Hurritzaren edo beste zuhaitz mota baten azalarekin egiten zituzten euskal artzainek musika-tresna oinarrizko batzuk: sunprinuak edo suprinuak, tronpeta ere deitua. Aralarren, nafar aldeko artzainek erabili zituzten azkena, XX. mendearen erdi aldera. Baina Pirinio osoan egiten eta erabiltzen zituzten sunprinuak, edo mota berekoak.
Euskal Herrian, Juan Mari Beltran adituak ikertu eta berreskuratu du sunprinua. Haizezko edo aerofono euskal musika-tresnen sailean sailkatu du, oboearen familian. Artzain zaharrei galdezka, nola egiten zituzten jaso zuen. Artzainek erabiltzen baitzuten, eta udaberrian bakarrik: hurritza ebaki, labanarekin sugea bezala ebaki, eta azala kentzen zioten zurari, zinta luze bat sortzeko. Hura kiribilduta sortzen zuten sunprinua, dultzainaren forma koniko eta luzexka emanda.
Oinarri-oinarrizkoa
Bi zulo izaten zituen hatzentzat, eta hiru nota bakarrik jo zitezkeen. Iraupena oso laburra zuen, gai galgarria izanik: bizpahiru hilabete gutxi-asko, harik eta azala lehortzen den arte. Arruntenak hurritzezkoak baziren ere, lizarra, elorria, urkia edo gaztainondoa ere erabiltzen zuten. Uretan gorde behar da, lehortuz gero ez baitu hotsik ateratzen.
Oboearen aurrekaritzat jotzen dute etnologoek. Hala, mihi bikotza du. Zuraren azal-zintarekin berarekin egiten zuten mihia, eta berehala hondatzen zenez, material berdinarekin egiten zioten ordezko pita edo pipitte.
1936ko gerra aurretxora arte jotzen zuten euskal mendietan –tartean Aralarren– sunprinua. Larraun bailarakoak ziren azken jotzaileak. Beltranen artxiboan soinu-erregistroak ere entzun litezke. Soinu sarkorra du sunprinuak, alboka baten erakoa, eta arabiar gaita baten antza ere badu. Mendian 4-5 kilometrotik entzun zitekeen.