Bi serie: Generation eta Elite, biak aurreko hilekoak eta biak gazteen ingurukoak, baina perspektiba eta egiteko modu ezberdinekin. Generation 19 urteko Zelda Barnz-ek sortu zuen HBO-rentzat, bere aiten laguntzarekin. Orain arteko gazteen inguruko fikzioei falta zaien ikuspuntua dauka, gazte batena. Hortaz, badakigu istorioa gaur egungo errealitatean oinarrituta dagoela, eta ez idazlearen gaztetako ametsen idealizazio batean, Elite-ren kasuan gertatzen den bezala.
Telesail honetatik gehien gustatu zaidana gazteen errepresentazioa da, normatibotik haragokoa, bi pertsonaia soilik dira zuriak, ia denak queerrak dira. Hori gutxi balitz, antsietatea, trauma eta antzeko beste hainbat arazo azaltzen dira modu osasuntsu eta naturalean. Elite-n, ordea, aurkakoa gertatzen da, behin baino gehiagotan kritikatu da estereotipoetan soilik oinarritutako familia musulman bat eta bikote gay bat erabiltzeagatik, errealitatea murrizteagatik.
Horrez gain, Generation-en azaltzen diren aktoreak helduak badira ere, ez dute heldu itxurarik; eta edertasun kanonak betetzen ez dituztenez, oraindik sinesgarriago egiten du istorioa. Elite eta antzekoetan, aldiz, pertsonaia perfektuak eta gainsexualizatuak sortzen dituzte, ikusle gazteenen artean espektatiba irrealak eta autoestimu arazoak sortuz.
Generation-en ahotsa galdu egin da Elite eta antzeko guztien oihartzunarekin, nahiz eta azken horiek min besterik ez egin. Horregatik nabarmendu nahi dut serie berri hau, eta benetako aukera bat eskaini. Gazteok gure narratiba kontrolatu behar dugu, gehiegitan izan baikara beste batzuen filmetako gaiztoa, arduragabea edo arazo guztien epizentroa.