Betikotutako lehenengo sektoreko krisia tarteka iristen da hedabideetara. Izan ere, esne sektorea asko ari da sufritzen, bai ekoizpen kostuak asko igotzen ari direlako (pentsua, gasolioa, argindarra…), bai esne salmetaren prezioa parregarri eskasa delako.
Esnearena, alde handiarekin, lanpostu gehien galdu duen abeltzaintza sektorea da, inbertsio publiko handienak jaso dituena izan arren. Administrazio publikoak egungo eskema ezartzen asko lagundu du: baserria intentsifikatu (eta behien elikadura urrutitik ekarritako lehengaietan oinarritu), esne ekoizpena asko handitu industriari saltzeko (berak markatutako prezioan) eta industriak, Iparlatek hemengo kasuan, Mercadona bezalako enpresa banatzaile handi batekin hitzarmena sinatu, bere esku utziz esne hori non eta nola salduko den. Ogitarteko horretan, esnea merkantzia bihurtuta, baserritarraren autonomia erabat galduta dago.
Itolarrian dagoen sektoreari administrazioak erantzun berbera ematen dio beti, diru laguntza diskriminatzaileak partxeak jartzeko, baserriak desagertzen doazen bitartean eta ezarritako eredu kapitalista honen arazoak onartu nahi izan gabe. Horren adibidea da, COVID-19ak sortutako krisia dela eta, zabaldu den azkeneko dirulaguntza aukera. Behi aziendaren kasuan, laguntza ez da baserriko edo lanpostuko emango, baizik eta (beti bezala) behiko, zenbat eta behi gehiago orduan eta laguntza handiagoa. Gutxienez 10 behi izan behar dituzu. Baratze koxkor bat eta 8 behirekin, autonomiaz, zure ogibidea baserritik ateratzen baduzu ezin duzu dirulaguntzarik jaso. Eredu hori ez da existitzen administrazioarentzako. Nahiz eta autonomoena bera izan, nahiz eta sostengarriena izateko baldintzarik onenak berak eduki, nahiz eta tokiko ekonomia errealean eta gure herrirako elikagaiak sortzen ekarpen ederra egin.
Zertarako sustatu baserri autonomo eta iraunkor sare indartsu bat? Azken finean, mundu globalizatu honetan, Mercadona bezalako enpresa banatzaileekin beti izango dugu jakiak kanpotik ekartzeko aukera! (hori bai, berak esango digu zer jan eta zer preziotan, erosleei zein baserritarrei), antza denez gainera, Lazkaon bertan.
Besteen esku dena galtzen uzten badugu, gure alternatiba propioak indartzen eta berriak sortzen ez baditugu, zer geratuko zaie atzetik datozenei? Arbonako okupazioan lurraren defentsan aurrera eramaten ari diren borrokak poza eta zer pentsa ematen du. Inork ezin du saldu bere herriak oinez ibiltzean zapaltzen duen lurra, horrelako zerbait esaten zuen Tasunta Witko sioux buruzagiaren esaera zaharrak.