Karmele Diez Aranburuk (Beasain, 1995) belarritako eta poltsak sortu eta saltzen ditu Lachula izenpean. Eskuz egindako pieza hauek produktu hutsalak izatetik harago eraman nahi izan ditu, pieza bakoitzarekin istorio bat kontatuz.
Nondik datorkizu eskulanekiko zaletasun hau?
Betidanik gustatu izan zaizkit eskulanak, sormenarekin zerikusia duten zaletasunak. Ikusmira handiko pertsona naiz, aitarengandik datorkidala esango nuke, eta horrelaxe hasi genuen ideia hau. Buztinarekin eta erretxinarekin esperimentatzen hasi ginen, eta azkenean buruan nituen piezak egitea lortu nuen, belarritakoak batik bat. Hasieran oparitu egiten nituen arren, nire ingurukoek bultzatuta Instagram kontua irekitzera ausartu nintzen azkenean.
‘Lachula’ proiektua duzu eskuartean. Zer da bertan saltzen duzuna?
Eskuz egindako poltsak eta belarritakoak saltzen ditut. Belarritakoak nire gustu eta ideien arabera sortzen ditudan arren, poltsak enkarguz egitea gustatuko litzaidake; hau da, erosleak eta nik hitz egindako eta adostutako ideia bateratu bat, bien arteko zerbait.
Eta zergatik izen hori?
Uste dut marka bati izena jartzerakoan bi gauza garrantzitsu daudela; alde batetik memorizatzeko erraza izatea, eta beste aldetik indarra edukitzea. Nire lagun batek horrela deitzen ninduen aspalditik, eta oso identifikatuta sentitzen nintzen honekin. Azken aldian ahotik kendu ezin dudan hitz bat ere bada, jendeari modu maitagarrian deitzeko erabiltzen dudana. Honen inguruan hausnartzen hasi nintzenean, izen paregabea iruditu zitzaidan proiekturako.
Zure Instagram kontuan, produktuak erakusteaz gain, argi ikusten da garrantzi handia ematen diezula argazki zein testuei.
Proiektuarekin hasteko pausua eman nuenean, hasierako momentutik argi izan nuen nire edukia zaindu nahi nuela, eta honen atzean dagoen lana nire argazkien bidez irudikatuko nuela. Irudiari garrantzia ematen diot, baina aldi berean aberasgarria iruditzen zait irudi hauei laguntzen dieten testuak sortu eta hauen bidez istorioak kontatzea. Azken finean, sortzen dudan produktu orok nire zati bat darama, eta interesgarria iruditu zitzaidan hau idatziz agertzea.
Zuk idazten dituzu?
Testuak nire lagun oso berezi batek idazten ditu normalean. Barruan ditudan gauza asko berarekin partekatu ohi ditut, magia asko du eta oso ongi adierazten ditu sentimenduak. Ez da testuak idatzi dituen pertsona bakarra, izan ere nire ingurukoa den edonor ongi etorria izango da proiektu honetara. Zorionekoa da inguruan hain jende zoragarria izatea.
Instagram: @_____lachula_____