Ekaitz Goikoetxea Asurabarrenak (Beasain, 1980) agorraldia izan zuen duela urte batzuk. Idazteari utzi zion ia denboraldi batez. Halere, bizipenek ureztatu egin dituzte bere ideiak. Udaldia aprobetxatzen du urtean zehar buruan izan dituen ideiak findu eta paperera eramateko.
Sortzaileek oporrik izaten duzue?
Oporrak hartzea eskertzen dut. Ikasturtean zehar aritzen naiz buru-belarri ikasleei laguntzen, irakurtzen dudan asko da nire lanari lotutakoa da, sortzen dudana ere bai… Orduan, ez dut denborarik izaten gauzak libreki egiteko. Udaldia aprobetxatzen dut idazteko, sortzeko eta gustatzen zaidan hori egiteko. Egia da etengabe izaten ditudala ideiak buruan. Baina bi hilabete hauek aprobetxatzen ditut urtean zehar ibili ditudan ideia horiek ordenatzeko edo papereratzeko.
Ez al da presio bat denbora mugatua izatea?
Zorionez, beste ogibide bat daukat. Ez daukat presiorik, ez daukadalako sortzeko derrigortasunik. Egiten dut gustuz, barruak eskatzen didalako. Beharbada, uda batean bi bertso sorta eta beste zerbait sortuko dut, eta hurrengo uda batean, saiatu arren, ez zait ezer aterako. Oso naturalki hartzen dut hori, badakidalako sormen kontuak nola diren.
Zerk inspiratzen zaitu?
Nik sortzen dut ibilian eta buruan. Nire lan egiteko modua mendian da askotan, ibilian noala. Ideiak etortzen zaizkit: bertso bukaerak, bertso zatiak… ikusten dudanean lau edo bost bertso itxurazko dauzkadala sinisten dut hor zerbait dagoela eta jarri egiten naiz. Baina jarri hutsetik, ez dut egiten.
Buruan gordetzea arriskutsua da.
Ahazteko arriskua dago, jakina. Baina ahazten baldin bazait erabiltzen dudan buelta da oso onak ez ziren seinale. Ez dakit arrazoia edo aitzakia den, baina tira. Buruan hainbeste erabiltzearen ondorioz eusten diet; eta ikusten dudanean merezi duela, buruan denbora asko daramadanean iltzatuta, jartzen naiz ordenagailuan; orraztu, hitz bat aldatu, buelta eman… horrelakoa da nire sortze-prozesua.
Sortze prozesua noizbait bukatzen da?
Nire sortze-prozesuan bi garai egon ziren: bat, 23 urte arte. Eta hor asko idatzi nuen, eta gai ezberdinen inguruan. Baina konturatu nintzen agortuta nengoela, ari nintzela idazten inertziaz. Ikusten nuen ez nuela aparteko zeresanik eta ez nuela aurkitzen gairik aurretik jorratu ez nuenik. Nire buruari esan nion behartuta aritzeko ez zuela merezi, eta idazteari utzi egin nion. Horrela hamabi-hamahiru urte egon nintzen, gutxi idatziz. Eta ez nuen ezer aurkeztu inora. Eta horrelako batean sartu nintzen beste bizimodu batean. Ordura arte ikaslea nintzen, baina lanean hasi nintzen, beste ardura batzuk, ikasketa buru ere izan nintzen… hor beste bizipen batzuk bizitzea egokitu zitzaidan. Asko ikasi nuen, asko aberastu ninduen eta asko ikusi nuen. Eta hor zeresana sortu zitzaidan, gai ezberdinen inguruan: bullyinga, etxegabetzeak, emakumeen aurkako bortizkeria, etorkinak, transexualitatea, suizidioa… inguruan tokatu zitzaizkidan. Baina zortzi bertso baino gehiago idaztea kosta egiten zait. Eta noiz bukatzen den? Ni oso zorrotza naiz nire buruarekin. Agian ideia buruan darabilkidanetik azkeneko puntua jartzen dudanerako bi hilabete pasa daitezke.
