Aurkezpenik ez du behar Lazkaoko Maizpide euskaltegi eta barnetegiak, azken hamarkadetan euskalduntze-alfabetatze lanetan Euskal Herri osoan ezinbesteko erreferentzia bilakatu den egoitzak. Aita Beneditarren inguruan sortutako egitasmoa izaki, haiek bizi ziren komentutik gertu eraiki zuten 1988an, Lazkaon. Eraikinaren izena ondoan zegoen baserri zaharretik hartu zuen.
Izen garbia da Maizpide, Maizerako bidea. Ez du dudarik sortzen, bide zahar baten ondoan zegoelako gainera, gaur egun oraindik ere zati handi batean ikus daitekeena, kanposantu azpitik Iztueta etxeetara, hain zuzen. Izen garbia izateaz gain, izen zaharra dela ondorioztatu liteke agiri zaharretara jo gabe. Izan ere, baserria eta ingurua izen horrekin ezagutzen hasi zirenean (XVII. mendean Maizpide izeneko baserria izan ezik, auzoa ere bazen) garbi dago Lazkaomendi izena ez zela erabiltzen. Bestela, *Lazkaomendibide izena beharko zukeen. Garai hartan, hortaz, Lazkaomendira ez, Maizera joaten zen bide hartatik.
Maiz izena duten baserri zaharrak lau behintzat badira Sanjoantxiki ermitaren inguruan: Maizberri, Maizgoena, Maizaundia eta Itxurrene (Maiz-Izurrena). Denen artean, bidezkoa den bezala, Maiz auzoa osatuko zuketen. Hortaz, ez dirudi zaila Maizpide izenaren zergatia azaltzea. Beste kontu bat da Maiz izena bera nondik datorren antzematea. Itxura batean, izen patronimiko bat da, Azeariz, Lopiz, Ruiz, Saiz eta abar diren bezala. Akaso, Manzio edo Manzo izeneko baten ondorengoek sortutako bizigunea izan zitekeen, Alfonso Irigoieni jarraituz, azken honek Meiz patronimikoa jaso baitzuen bere lanetan. Ezbairik gabe, gehiago aztertu eta sakondu beharko da izen horren atzean zer dagoen jakiteko.
Lazkaomendi, Lazkaon bertan
Gai honek, baina, beste batera garamatza. Zergatik esaten da gaur egun Lazkaomendi auzoa eta ez Maiz auzoa, logikak eskatzen duen bezala? Ez baita ohikoa udalerriaren barnean dagoen entitate bat (mendia, auzoa…) udalerriaren izena aurretik duela eratzea. Ez ote da udalerritik kanpoko bizilagunek sortutakoa izango, Legazpibaso (zeraindarrek eta zegamarrek Legazpin dagoen basoa izendatzeko sortua), Antzuolabaso (legazpiarrek Antzuolan dagoen basoa izendatzeko), Arabako mendiak (oñatiarrek Araba aldera dauden mendiak izendatzeko) eta abar bezala?
Jakina da Lazkaoko hainbat baserri Ordiziari lotuta egon zirela ia 250 urtez, haiek hala eskatuta, hiribilduaren babesa nahi zutelako. Horien artean zeuden Maiz auzuneko hiru baserri eta Iztueta biak. Pentsa liteke, hori dela eta, Lazkaon zeuden baserri multzoarentzat ordiziarrek Lazkaomendi izena sortzea, administrazio eta eguneroko kontuetarako. Ez ote dago horrelako zerbait izen horren atzean?