku pilotan, bai palaz. Esku pilotan Gipuzkoako txapeldun ere atera nintzen. Kontua da, gerora atletismoari ordu gehiago eskaintzen hasi nintzela. Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak irabazten hasi nintzen eta esango nuke, hortik aurrera, atletismoagatik egin nuela aukera.
Gorako jauzian hasieratik?
Atletismoan hasi eta duela hiru urte arte, heptatlon probetan aritu naiz. Heptatlona proba konbinatua da, pista eta zelaiko zazpi probaz osatzen da: 100 metroko hesiak, altuera jauzia–zazpi modalitateen artean ondoen moldatzen nintzena– pisu jaurtiketa, 200 metroko lasterketa, luzera jauzia, xabalina jaurtiketa eta 800 metroko lasterketa. Horretan ibili nintzenean emaitza politak lortu nituen, estatu mailan ondo ibili naiz, urtero podiumetara igoz. Eta duela hiru urte-edo, ikusten nuenez altuera jauzian gaitasunak banituela, horretara jarri nintzen buru-belarri, ikusi nahi nuelako noraino hel nintekeen.
Goierrin ez zaudete gorako jauzian aritzen zareten atleta asko, ala?
Ez, egia esan ez. Ez Goierrin eta ez beste toki batzuetan. Jende gutxi gaude.
Apustua egin, eta irabazi. Asmatu zenuela, alegia, eta hortaz jabetzeko, zure garaipen zerrenda begiratzea baino ez dago.
Bai, oso gustura nabil, pixkanaka ari naiz eskua hartzen, gauzak hobetzen, nahiz eta oraindik ikasteko asko dudan, baina hori ez da txarra, hobetzeko tartea badudala esan nahi duelako.
Garaipen zerrendaz hasi garela, lehiatu zaren kategoria guztietan lortu duzu beste atleta batzuk aurretik ezarritako errekorrak birrintzea, podiumera igotzeko faboritoen artean egon zara beti eta domina ugari lortu dituzu. Aurten Espainiako txapelketan nagusi mailan debutatu duzu eta urrezko domina zurea izan da, Europako txapelketan ere lehiatu zara…
Bai, denboraldia oso ondo joan da. Hasieran esan dudan moduan, denboraldi hasieran ez nuke horrelakorik sinistuko. Orain nahi dudana da orain arteko maila mantentzea, eta nabilen bezalaxe gustura segitzea nabilen hontan. Eta emaitzak ateratzen badira, askoz hobeto!
Hurrengo erronka zein izango da?
Nire marka hobetzea. Nerjan, 23 urtez azpiko Espainiako txapelketan, 1.84 metroko jauzia egitea lortu nuen. Sentsazioak ordea ez ziren guztiz onak izan, hau da, geratu zitzaidan sentipena badaukala gehiago hobetzea. Honaino iritsita, orain erronka da, berriro sasoian jarri eta hori baino gorago heltzea.
Denboraldiko azkena, Europako txapelketan debuta izan da, Tallinen, Estonian. Joan aurretik adierazi zenuen helburua gozatzea zela. Finalera ez zinen iritsi, 16. geratu zinen. Lortutako postua espero zenuen ala zapore gazi-gozoa utzi dizu?
Lehen aldia zen niretzat eta ilusioz beteta joan nintzen, Europako txapelketa bat hitz handiak dira; esperientzia bizitzeko aukera izate hutsak ilusionatzen ninduen. Baina nahiz eta fisikoki oso ondo nengoen, denboraldiko puntu onenetakoan, gauzak ez ziren atera. Arrazoi teknikoengatik ez ziren atera. Horrek, noski, zapore gazi-gozoa uzten du, baina behintzat txapelketa ezagutu dut, eta hurrengo urterako ilusioz betetzeko eta gogoa hartzeko balio izan dit.
Hurrengoan ez duzula barkatuko…
Hori da!
Atletismoan, beste kiroletan bezala, maila horretan lehiatzeak hainbat sakrifizio egitea ere eskatzen du.
Tentazio handienetako bat lagunekin parranda egitea da. Aurten,oso gutxi egin ditut edo ia bat ere ez egia esan, baina merezi du! Bestalde, eskolan nahiko ondo moldatzen naiz. Magisteritza ari naiz ikasten, eta ondo uztartzen ditut biak; atletismoa nahi dudan mailan aurrera eramatea posible dut.
Lagunak aipatu dituzu, eta parrandan ez bada ere, gainontzean ondoan dituzu, eta horren erakusle da, Tallinera joan aurretik Ataunen egin zizuten agurra. Egun horretarako prestatu zuten pankarta ere oraindik herriaren sarreran dago zintzilik. Zer sentitzen duzu horrelakoetan?
Badakit haien babes osoa dudala, asko animatzen naute, eta horrek indar handia ematen dit.
Pertsona zorrotza, exijentea eta perfekzionista dirudizu, ala definitzen zara?
Eta kaskagogorra ere bai!
Jarritako helburuak lortzen ez direnean, nola ematen zaio buelta?
Momentuan zaila izaten da, baina egun batzuk pasatzen direnean, eta hasierako beroaldia baretzen denean, gertatutakoa hausnartzen dut. Europako Txapelketan adibidez, 1,76 metroko jauzia baino gehiago egiteko moduan nengoen fisikoki. Gertutakoa hausnartzean, konturatzen naiz, nahiz eta orain ez den atera, hori baino askoz ere gehiago egin dezakedala, eta benetan sinistu egin dezakedala gainera. Horrela, nire burua lasaitu eta berriro gogoz betetzen naiz.
Ilusioa berreskuratzean, zerekin egiten duzu amets?
Munduko Txapelketa batera iristearekin.
Eta Olinpiar jokoak?
Hori ametsa bai, baina oraindik urruti ikusten dut.
Erronkak, helburuak, ametsak… badauzkazu, baina oporraldia ere ondo merezitakoa duzu. Nola igaroko duzu oporraldia?
Tallinen esan nuen handik bueltan geldi egongo nitzela, deskantsatu egingo nuela, baina gaur arte, hiru aldiz mendira korrika egitera joan naiz. Esan bai esan nuen, baina ez dut geldirik egoteko balio. Presiorik gabe, eta lasaigo, baina guztiz gelditu gabe ibiliko naiz, ez bainaiz geldi egotekoa.