Edurne Sanchez Lansalot • Ediren bidaiak (Ordizia)
Bidaiatzeko gogoarekin gaude, baina oraindik ere, COVID-19ak erabat baldintzatuta bizi garen garai honetan, ez da batere erraza bidaiatzea, ez dago batere segurtasunik. Herrialde bakoitzak bere arauak ditu eta egun batetik beste aldatzen dituzte. Bestetik, oraindik ere noiznahi kutsatuak izan gaitezke edo berrogeialdiak egin behar ditugu. Dena den, txertoak hartuta izatea eta Pasaporte Berdea edo COVID Pasaportea eskuan izateak, edo PCR proba egiteak, ate gehiago zabalduko dizkigu, nahiz eta oraindik beldurra badagoen. Beraz, maskararekin eta hidrogelarekin batera, Pasaporte Berdea beti gainean eraman beharko dugu.
Egia da iaz baino bidaiatzeko aukera gehiago dagoela, Europan bidaiatu daiteke (txertatuta), baina AEBak, Asiako herrialde asko edo Afrika itxita daude. Hegaldietan aldaketa ugari izaten ari da eta gure lana, askotan, egitearekin batera desegitea ere izaten da. Beraz, lehenengo aholkua da, herrialde bakoitzeko baldintzak eta arauak ondo aztertzea.
Testuinguru horretan, hegaldiak saihestu eta penintsulan geratuko dira goierritarrik gehienak, hegaldirik hartu beharrik gabe, segurtasun eza handiago dagoelako. Balear irletako agerraldiek jendea atzeratu dute eta Kanariar Uharteak oso garesti daude. Beraz, Jaca jende askok aukeratu du eta horretaz gain, Costa Brava, Tarragona, Andaluzia eta Valentzia.
Urrutirago joan nahi dutenek, eta COVID-19aren aurkako txertorik eskatzen ez dutenez, Atlantikoaz beste aldean, Kosta Rica, Errepublika Dominikarra eta Mexiko daude aukeran. Momentuz ez dute PCRrik eta txertorik eskatzen. Hori bai, etxera itzultzeko, PCRa egin beharko da. Hegaldietan inolako arazorik ez izateko, FFP2 motako maskara eramatea ere gomendatuko nuke, gehienetan, kirurgikoa eramatea nahiakoa bada ere.
COVID asegurua
Bidaiarekin arazorik izan ez dezagun, COVID asegurua kontratatzea da aukera; gainerako aseguruak baino garestiagoa da, baina bidaiaren %100 estaliko du. Eta azkeneko gomendioa: konfiantzazko bidaia agentziara joatea, beharra izanez gero, arazoak konpontzeko bermea ematen dutelako.