Txiki-txikitan murgildu zen antzerkia munduan Ana Alonso (Beasain, 1977). Duela lau urte, Takolo pailazo ezagunarekin bikote artistikoa osatu eta Pololo pailazoari bizia eman zion. Pailazo lanaz, pertsonaia berri baten sorkuntzaz eta antzerkiaz mintzatu da luze eta zabal.
Duela lau urte hasi zinen Pololo pailazoaren rolean. Nolatan?
Beasaingo Igartza auzoko Loinaz festen antolakuntzan lan egiten dute nire familiako kide ugarik, eta bazekiten aspaldi-aspalditik ezagutzen nuela Agustin Mujika Takolo pailazoa… 16 urte Zaldibian egin nituen, eta han ezagutu nuen, eta duela lau urte, Igartzako festetarako haurrentzako ikuskizun bat egitera animatuko ote zen galdetzeko eskatu zidaten. Takolorekin hitz egin nuen, eta hark bazekienez antzerkian ibilitakoa nintzela, baldintza bat jarri zuen; nik ere ikuskizunean parte hartzea. Aurretik ere hainbat ikuskizunetan elkarrekin lan eginda geunden, ederki pasatzen genuen oholtza gainean, eta beraz, ez nuen zalantzarik izan, eta baietz erantzun nion.
Hor sortu zen Pololo?
Bai, hala da! Aurretik ere batera hainbat ikuzkizun eginak baginen ere, zerbait berria ekarri nahi genuen Igartzako festetara, hala, hortxe hasi ginen, Takolo eta Pololo bezala.
Nola hartu zintuzten publikoak?
Oso ongi! Haurrak adi-adi hasieratik bukaerara, eta gurasoak ere antzera, beraz gu ere oso gustura. Oso ongi egituratutako ikuskizuna zen; aspaldiko pailazoen edo hobe esanda clown ikuskizunen modukoa zen. Kontakizun nagusi bat zuen, baina sketch desberdinekin osatzen zen. Simon sabeliztunaren laguntza ere izan genuen.
Eta horren adierazle, oraindik ere Takolo eta Pololo batera ari direla…
Urte hartan, Igartzako festetako emankizuna egin ostean, beste proposamen batzuk jaso genituen, Euskaraldian parte hartzekoa adibidez. Horrez gain, Mozanbikeko Bilene-Macia barrutian, Goierriko mediku talde bat, Zaldibiako Indarra, Dolle, Kallpa gobernuz kanpoko erakundea eta NerGroup garatzen ari ziren Nwina pediatria eta erizaintza proiektuari laguntzeko elkartasun jaialdia egin genuen, Goierriko hainbat eskoletako ikasleen eta nire antzerki ikasleen laguntzarekin. Lau emankizun antolatu genituen Goierrin: Ordizian, Lazkaon, Zaldibian, eta Beasainen. 2020 urtean izan zen hori, martxo eta apiril bitartean egiteko. Ordiziako emanaldia egin ahal izan genuen, baina ondoren COVID-19aren osasun larrialdia hasi eta ezin izan genituen emanaldi gehiago egin. Beasaingo festetan ere egin genuen zerbait…
Nolakoa da pertsonaia berri bati bizitza emateko prozesua?
Lehenik eta behin, izena zein izango zen erabaki genuen. Takolo izenarekin ondo ematen zuen izena behar zuen izan, belarrira ondo ematen zuen bat, eta gainera nirekin, nire izaerarekin bat zetorrena, ni irudikatzen ninduena,…
Donejakue bidea egiten ari nintzela zin egin nion nire buruari handik bueltan berriro antzerkian hasiko nintzela
Poxpolo pentsatu genuen lehenik, pertsona oso mugitua bainaiz; jende gutxik ezagutzen nau Ana Alonso bezala, jende gehienarentzat Anita dinamita naiz. Beraz, ondo zetorkidan Poxpolo, baina buelta batzuk gehiago eman, eta azkenean, Pololo izena aukeratu genuen, ondoren, nola jantzi ere pentsatu behar genuelako, eta Pololok, bidea pixka bat errazten zigun hortan; pololoak eramango baitzituen jantzita. Beraz perfektua zen!
Pertsonaiaren itxura osatzeko, aurpegia nola margotuko nuen pentsatu genuen. Margotzeko moduak ezin du konplikatua izan, kontutan izan behar da, batzuetan emanaldien aurretik ez dela denbora asko izaten. Beste gauza bat ere kontutan izan behar da, aurpegiko margoak beti berdina izan behar duela. Denborarekin gauzatxoren bat alda daiteke, baina jendeak pertsonaia identifikatzeko komeni da beti berdina izatea.
Izena eta itxura pentsatuta, izaera, ahotsa… aldez aurretik pentsatzen dira?
Bai, noski! Aldez aurretik lotzen da guztia; mugitzeko modua, hitz-egiteko modua, ahotsa… Pertsonaiaren ezaugarriak zehazterakoan, oso kontutan izan behar da, emanaldi oso bat –ordubetetik gorakoa izan daiteke– pertsonaia hori izango zarela, horregatik haren mugitzeko eta hitz egiteko moduak, besteak beste, emanaldiak iraun bitartean erraz egiteko modukoak izan behar direla, gorputzeko minez edo ahotsik gabe ez baduzu bukatu nahi behintzat! Esperientziak ere erakusten du hori. Eta aipatutako guztiaz gain, pertsonaiaren magia sentitzea.
Magia, sudur gorriek dutena?
Egia da sudur gorriek badutela nolabaiteko magia; sudurrean ipini eta beste batean bihurtzen zarela. Mundua ikusteko modua ere aldatzen da, bizitza kolorez betetzen da… Horregatik beti diot, inork ikusten ez zaituenean jarri behar dela.
Emanaldietara bueltatuz, irailerako ere bazenuten zerbait prestatuta, ala?
Bai, baina osasun larrialdia dela eta, festak bertan behera geratu dira eta prestatuta genuen emankizuna ere ez dugu egingo. Pena da, baina gauzak horrela dira momentu honetan.
Azkeneko urte hauetan Takolorekin egindako lanaz gain, clown lanetan ere aritua zara?
Bai, zerbait bai! Clown formakuntzak eginak nituen, eta Hondarribiako Blankotxo pailazoarekin ere aritu nintzen aspaldi.
Gainontzean, antzerkian ibilia zara eta antzerki irakasle lanetan zabiltza.
Txiki-txikitatik ibili naiz antzerkian. Ondoren, denbora batean utzi nuen baina duela hamar bat urte, Donejakue bidea egiten ari nintzela, handik bueltan berriro antzerkian hasiko nintzela zin egin nion nire buruari. Bidaiaren bueltan, Binahi antzerki eskolan hasi nintzen, Donostian, Marga Altolagirrerekin. Han bukatu eta gutxira, antzerki laborategi bat ireki zuen Altolagirrek eta bertatik ere pasa nintzen.
Antzerki talde bat ere sortu genuen Beasainen, Hijos de Martin y Loinaz goiburupean, Gorka Zubeldia eta Imanol Aristirekin batera. Ondoren, iritsi zitzaidan Beasaingo Udaletik haurrentzako antzerki tailerrak emateko proposamena.
Bizitza antzerkiari lotua. Zer du antzerkiak zuretzat?
Guztiz betetzen nau, eta gainera, bizitzan oso erabilgarri diren erremintak eskaintzen ditu; lotsak kentzeko, jendaurrean hitz egiten ikasteko,…Jende guztiari gomendatuko nioke probatzea