Azkeneko hilabete hauetan bolo-bolo ibili dira EITB-ren azken proiektua, euskal netflixa deitu dioten hori, eta Pantailak Euskaraz ekimena, txalotzekoak biak. Baina inor ez al da orain arte konturatu horrelako plataforma bat badela Interneten? Euskal-encodings.com (‘.eus’ laster). Web orri hau herritik eta herriarentzat sortu den euskal gune bat da. Bertan 2.000 inguru serie, pelikula, anime eta marrazki bizidun daude, gu txiki ginenekoetatik hasita aurten atera direnetaraino. Eta denak musutruk!
Telesail gehienak euskarazko audioarekin daude, originala izan edo bikoiztua izan. Pelikuletan, aldiz, gehiago dira bertsio originalean euskarazko azpitituluekin. Baina horrek ere badu bere xarma, eta horrela oraindik ere zinema-aretoetan ematen ari diren pelikula batzuk ikus daitezke. Orain gainera euskarazko audioa dutenak ere azpititulatzen hasi dira, euskaldun berriei laguntzeko asmotan.
Horregatik, auzolanean eraikitako proiektu hau gure hizkuntzaren aldeko lanik handienetariko bat dela esan daiteke, beste behin erakutsiz, euskara ez dela atzean geratuko. Interneteko Argia Saria irabazi zuten, eta horrek beraien izena zabaltzen lagundu bazien ere, nire txoko hau beraientzako esker oneko hitzez bete nahi nuke. Gaizki dagoena kritikatzeaz gain, ondo dagoena txalotu eta goraipatu ere egin behar delako.
Orrian bertan ondo adierazi dute bertako ikus-entzunezkoak nola ikus daitezkeen. Baina gozatzeaz gain, laguntzera ere bultzatu nahi zaituztet, horrelako lanak denen artean errazagoak baitira, eta hau nola egin ere ondo asko azalduta dago webguneko foroan. Beraz animatu, parte hartu eta gozatu euskaraz!