Kafe tristerik ba al da? Kasu honetan, kafetegi tristerik ba al da? Edo baladarik izan al daiteke kafetegi triste batean? Liburuen izenburuei erreparatzen al diezue irakurketa aukeratzerakoan? Nola aukeratzen dituzue irakurri behar (nahi) dituzuen literatur liburuak?
Ez nator erantzun eske, noski. Eszenatoki honetan bakarrizketa izaten baitugu. Baina aitzakia behar nuen elkarrizketa bihurtzera inor animatuko balitz, irakurle taldeetan egiten dugun bezala, esaterako. Pulpitu honetatik esandakoei erantzun nahi izanez gero, aurkituko nauzue, eta ni, pozik!!
Eta oraingoan ere bustiko naiz ba!!: Kafe tristearen balada du izena Carson McCullers idazle estatubatuarrak 1951n idatzi, eta orain Asun Garikanori esker euskaraz irakurri dudan liburuak, Pasazaite argitaletxeak argitaratua. Zazpi ipuinez osatua dago, 140 bat orrialdeko irakurketa miresgarria eskainiz. Kafe edo kafetegi kontuak lehenengo eta azkeneko ipuinetan aurkituko dituzue bakarrik, beraz, kafeak hozkia eragiterainoko deserosotasuna nozitzen duenak ere ezin du utzi liburu hau irakurri gabe.
Zertaz ari den galdetzen didanarentzat erantzuna badut: nork bere buruaz egiten dituen hausnarketez, pertsonen arteko harremanaz, bakardadeaz, desiraz, maitasunaz. Bizitzaz, alegia. ‘Originala, ezta?’, ari zarete pentsatzen, beharbada. Ba, honaino iritsita, horretarako, zuek liburu hau irakurri beharrik ez duzuela uste baduzue, egin kasu, mesedez: ausartu zaitezte Miss Ameliaren kafetegira sartzera eta esango didazue. Kafea, nire kontura.
Itzulpena: Asun Garikano
Argitaletxea: Pasazaite