Bidaia zalea naiz, zinez. Urrutira joateko grina izaten dut sarri, hegazkinean geroz eta ordu gehiago eta hobe. Askotan pentsatu izan dut nire bidaiatu behar honen arrazoia zein ote den. Agian etxean nire tokirik aurkitzen ez nuelako, egunerokoak itota urrutira joanda arazoak ahaztuko zaizkidalakoan edo… Pandemia honek ordu eta egun asko bakarrik egotera behartu nau. Eta honek, hausnartzera, nire barnera begiratzera, askotan barruak nahastu beharrean baikaude zuzendu nahi bada. Askok galdetu didate ea nora noan aurtengoan oporretan. Egia esan, ezer asko antolatu gabe dominatu dugu uztaila. Modu askotako turismoak daude, aberatsena, diru asko gastatuz luxuzko hotel batean (nahiz eta luxu hitza subjetiboa izan…), Pirinio aldean furgonetan beste batzuk, kostaldeko apartamenturen batean… Eta nik, beste bat gehitu nahi nioke, etxean lo egitearena bertako turismoa eginez. Ez dago zertan oporrak izateko etxetik kanpo lo egin beharrik. Lagunekin Beundetik Allartera ibilaldi bat egin ondoren Otzaurteko bentan haragi egosi pintxoa jan, Demetriok parrillan egindako txuleta afaldu, Gabiriako kuneta bazterrean jarri eta rallya ikusi, gau giro ederrean terraza batean gintonik bat hartu, Lareora igo, petrilean eseri eta ikusmiran egon, amarekin Zeraingo Mandion afari mokadu bat egin eta hainbeste denboran ezkutuan izan diren kontzertu eta antzerkiez gozatu. Eta ni, eman eta jasotzeko prest. Kontzertuak ikusiz eta antzerkiak eginez. Geurea defendatu eta zabalduz, haria eten ez dadin. Ondorengoak ere, herria zaindu eta herriaz harro egon daitezen.
Zori onekoa izan nintzen duela 31 urte Goierrin, Ataunen sortu izanagatik eta zorioneko sentitzen naiz maite ditudan pertsonekin paraje eder hauetan bizitzaz gozatzeko aukera dudalako. Nireak luxuzko oporrak izaten ari dira, kostu baxukoak baina balio handikoak. Diru askorik ez izan arren, aberats sentitzen naiz.