Mikel Insaustik (Beasain, 1998) arroila-jaitsieren inguruko informazioarekin topo egin zuen udako plan ezberdin baten bila zebilela. Duela 5 urte probatu zuen kirol hori lehenengo aldiz Huescako Sierra de Guaran, eta orain bere kabuz ere aritzen da Euskal Herri inguruan.
Hasieran monitoreekin ibili zinen arren, azkenaldian bakarrik joaten zara.
Huesca inguruan monitoreen laguntzarekin bizpahiru arroila-jaitsiera egin ondoren, lehenengo mailako ikastaroa egitea pentsatu genuen lagun batzuk, hiru egun irauten dituena. Bertan, pixkanaka, arroila-jaitsierak gure kabuz egiten ikasi genuen, baina Barrancos y cañones de Euskal Herria liburua topatu genuenean hasi ginen ikasitakoak gauzatzen. Liburu honetan Euskal Herriko 85 arroila-jaitsierari buruzko informazioa aurki daiteke.
Xauxarcanyon izeneko Instagram kontu bat ere badaukazu, beste hainbat lagunekin batera.
Instagramen arroila-jaitsieren kontu asko daudela ikusi genuenean, gure taldearen kontua sortzea erabaki genuen. Gure jaitsieretan GoPro-arekin grabatzen genituen bideoak editatu, eta bertara igotzea interesgarria eta entretenigarria iruditu zitzaigun. Ez da oso ohikoa kirol hau egitea, eta baliteke jendeak gehiegi ez ezagutzea, baina gure bideoak eta argazkiak ikusi ondoren, interesa piztu zaion jende asko ezagutu dugu, eta hasieran taldea lauzpabost lagunek osatzen genuen arren, orain 8 gara guztira.
Zein ingurutan ibiltzen zarete?
Euskal Herrian mugitzen gara normalean. Goierrin ez dago aukera handirik, Ataungo Akerreta arroila eta Zaldibiako Osinberdeko arroila ditugu soilik. Normalean Nafarroa aldera jotzen dugu, bertan Artazul eta Diablozulo arroila famatuak baitaude. Bizkaia eta Araba aldean ere egin ditugu hainbat jaitsiera, baina uda partean Euskal Herriko arroila gehienek ur gutxi izaten dutenez, azken aldian Pirinio aldera jotzen dugu, bertan ur askodun arroilak aurki ditzakegulako, eta maila ere handiagoa da.
Zer da kirol honetatik gehien gustatzen zaizuna?
Arroila bakoitza ezberdina da, eta denek dute berezitasunen bat. Zalantzarik gabe gehien gustatzen zaidana arroila-jaitsierari esker topatu ditugun lekuak dira. Leku hauetara kirol hau praktikatuz soilik irits daiteke, eta sekulakoak diren tokiak aurkitzen ditugu honi esker.