Accion Catolica zuen izena igande batzuetan 10:30etako meza nagusiaren ondoren izaten genuen saio hark. Saioa, Segura Irratiko gela batean izaten zen eta herriko neska gaztetxo talde bat hantxe elkartzen ginen. Garbi dago ez genekiela zer esan nahi zuen Acción Católica hitzak, eskolan, gaztelaniaz noski, ikasten genituen hainbat hitzen antzera. Hala ere, ederki pasatzen genuen.
Han ikasi nuen Agur Xuberoa euskal kanta, eta han entzun nituen baita ere euskal kulturari lehen aipamenak. Gabonetako «eskea» ere beraiek antolatzen zuten, neska taldeak amona jantzita ibili ahal izateko. Saio hura berezia zen guretzat, ez zeukan zer ikusirik eskolan ikasten genuenarekin, eta saioa gidatzen zuen neska gazteek euskaraz hitz egiten ziguten. Gogoan ditut neska gazte haiek: Garbiñe Etxeberria, Belen Aldanondo, Felizitas Aranzadi eta Karmentxu Etxeberria, besteak beste. Oraindik Franco agintean zegoen garaiak izaki, euskal kultura bultzatzeko ezer gutxi egin zitekeen. Nahiz eta erlijioak indar handia izan zuen gure egunerokoan, Accion Catolicaren estalpean bide berri bat irekitzen saiatu ziren.
Gaurko gaztetxoei hau dena sinesgaitza egiten bazaie ere, ez dira urte asko egoera hura bizi izan genuela.
Garbiñe dagoeneko gure artean ez daukagu, baina eskerrik asko berari eta beste guztioi egindako lan bikainagatik.