Antton Fernandez Lasa • Dantzaria
Txupinazorik edota txosna gunerik gabeko ez-festen aroan, ez dizuet hitz egingo igaro berri behar zukeen Ordiziako Santa Anetako gazte egunari buruz, eta, zorionez, ez zait covid sindemiaren bueltako intzidentzia tasa adin taldeka ikertzen hasi beharrik egokitu (zer nolako zenbaki dantza azkenaldian).
Euskal tradizioa eraldatuz sortutako ikuskizun bat gomendatu asmo dizuet gaur: Gazte. Uztailean estreinatu dute Oinkari dantza taldeak eta Hika Teatroak elkarrekin osatu duten hirugarren ikusgarri hau; 16-24 urte arteko hamar dantzari ditu protagonista, eta saxofoi jotzaile eta disko jartzaile gazte bana.
Dagoeneko dastatu dugun lagun ez hain gazteoi errebeldea iruditu zaigu; ausarta, freskoa, lotsagabea… Koreografia ederrak eskaintzeaz gain, dantzariek mikro aurrean norbere gaztetasunaz hizketan jarduten dute, heldukeriaz ahotsa bahitu samar diegun garai honetan. Ondorioz, indar nabarmena dauka emankizunak hasieratik. Horrez gain, badu gogoetarako patxada handiagoa ematen duen tarte motelagorik ere, eta bukaerari buruzko spoilerrik ez dizuet hemen egingo.
Abuztuan Gipuzkoako beste herriren batean harrapatzen ez baduzue, irailaren 3an, ostiralarekin, iritsiko da lehen aldiz Goierrira, oker handirik ezean; Ordiziara, hain zuzen ere. Apunta ezazue, beraz, ondo zuen mugikorretan edo paperezko agendetan, eta instagram zaleak bazarete, kuxkuxea ezazue artistek ikuskizun honen berri emateko sortu duten gaztebaietz kontua. Emanaldiak guri adinako gozatua eta gaztetua eragin diezazkizuela!