Oharra: Artikulu hau idatzi ondoren jakin dugu Olinpiar Jokoetara joan zen lehen goierritarra Antonio Juantegi futbolari zumarragarra izan zela 1924an Parisen.
Gertaera garrantzitsua izan ohi da lau urtean behin Olinpiar Jokoen iritsiera. Tokion gaur hasiko dira 2020koak, COVID-19aren pandemiak urtebete atzeraraziak. Aro berriko 32. Jokoak izango dira, eta 205 estatutako 11.025 kirolarik parte hartuko dute, 33 kiroletan. Tartean, bi goierritarrek: Gorka eta Ion Izagirre txirrindulari ormaiztegiarrek.
Goierrik presentzia edukiko duen 9. Olinpiar Jokoak izango dira Tokiokoak. Aitzindaria Juan Jose Moral Arnaiz txirrindularia izan zen, Montrealgo 1976ko Jokoetan. Espainiako errepideko lauko taldean lehiatu zen, eta 33. helmugaratu zen. Ramon Mendiburu zen hautatzaile. Moral Villamayor de los Montes herrian (Burgos, Espainia) jaio zen 1951n, eta 14 urterekin Legazpira etorri zen lanera. Patricio Etxeberriako lana utzi egin zuen, ordea, bizikletan lehiatzeko.
18 urterekin hasi zen txirrinduan. Afizionatuetan ondo ibili zen, eta Sobiet Batasuneko eta bloke komunistako Bakearen Lasterketan etapa bat ere irabazi zuen, 1975ean Gera hirian (Ekialdeko Alemania). Baina profesionaletara igarotzekotan zela, taldea atera ez, eta utzi egin zuen. Zumarragako Eitzaga auzoan bizi da gaur egun.
Harrezkero, Los Angeles 1984, Seul 1988, Bartzelona 1992, Atlanta 1996, Sidney 2000, Atenas 2004 eta Rio 2016 Jokoetan izan dira goierritarrak edo Goierrin jaiotako kirolariak. Denera 10 kirolari goierritar izan dira olinpiarrak –Tokion estreinakoz izango den Gorka Izagirre ere zenbatuta–, eta 13 partaidetza pilatzen dituzte denen artean.
Bost kiroletan aritu dira: gehien txirrindularitzan (bost kirolari), eta hurrena eskubaloian (2), futbolean, igeriketan eta errugbian bana. Zortzi gizonezko eta bi emakumezko dira. Lorpenak ere badituzte: 3 domina eta bi olinpiar diploma. Orain hurrena, Ion Izagirrek lortu zuen diploma Rio Janeiron, erlojupeko proban. Aurten helburu hori darama Tokiora. Harri Garmendia igerilariak, bestetik, 200 metro tximeletan Euskal Herriko errekorra jarri zuen Los Angelesen, aurten arte iraun duena.
Goierri Jokoetan
Eskualdean jaiotako kirolariek Joko Olinpikoetan izan dituzten partaidetzak, aritu diren diziplinak eta lortutako dominak.
Goierritarrak Olinpiar Jokoetan
- Ion Izagirre Intsausti. Rio 2016, Tokio 2020. Txirrindularitza. Ormaiztegi, 1989.
- Gorka Izagirre Intsausti. Tokio 2020. Txirrindularitza. Ormaiztegi, 1987.
- Amaia Erbina Araña. Rio 2016. Errugbia. Ordizia, 1997.
- Susana Fraile Zelaia. Atenas 2004. Eskubaloia. Zumarraga, 1978.
- Iñaki Urdangarin Liebaert. Bartzelona 1992, Atlanta 1996, Sidney 2000. Eskubaloia. 2 brontze. Zumarraga, 1968.
- Jokin Mujika Aranburu. Atlanta 1996. Txirrindularitza. Itsasondo, 1962.
- Mikel Lasa Goikoetxea. Bartzelona 1992. Futbola. Urrea. Legorreta, 1971.
- Xabier Aldanondo Luzuriaga. Seul 1988. Txirrindularitza. Segura, 1967.
- Harri Garmendia Aiertza. Los Angeles 1984. Igeriketa. Ordizia, 1966.
- Juan Jose Moral Arnaiz. Montreal 1976. Txirrindularitza. Burgos, 1951 > Legazpi.
Tokio 2020 goierritarrak
- Gorka eta Ion Izagirre, errepideko txirrindularitza: uztailak 24, 04:00-11:15 (EHn).
- Ion Izagirre, erlojupeko txirrindularitza: uztailak 28, 03:30-10:40.