Ane Insausti Barandiaran • Hegitik begira
Autoa aparkatu eta motorra itzali zuen. Gogotik ari zuen euria, eta euri-tantak etengabe ari ziren kristala kolpatzen, hura puskatu nahiko balute bezala. Halaxe sentitzen zuen barrua berak ere, lehertzear, eztanda egitear. Tantak entzuten geratu zen pare bat minutuz, sentimenduak arakatzen zituen bitartean.
Eguneroko bikaina zuen, lanean postu txukuna, bikote eta haur zoriontsuak, nahi baino gutxiago ikusi arren, beti hor zeuden lagunak… Errutinak itota bizi zela sentitzen zuen, ordea; epe muga zorrotzen artean ibiltzeak antsietatea sortzen zion, ez zeukan bere buruarentzat denborarik, eta besteen beharrak bereen aurretik jartzera ohituta zegoen. Sentitzen zuenari aurre egin ordez, beste aldera begiratu eta lehentasunak betetzen ematen zituen orduak.
Ez zuen oroitzen noiz egin zuen barre ozenki, irribarre antzeztuak albo batera utzita. Ez zuen oroitzen noiz sentitu zen azkenekoz harro bere buruaz, aske eta pozik. Hutsik sentitzen zen. «Zein azkar erakutsi diguten barrukoa estaltzen, eta zein gutxi gure barrenak nola dauden identifikatzen eta ulertzen», pentsatu zuen.
Autoa berriz martxan jarri eta esku-frenoa kendu zuen; ez zekien nora zihoan, baina ez zen denbora batez behintzat itzuliko. Berri Txarraken Soilik agur kantua jarri, eta gidatzen hasi zen, atzera begiratu gabe.