Goierriko ikastetxeetan hasi dute 2021-2022 ikasturtea. Bigarren urtez jarraian, COVID-19 testuinguruan ekin diote. Hori dela eta, neurri bereziak hartzen jarraitu beharko dute, baina iaz baino lasaiago ari dira.
Abuztua amaitu eta irailan sartzearekin batera, eskolara itzultzea izaten da elkarrizketa askoren ardatza. Izan ere, uda atzean geratzen da eta ikastetxearen, institutuaren, unibertsitatearen eta lanaren errutina itzultzen da, zalantzarik gabe, benetako urte hasiera baita. Errutinara itzulera, edo 2021-2022 ikasturtearen hasiera, COVID-19 testuinguruan egin dute, bigarren urtez jarraian. Pandemia hasi eta orain artekoa ikastetxeetan nola bizi izan duten, ikasturte berriaren hasiera nolakoa izan den eta ikasturte berriaz zer espero duten jakin nahi izan du aldizkari honek Goierriko lau ikastetxerekin hitz eginez.
Beasaingo Txindoki institutua da horietako bat, eskualdeko handiena dena. DBH 3, DBH 4 eta Batxillergoko ikasleak hartzen ditu, 830 ikasle inguru. Loinazpe institutua ere hari atxikita dago. Bigarren horrek, DBH1eko eta DBH2ko 420 ikasle inguru ditu. Irakasleak, bi zentroen artean, 140. Guztira, 1.390 pertsona, Legorretak dituen adina biztanle, ia-ia. Josune Lopetegi zaldibiarra da zuzendaria, eta haren esanetan, «ez da batere erraza hainbeste jende hartzen dituen bi zentro hauen antolaketa eta koordinazioa». Zuzendariarekin egindako elkarrizketaren unean, kargu horrek duen zamari tenperatura hartzea posible izan da; hirutan edo lautan eten behar izan du elkarrizketa, lehen 10 minutuetan. «Hau horrela da egunero», nabarmendu du.
Iazko esperientzia oinarrian
Hori aprobetxatuz,Txindoki bezalako zentro handi batean ikasturte hasiera nolakoa izan ohi den kontatzen hasi da Lopetegi: «Zuzendaritza taldea abuztuaren amaieran hasi ginen lanean, irailaren 1ean guztia prest edukitzeko, egun horretan hasi baitzen lanean irakasleria. Dena den, irailaren 9ra arte ez ziren hasi irakasle guztiak; bajak direla, ordezkoak direla… Ikasleak, irailaren 9an hasi ziren, eta egunerokoak dakarzkin ezustekoak, ezta? Ikasle bat galdu dela bidean, ea zein klase duen… Lehenengo egunak beti izaten dira horrela! Irakasleentzat ere bai; irakasle berriak hartu, haiei esplikatu behar zaie nola funtzionatzen duen ikastetxe honek…Gauza asko dira!». Hori, ikasturte normal batean, «eta gehitu behar zaio, COVID-19 testuinguruan gaudela, baina poliki-poliki eta pazientziarekin, egingo dugu aurten ere!».
Atzera bota du begirada Lopetegik, eta 2020ko martxoa ekarri du gogora, Goierrin lehen COVID-19 kasuak agertu ziren egun haiek. Lehen alarma egoera ezarri aurreko astea zen, zalaparta handia zegoen,eta kalean bazegoen ikasleak etxera bidaliko zituztenaren usaina. «Prentsaren bidez enteratu ginen», esan du Lopetegik. Martxoaren 11n eskolak itxi eta etxetik hasi ziren lanean. «Ezustean harrapatu gintuen, eta gainera, lehen momentu hartan, gutxirako izango zela uste genuenez, hortan pentsatuz osatu genuen lan antolaketa, nahiz eta gero ikusi zen, luze joko zela». Baina hala izanda ere, «ondo egokitu» zirela adierazi du; «bai ikastetxea, bai ikasleak, bai familiak,…denen erantzuna primerakoa izan zen!».
Aldaketa garrantzitsua gertatu zen ikastetxeen eguneroko martxan. Txindoki institutuaren kasuan, digitalizazioaren bidean hasiak ziren aspalditik, eta horrek, «dezente erraztu» zuen guztia. «Ikasleek beren Cromebook bazutenez, lanak aurreratuta genituela esan daiteke, eta gainera, ez zirenez horrenbeste ikasle izan etxean Internetik ez zutenak, eta udalak hortan lagundu zuenez, segituan lortu zen guztiek sarrera izatea». Ikasturtea, «nahiko txukun» amaitu zutela nabarmendu du Josune Lopetegik.
