Orain 40 urte bota zuten Seguran udaletxe zaharra. XVII. mendeko jauregi batena zeukan beheko partea, nahiz goialdea geroago egina izan. Hiru arku handi zeuzkan, Kale Nagusirantz bat (estalita), bolaleku aldera bestea, eta barrukoa. Eskailera zabal batzuetatik igotzen zen lehenengo pisura. Osasun etxea eraiki zuten haren lekuan.
Mantentzea mereziko zuketen elementu asko zituen udaletxe zaharraren behealdeak. Horietako bat, ezkaratzeko arkua eta ezker aldean zeukan herriko kartzela, burdinezko atea, serraila eta guzti. Eraikin haren beheko oina nolakoa zen irudikatu du orain Rafa Berasategik, Erraztiolatza museoan Segurako etxeei buruz egin duen 14. maketarekin.
Kartzelak ere Kale Nagusi aldera ematen zuen, leihotxo batekin. 1980ko hamarkadaren hasieran, eraikina eraitsi zutenean, kartzelako atearen serraila askatzea eta salbatzea lortu zuen Berasategik. Prontxio Ariztimuño aguazilaren bitartez, berriz, kartzelako 20 bat grillete eta burdinezko kate jaso zituen. Atea bere lekutik kentzerik ez zuten lortu, egituran eta harri zuloetan txertatuta zegoelako. Harrezkero, ate hura aurkitzeko peskizan ibilia da, bai Gordailuan, bai Etxeberria bildumazaleari Lazkaoko Udalak hartu zion burdinezko 12 ateren artean. Baina ez dute aurkitu. Museoan dauzka serraila eta grilleteak.
Eraikinari dagokionez, Seguran beste etxe gehiagotan bezala (Arrue etxea, Osiña etxea), eraikinaren goi partea erre izango zen. Behekoa bakarrik salbatu zen suntsipenetik, eta material eta egikera ohikoagoekin altxatu zuten berriro, XVII.ekoaren gainean. Kale nagusiko multzo hori, 2006an Arkeolanen indusketek frogatu zutenez, sutegi eremua zen; udaletxe zaharraren eta behealdeean zegoen bi dorredun Zarautz jauregiaren tarteko patioan lur errea aurkitu dute, baita agirietan ere. Litekeena da sutea handik zabaldu izatea.
Eskola aldamenean, erantsia
Udaletxe zaharraren alboan haurrentzat eskola egokitu zuten. Gerora eraikin guztia bateratuta ezagutu baldin badute ere, bi etxe aparte ziren eurez. 1922an egin zuen Segurako Udalak mutilentzat eskolaren proiektua, eta alboko etxearen jabeari Madrilera gutunez azaldu zion erosteko interesa. Militarren Goiburu familiak, ordea, ez zuen saldu nahi izan. Geroago, baina, udalak lortu zuen eskuratzea eskola jartzea.
Erraztiolatzan dago historia osoa.