Amesgile argitaletxearen arduraduna den Betzaida Urtazak (Legorreta, 1988) ‘Maria eta Amlaren mundu harrigarria’ laugarren ipuin liburua kaleratu du. Gainera, Lua Hidalgak idatzitako ‘Maisha’ helduentzako eleberria ere argitaratu du Amesgilerekin. Bi lan horien inguruan eta ondorengoez, luze eta zabal hitz egin du legorretarrak.
Urte oparoa izaten ari da zuretzat eta Amesgile argitaletxearentzat…
Bai, egia esan bai! Batetik, laugarren ipuina ere argitaratu dut, bosgarrena labean dago. Hauek ere, orain arte argitaratutako ipuinen bidetik doaz; irakaspen bat dute atzean, eta ilustrazio ederrek laguntzen dute kontakizuna.
Bestalde, Amesgile argitaletxearen zigilupean, lehen eleberria ere kalean da. Maisha du izenburua eta Lua Hidalgak idatzi du. Azlheimerraren gaia jorratzen du.
Beste bi ipuin gehiago kolekziorako beraz…
Lehenik, Amalia eta espaziorako bidaia izan zen. Ondoren, Burrunba txoria ezagutzera eman zuen. Hirugarrena berriz, Gaua izenburua zuen. Laugarrena eta berriena, Maria eta Amlaren mundu harrigarria du izenburua. Uztailean argitaratu nuen, eta Euskal Herrian inprimatu den lehen lana da, Barela inprimategian, Errenterian. Aurrekoak, autoediziokoak izan ziren. Ilustrazioak Dominikar Errepublikako Nathalia Riverak egin ditu. Da liburu bat asko kostatu dena, baina emaitzarekin oso-oso gustura geratu naiz.
Zer lantzen du?
Txikienen entretenimendua bilatzeaz gain, laugarren honetan, emozioak lantzen ditut, koloreen bitartez, eta horrez gain, ezberdintasunak, pertsonen artean egon litezkeenak adibidez, onak direla esatera dator.
Haurrentzako, eta helduentzako ere, mezu oso garrantzitsu bat du ipuinak: Sentitzen duzun emozioa sentitzen duzula, gauza ona da, eta adierazi egin behar da, izan zaitez zaren bezalakoa eta ikusiko duzu nola gauza politak agertzen diren. Pertsona bakoitza mundu bat da, hala gara! Hori onartu eta erreibindikatu egin behar dela uste dut.
Eta labean duzun bosgarren ipuinaren inguruan zer aurreratu dezakezu?
Malen eta itsas izarra du izenburua, eta Bojana Stajanovic ilustratzailearekin osatu dut. Azkeneko ipuin hori, Itzurunen gertatzen da, Zumaian, eta esatera dator, animaliek beren habitata dutela eta errespetatu egin behar dugula.
«Pertsona bakoitza mundu bat da, hala gara! Hori onartu eta erreibindikatu egin behar dela uste dut»
«‘Maisha’ konplexurik gabe idatzita dago, irakurlearen barrenak mugitu eta pentsatzen jarri nahi ditu»
Bost ipuin edo album ilustratu, baina gainera, pauso bat aurrera egin duzu Amesgile argitaletxearekin, helduen literaturan sartuz, eta Amesgile zigilupean lehen eleberria ere kalean da.
Bai, hala da! Maisha izenburua du, eta kontakizun bikaina izateaz gain, aurreratu dudan bezala, gai oso garrantzitsu bat jorratzen du; Alzheimerra. Idazleak, barren-barrenetik idatzi du eleberria, barruak hustutzen dituela esatera ausartzen naiz, eta inguruan gertatutakoez idazten eta hausnartzen du.
Uste dut, horrelako gaiei espazio bat ematea guztiz beharrezkoa dela. Alzheimer gaitza bizi duten familiek une gogor asko bizitzen dituzte, eta kasu honetan, alzheimerra oso gertu izan duen pertsona baten eskutik idatzita dago; bizitako errealitate gordina azaltzen du.
Luak, beste bi goierritarren kolaborazioa izan du. Azaleko irudia eta barruko ilustrazioak Maite Arbonies urretxuarrarenak dira. Hitzaurrea berriz, Maitane Ormazabal coach-arenak da, zumarragarra azken hori.
Idazleak, lehen pertsonan izandako bizipenak dira beraz…
Bertako familia bateko, hiru belaunaldi desberdinetako emakumeen historia kontatzen du; biloba, ama eta amonarena. Ama dago bigarren plano batean, eta amona eta biloba dira protagonista nagusiak.
Bilobaren begietatik egiten da kontakizuna: amonak alzheimerra du, eta gaixotasun horren bueltan sortzen diren istorioak kontatzen ditu Luak. Amona eta bilobaren arteko harremanaz ere mintzo da, elkarrekin izan dituzten bizipenez, bizipen horietatik ikasitakoez… Bilobarentzat zer suposatzen duen amonak alzheimerra izatea, amonaren gaixotasunagatik familian gertatzen diren hainbat gauza, bilobak eta amonak elkarrekin egiten duten bidaia ere kontatzen du… Eta amaieran, oso mezu positiboa du.
Oso intentsoa da, perspektiba aldatzen laguntzen duen horietakoa, baina aldi berean irakurterraza. Animatu nahi nuke jendea irakurtzera!
Azken finean, edonori gerta dakiokeen istorio bat kontatzen du…
Bai, baina oso gutxik dute gauzak hain gordinki kontatzeko ausardia. Jende asko bizitza perfektuaren itxuran bizi da, bakoitzaren miseriak ateratzea asko kostatzen baita. Maisha konplexurik gabe idatzita dago, irakurleen barrenak mugitu eta pentsatzen jarri nahi ditu.
Amesgileren lan guztiek, haurrentzat izan, edo helduentzat izan, denek dute mezuren edo irakaspenen bat.
Argitalpenen bidez kontzientzia sortu nahi dut, hori da helburua. Kontzientzia sortu, haurren artean batez ere, baina baita helduen artean ere.
Orain artekoa ikusita, ziur, ez zaudela geldirik. Zein beste proiektu duzu bidean?
Euskal Herritik kanpo ere egiten dugun lana erakutsi nahi dut. Hala, laster Madrilera, Andaluziara, Toledora,.. joango naiz. Opor txiki batzuk dira, baina esan bezala, Amesgile argitaletxea bera, haren filosofia eta orain arte argitaratutako lan guztiak ezagutzera emateko baliatuko dut.
Handik bueltan, eta urtea amaitu arte, ipuin kontaketa saio ugari egingo ditut, Goierrin eta hemendik kanpo.
Horrez gain, Euskal Herri osoan egiten ari garen lanari ikusgarritasuna ematen jarraituko dut.
Eta argitalpenei dagokienez, datorren urtea ere bete-betea dator, baina momentuz nahiago dut gehiago ez aurreratu.