Ondoren etorri zen hurrengo ikasturtea, 2020-2021ekoa. «Presentzialki hasi ginen, gure beldurrekin… eta urrian, Goierri mailan kasuen gorakada egon zela eta, baheketa masiboa egin zen gure ikastetxean», jarraitu du kontatzen. Emaitzak «onak» izan zirela esan du zuzendariak; «ikastetxean positibo oso gutxi egon ziren». Ikasturtean zehar, ikastetxean bertan sor litezken agerraldiekin beldur baziren ere, «azkenean uste baino hobe» joan zela dio Lopetegik. «Kasuren bat agertu eta ikasle asko konfinatu zirenez, ondo kontrolatu zen egoera».
Metodologiari dagokionez, pandemia baino lehen, «saiakerak egiten ari ginen ikasketa kooperatiboa sartzeko poliki-poliki, eta talde pilotu batzuk bagenituen, talde lana bultzatzeko, eta kohesioa eta adimen emozionala lantzeko». Koronabirusa dinamika hori garatzen jarraitzeko «eragozpena» izan dela azaldu du zuzendariak, «ikasleak ezin direlako taldeka eseri». Ikasturte berrirako protokoloak, «DBH 1 eta 2 mailatan taldeka esertzen uzten du eta hala egingo dute». DBH3tik gorakoek, «taldekako lanak egin egingo dituzte, baina ezingo direnez taldeka eseri, teknologia berriak erabiliko ditugu».
Aurtengoa, koronabirusari dagokionez «lasaigo» hasi dutela nabarmendu du, «iazko esperiaentzia badugulako». Aurtengo erronketako bat, talde lanari berriro heltzea, eta bai klase presentzialak bai etxean dagoen ikasleari arreta onena ematea.
Adin aniztasuna metodologian
Itsasondoko Urkipe Herri Eskolako zuzendaritza taldea Leire Ezeizak, Irune Aldatzek eta Maria Rosario Etxeberriak osatzen dute. Ikasturte berria «iazkoa baino lasaiago» hasi dute, ikastetxe handienen alboan «desberdin». Urkipeko metodologian adin-aniztasuna du ezaugarrietako bat, tailerka lan egiten dute eta ikasleak dira eskolako espazioetan mugitzen direnak.
Metodologia horri eutsi ahal izango zioten ala ez pentsatzeak, «beldurra» sortzen zion lantaldeari. Eta noski, lan egiteko moduan baldintzatu ditu koronabirusak, nolabait, baina orain arteko guztia pasata, baieztatu dezakete, «uste baino hobeto» joan dela. «Asko baldintzatu du hala ere, lehen mugimendu handia zegoen Urkipen, umeen artean hartu emana orain baina handiagoa zen». Lehen, arloka lan egiten zutenez, haurrak ziren eskolako espazioetan mugitzen zirenak, eta orain, irakasleak dira espazioan mugitzen direnak. «Horregatik gelak diseinatu behar izan ditugu arloka baino, dena lantzeko. Hori izan da arazo handiena». Hortaz gain, zuzendaritza taldearen beldurra zen, «egoerari aurre egiteko lantaldea nahikoa izango ote zen ala ez». Baina Covid laguntzari esker, zentzu horretan ez dute arazorik izan.
Hasierako beldurrak gaindituta, ados datoz eskola txikia izanagatik, «luxuzko egoeran» pasa dutela orain artekoa. «Saiatu gara gure esentzia ez galtzen eta jarri zizkiguten arauak, zentzu pixkatekin praktikara eramaten», nabarmendu dute. «Saihestu ditugu ikasleak lehen bezala nahasten, baina batez ere, espazioari begira, lehen espazio gehiago konpartitzen zituzten, eta hori egin dugu, batik bat, gero konfinamenduak zetoztelako, eta ez zen berdina bi gela oso konfinatzea, edo gela bat».
Zuzendari berria karguan
Zuzendari kargua hartu berritan ekin dio pandemiaren bigarren ikasturtearen antolaketari Mikel Garciak La Salle Urretxu-Zumarraga ikastetxean. Protokolo guztiak martxan jarrita, irailaren 8an hasi zituzten eskolak. Ikasleen sarrera orduak mailakatuta, eta maila batetik bestera bost minutuko aldearekin abiatu zuten ikasturtea La Sallekoek, Eusko Jaurlaritzak ezarritako segurtasun protokoloari jarraiki. «Hori iazko protokoloan ere jasota zegoen. Egia esan, puntu gutxi batzuk bakarrik aldatu dira oraingoan. Nahiko murriztailea da oraindik segurtasun aldetik».
Hala ere, arindu dira neurri batzuk; adibidez, ikasleei ez zaie tenperatura hartuko sarreran , «etxetik tenperatura hartuta etorriko dira». Beste «aurrerapauso handi bat» ere egin da: «nahiz eta burbuila ikastaldea edo gela den, lehengo ikasturtean ezin ziren lau-bosteko talde kooperatiboak antolatu, eta aurten baimena dago horretarako, DBHra arte behintzat, eta horrek asko laguntzen digu gure metodologian».
