Lazkaotarrek aurten ere bete dute Esparru gainera igotzeko ohitura, iraileko hirugarren igandean. Aspaldiko usadioa da, aurten 75 urte bete baititu. Lehenengo festa 1946an ospatu zuten, baina abuztuaren 15ean. Eta nahi ez bezala amaitu zen, debekatu egin baitzieten erromeria.
Lehenengo jira haren aurretik, Luistarren kongregazioak hiru-bat urtean Zelaian antolatu zuen erromeria, kalean bertan: dantzaldia, asto eta zinta karrerak, lapiko hausteak, korrika proba, igel lasterketa (orgatxoan hartu eta nork gehien eramango)… izaten ziren lazkaotarren gozagarri.
Baina 1946an, Esparru gainean mendizaleen postontzia jarri behar zutela eta, mendira aldatu zuten festalekua. Metalezko postontzia egin zuten herriko gazteek aurretik, Albisuren lantegian. Lazkaoko udaletxearen erreplika zehatza zen. Mendigoizaleen artean orduantxe zabaldu zen tontorren puntuazioak egiteko ohitura ere, eta Esparru zirkuitu horretan sartu nahi zuten. Sortu zena, gaurdaino iraun duen erromeriaren edo festaren ohitura izan zen.
Astoan ‘udaletxea’, idiekin taberna
Esparruko lehenengo erromeria, beraz, mendiko buzoia jartzearen aitzakian egin zen, 1946ko Andre Mari egunean. Metalezko irudia eta hura jartzeko tresnak asto gainean eraman zituzten. Goizaldean, bi idi parek tira egindako gurdian, berriz, Esparrun taberna jartzeko jakiak, edariak eta gauzak igo zituzten.
Jendea igo zen, festa gosez. Txistulari Ignacio Armendariz zen, eta dantzaldia berehala alaitu zen. Halako batean, ordea, bi guardia zibil agertu ziren, zaldi banaren gainean. Erromeria hura debekatuta zegoela eta bertan behera geratu behar zuela agindu zieten, braustakoan. Frankismoaren hasiera zen, gerra bukatu zela zazpi urte. Erabaki haren atzean, antza denez, udaletxearen metalezko maketan kokatu zuten bandera zegoen. Herriko banderatzat jarri zuten, itxura denez, baina debekatutako ikurrina zela salatu zuen norbaitek. Nahikoa arrazoi zen orduan mendi gaineko festa eteteko.
Gaztea gazte izan, horregatik, eta Esparruko lehenengo erromeria hartan utzi behar izan bazuten ere, beherakoan Olaberrian bildu ziren. Alkateari baimena eskatu, eta han jarraitu zuten erromeria lazkaotarrek. Postontzia jarri zuten ez dakigu, baina gailur bat gehiago lortu zuten herriko historiarako: Esparruko jiraren ohitura sustraitzea.