Berriz ere agortuko zaren beldurrik ez duzu?
Askotan berritzen zaidan sentsazioa da. Baina ideiak etortzen zaizkit, eta urtean pare bat bertso-sorta idatzi izan ditut. Eta beste diziplina batzuk ere jorratu ditut. Gustatzen zait tarteka beste probatura batzuk egitea, ondo pasatzeko.
«Iruditzen zait erakundeen aldetik foku handiagoa jarri beharko litzatekeela zabalkundean»
«Inoiz esan didate ea zergatik ez dudan zerbait luzeagoa idazten. Ez dut ikusten nire burua hor. Ez naiz arnas luzekoa»
Badago probatu ez duzun baina egingo zenukeen zerbait?
Gustura nago. Orain dela hamar urte esango balidate horrenbeste arte diziplina nahastuko nituenik nekez sinistuko nuke. Askotan sormena bakarkako lana da, baina Josu Maroto marrazkilariarekin Balio erantzia proiektua martxan daukat, Kimua Dantza Kolektiboko lagunekin GenEroa herriz herri dabil, nire letrak Kai Etxanizek, Xabier Crehuetek, Huntzak… abesten dituzte. Inoiz esan didate ea zergatik ez dudan zerbait luzeagoa idazten. Ez dut ikusten nire burua hor. Beti ohitu naiz neurri txikietan; eta hasi eta bukatu: bertsoak, aforismoak… Ez naiz arnas luzekoa. Gainera, jendeari gustatzen zaio nola idazten dudan. Sariak hor daude; ez dut probaturatan ibili nahi. Igual, gustatuko litzaidake grafitilariren batekin elkarlanean aritzea. Zergatik ez? Irudia eta hitza. Paretaren bat apaintzea.
Sariek zer esanahi dute?
Sariak dira zerbaiten ondorio: ongi egindako lan baten ondorio, norbaiti zure lana gustatu izanaren ondorio… benetako saria hori da, norbaiti gustatzea zuk sortutakoa. Ni horrekin geratzen naiz.
Zergatik aurkezten zara sariketetara?
Nire buruari askotan galdetzen diot. Sariagatik baino, sormen lana ezagutzera emateko bide bakarra dela ikusten dudalako gaur egun, tamalez. Beste bide batzuk baleude ez nintzateke aurkeztuko sariketetara, seguruenik. Iruditzen zait erakundeen aldetik foku handiagoa jarri beharko litzatekeela zabalkundean.
Gazteekin egiten duzu lan, euskara irakaslea zarelako. Nola ikusten dituzu gazteen hizkuntza ohiturak?
Beasaingo institutuan beasaindarrak eta Goierriko herri txikietatik etortzen direnak ditugu. Euskaraz bizi-bizi eta natural egiten dute, zorionez, oro har. Iruditzen zait pribilegiozko ingurune batean bizi garela; eta iruditzen zait, zentzu horretan, gure ikasle beasaindarrak oso zorionekoak direla, herri txikietako ikasleekin elkartzen direlako: beraien arteko harremanak, ia erabat, euskara hutsekoak dira; beasaindarrak elkarren artean bakarrik arituko balira, ez lirateke hain nabarmenak izango. Baina kalitatean, nolako euskara hortan, indar egin beharko genukeela. Goierri batean gutxienekotzat jo beharko genuke euskaraz egitea. Orain eragin beharko genukeena da hizkuntzaren kalitatean.
Eta euskarazko edukiak kontsumitzen dituzte?
Aisialdian jotzen dute/dugu telebistara, Netflixera, Internetera… eta hor euskarak ia-ia ez du presentziarik.
Eta bertsoak? Poesia?
Batzuk aritzen dira, baina gutxiengoak. Jaiotzen garenetik lehena kontsumitzen duguna poesia da: aho korapiloak, kantuak… gero irakurtzen ikasten dugu, eta gero idazten. Eta idazten hasten garenean ipuinak idazten ditugu, ez poesia. Ohitura galtzen dugu eta urrutikoak bihurtzen zaizkigu.