Gurasoekiko harremanetan ere izan da hobekuntzarik ikasturte berrian. «Lehen bilera guztiak bideo deien bidez egiten genituen, eta oraingoan baimena dugu aurrez aurre egiteko, eta guretzako pauso handia da zuzeneko harreman hori berreskuratzea». Guraso elkarteak ere itzuli daitezke eskolara, bilerak eta ekintzak egitera.
Eskolaz kanpoko ekintzen itzulera ere nabarmendu du Garciak: «Eskola kirola normaltasunez egingo da, barnetegietara joateko irteerak…». Horrez gain, baloiarekin jolastearena bezalako hainbat debeku altxatu dituzte, eta «horrek, ikastetxe bakoitzaren errealitatearen arabera, malgutasun batekin jokatzeko aukera ematen du».
La Salleko zuzendariaren arabera, aldaketa horiek guztiek «normaltasunerantz pauso bat eman dela erakusten dute», baina «oraindik asko falta da». Hala ere, badirudi abendu aldera Hezkuntza sailak beste protokolo bat ezarriko dutela, «malguagoa». Kontuan izan behar da 12-14 urte bitarteko gaztetxo gehienak ordurako txertatuta egongo direla, «baita irakasleak eta gurasoak ere».
Garciaren ustez, protokoloa beharrezkoa da, eta eraginkorra; aurreko ikasturtekoak «ondo funtzionatu du, eta oso ondo barneratu dute ikasleek, familiek eta irakasleek». Balorazio «oso positiboa» egin du zuzendariak. «Egia da protokolo baten atzetik lan asko dagoela, elkarrizketa asko dagoela irakasleen artean, zuzendaritzan… eta martxan jartze horrek baliabideen aldetik asko eskatzen duela, bai ekonomikoki bai pertsonen aldetik, baina segurtasuna ematen dizu, erraztasunak ematen dizkizu, gauzak ondo egiten dira…». Emaitza onak dira horren ordaina, eta Garciak gogoratu duen bezala, «ikusi da kutsatzeak eskolaz kanpo gertatu direla batez ere, eta horrek esan nahi du gauzak ondo egiten ditugula».
Eskolan normaltasunerako bidea ireki dela dio amaitzeko, «eta hori behar-beharrezkoa da, familien kontziliazioan eragin handia duelako».
Alderdi «onei» ere erreparatuz
Aurrekoan baino «lasaiago» heldu diote ikasturte berriari Legazpiko Haztegi ikastolan, Sagrario Etxabe zuzendariak dioenez. Hilaren 8ko aurkezpenekin hasi zituzten eskolak, ikasleek, familiek eta irakasleek dagoeneko oso barneratuta dituzten neurriak hartuta, eta zatitutako ordutegira itzuliz. «Egoera ezagunagoa da aurten, eta segurtasun protokoloa ere malgutu da apur bat».
«Iaz, konfinamenduaren ondorengo ikasturte hasieran, beldurra sumatzen zen, ez genekien zer zetorren. Horregatik, geletara itzultzea erronka gisa hartu genuen, zetorrenari aurre egiteko gai izango ginela sinestuta». Orduko egoerak eskatuta, «neurri oso zorrotzak» ezarri zirela gogoratzen du, eta ikasturtean zehar kutsatze kasu batzuk izan bazituzten ere, «eskola barruan hedatzea ez zen hainbesterako izan». Haur Hezkuntzan izan ziren kasu gutxien, eta DBH-n gehien, «baina ikasleen eremu sozialetik etorritakoak batez ere».
Kutsatzeak kudeatzeko Hezkuntzak jarritako baliabideak goraipatu ditu Etxabek. «Eskertzekoa da eduki dugun laguntza langileen aldetik, eta ikasketa aldetik edo emozio aldetik sortu diren hutsuneak indartzeko eskaini digutena». Pandemiak ikasleen errendimenduan ia eraginik ez izatea ekarri du horrek, eta «eskertzekoa eta txalotzekoa da, benetan, jaso dugun laguntza». Ikasturte berri honetan ere mantendu egin dira errefortzuko langileak.
«Betiko martxan astindu ederra jaso dugu», aitortu du Haztegiko zuzendariak, «baina egoera berrira moldatu gara, eta Classroom bezalako baliabide digital berriak erabiltzen hasi gara, adibidez». Alde horretatik pandemiak «gauza onak» ere ekarri dituela dio, ikastetxeko sarrerako bost ateak erabilgarri jartzea kasu: «Orain ikasleen sartu-irtenak lasaiagoak dira, eta pasabideetan ere lasaitasuna da nagusi». Hori ere «gelditzeko» etorri dela esan du.
Txertoa ikasleen artean zabalduta eta kutsatuen kopuruak behera eginda, ikasturte berriari baikor begiratzen dio Etxabek, beti ere protokoloak ezarritako neurriak oraindik behar direla gogoratzearekin bat.