Ospakizunetan da Zumarragako Urola futbol kluba. Mende laurdeneko historia bete du aurten. Futbola, ordea, askoz lehenagoko kirola da han. Orain mende bateko aipamenak dira udal artxiboko lehenengoak. Jose Albisu medikuntza ikasleak eta lagun batzuek udalari futbolean jokatzeko zelaia eskatu zioten. Jose Busca Sagastizabal alkateak batzorde bat eratzeko proposatu zuen, baina Felipe Gonzalez Irutxiki zinegotziak kontra egin, eta bere horretan geratu zen asmoa. 1921eko uztailaren 21a zen. Geroz, kultu bihurtzeraino garatu da kirol hori, bere erlazionatzeko modu, lehia-eredu eta ehunka gazteren amets.
Bi urte geroago, 1923ko maiatzean, gazte haiek beraiek ekintzaile zirela, futbol zelai bat egingo zela iragarri zuten, Jauregi dorrearen inguruan, Artizen alargunaren lurretan. 95 metro luze eta 45 zabal izango zen. Jauregiko Zelaia izenez ezagutuko zena 1924ko martxoaren 24an inauguratu zuten.
Ohitura berriak ekarri zituen futbolak. 1925eko ekaineko bigarren igandean, adibidez, Jose Murua defentsak Azpeitian hanka hautsi zuen, futbol partidan. Ama alarguna zen, eta anaia-arrebak, txikiak. Herri osoak familiaren egoerari lagundu nahi izan zion, eta ekainaren 18an lagunarteko ongintza-partida bat jokatu zuten Goierri Sport eta Zumarraga Futbol Club taldek.
Jauregiko zelaia 1945ean desagertu zen, industri garapena eremu hartara ere zabaldu baitzen. Aurrez, 1941eko San Andres egunean, lekuz aldatu behar izan zuten zelaia. Urola klub berriarentzat jokaleku izango zen lau urtean, 1944-45 denboraldira arte.
Zelaia galtzearekin, kluba ere desagertu zen. Harrezkero, 25 urtez, kuadrillen arteko futbola bakarrik izan zen Urretxun eta Zumarragan: 9 jokalarirekin, herri barruko lehiaketetan, eta futbol ofizialeko parte izan gabe. Ikusle ugari joaten zen, hala ere. Urretxuko gaztek Elizaldeko zelaia egokitu zuten. 1945ean. Eskualdeko lehen futbol txapelketa han jokatu zen, 1960-61ean.
Argixaorekin, argi berria
Zumarragako lurretara itzulita, Argixao zelaia eraikitzeko lehen urratsak 1968ko otsailean egin zituzten, udalak Juan Maria Agirre arkitektoari kirolgunearen proiektua enkargatu zionean. Kirol kluba eratzeko prozesua 1970ean hasi zuten. Udalarekin eztabaidak piztu ziren, aginte-organoak nolakoa behar zuen ez zirelako ados jartzen.
SD Urolaren batzar eratzailea 1971ko maiatzaren 14an egin zuten, La Salle Legazpi eskolaren aretoan. Luis Urdangarin jarri zuten lehendakari. Argixao zelaia, berriz, urte bereko abuztuaren 16an inauguratu zuten, Reala-Eibar partidarekin (4-0). Urolak futbol federatuan 1971-72an egin zuen debuta, behe-behetik, 2. Erregional mailan.