Garatxoak eta gogortasunak kentzeko erabili ohi da, zurtoinak isurtzen duen izerdi edo latex horia erabiliz.
- Izen herrikoia. Iodo-belarra.
- Izen zientifikoa. Chelidonium majus L. (Papaveraceae).
- Ezaugarriak. Enara belarra edo zaran belarra bezala ere ezagunada. Celidonia izena grekeratik datorkio (chelidon, enara), izan ere, enarak etortzen direnean jaiotzen baita landarea, eta enarak joatean ihartu eta zimeldu egiten da. Udaberriaren hasieran loratzen da.
Belar bizikorra da, adartsua, 40-100 zentimetro arteko luzera har dezakeena. Errizoma mamitsua du, zurtoin asko sortzen dituena. Zurtoin borobildua, hosto berdeak, zatituak, eta lore hori biziak ditu. Fruitua 3-5 zentimetroko kapsula luzea da, eta haziaren azalean oso garrantzitsuak diren substantzia koloredun eta oliotsuak ditu. Substantzia horiek intsektuak, eta batez ere, inurriak erakartzen dituzte.
Izerdi edo latex horia isurtzen du zati bat puskatuz gero. Kaustikoa eta zapore garratzekoa da. Leku heze, ospel, horma edo paretetan hazten da. Lorontzietan ere landatzen da. Baserri inguruetan erraz aurki daiteke. - Atal erabilgarriak. Zurtoina ebakitzean ateratzen den latex horia erabiltzen da.
- Propietateak eta erabilpenak. Landare toxikoa denez, kanpo erabilerara mugatu behar da. Garatxoak edo gogortasunak kentzeko erabiltzen da. Landare zati bat moztu, eta isurtzen duen izerdi hori eman behar da garatxo edo gogortasun horretan. Egunean zehar behin eta berriz errepikatu behar da, eta konstantea izan garatxoa desagertu arte. Zauriak eta herpesa tratatzeko ere erabiltzen da.
Zenbait lekutan, kolpeak sendatzeko, iodo belarra jartzen da mindutako lekuan, eta zapi batekin lotuta utzi. Beste batzuetan, hagineko mina kentzeko, landarea ondo estutzen da, eta ateratzen den zukuarekin hagina igurzten da. Hemorroideei aurre egiteko hostoak, zuzenean jarrita, erabiltzen dira. Halaber, iodo belarrarekin eta bostorriarekin egindako infusioaren ura erabiltzen da hemorroideak tratatzeko. - Kontraindikazioak. Garatxoaren gainean soilik aplikatu, inguruko azala erre ez dadin. Landare narkotikoa denez –opiazeoak ditu–, ez da barne tratamendurik egin behar.