Gazte lokalek irekitzeko baimena dute, baina ia bi urteren ondoren asko hutsik gelditu dira. Osasun larrialdiaz bestelako baldintzak ere ez dira aldekoak. Ludotekak eta gaztelekuak ohiko jarduna berreskuratu dute.
Lokaleko leihotik ikusi zuen Betizu taldeko Telmo Idigorasek Zuriñe Hidalgo, modako arropa zeraman eta Barbie itxura zuen neska. Abestia XXI. mendearen hasieran sortu zuten, eta ohiturak asko aldatu dira horrez geroztik. Egun, beharbada, pantailaren baten bestaldetik ikusiko luke, eta ez leihotik, lokalik ez zuelako izango. Eusko Jaurlaritzak lokalak irekitzeko baimena eman du hemeretzi hilabeteren ondoren, baina asko betirako itxi dira pandemia garaian.
Lokalik gehienak alokairuan izaten dira. Orain arte erabili ezin zirenez, alferrikako gastu bilakatu zen kuadrilla askorentzat. Halako zerbait gertatu zitzaien Urretxuko eta Zumarragako Perfet kuadrillakoei: «Jabeari kuotak barkatzeko eskatu genion, baina ez zigun kasurik egin. Azkenean, utzi egin genuen», laburbildu du Unai Salvador Pintxo-k. Elkartzeko lekua izaten jarraitu nahi zuten ordea, eta kuadrillako batek lanerako erabiltzen duen pabiloiaren zati batean daude orain. «Lagun artean lasai egoteko eremu bat da. Normalean, lana amaitu eta hemen elkartzen gara: jolastu, musika entzun…», azaldu du. Sarreran garaje handi bat dute eta bertan kotxeak konpontzen ibiltzen direla ere aipatu du.
Maria Rodriguez Garciak dio lokalek «espazio bat» eskaintzen dietela gazteei, «espazio bat non beraiek diren jabeak. Beraien arauak dituzte, eta beraien beharrak eta nahiak asetu ditzakete». Garciak Mutiloako ludotekan eta Ordiziako Gaztelekuan egiten du lan. Ludotekaren eta Gaztelekuaren arteko aldea erabiltzaileen adinean dagoela esan du. Zenbat eta helduagoak izan, eremuaren kontrol handiagoa izaten dute: Mutiloako ludoteka hiru urtetik gorako haurrei bideratuta dago eta gurasoek ere egiten dituzte hezitzaile lanak, astean behin bada ere; Ordiziako Gaztelekua hamabi eta hamasei urteko gazteentzat dago diseinatua, eta hor ekintza begiraleen laguntzarekin antolatzen dituzte, «modu formal-informal batean orekan». Lokaletan gazteak dira jaun eta jabe.
Pintxok gogoratu du beraiek hamasei urterekin hasi zirela lokala erabiltzen. «Gogoa genuen. Lasai egoteko tokiren bat nahi genuen, inork molestatu gabe. Gainera, adin horretan hasten zara erretzen, edaten… Hasieran kurtso bereko bi kuadrillen artean egiten genuen», zehaztu du. Jendea ezagutzeko ere balio izan zien, bide batez. «Sozializatzeko beste modu bat da», baieztatu du Rodriguezek. Halere, Pintxok tranpa bat ikusten du hor, «luzera begira»: Lokalak «absorbitu» egiten duela dio, eta beste eremu batzuetan ezagutuko zenukeen jendeari uko egiten diozula.
Ludoteketan eta gaztelekuetan formakuntza jarduerak ere antolatzen dituzte. Rodriguezek zehaztu du gazteek eurek eskatzen dituztela. Esaterako, duela bi urte autodefentsa tailerra eta sexualitatearen inguruko ziklo bat egin zuten. «Normalean, eskolatik kanpo gelditzen diren edo zeharka lantzen diren gaiak izaten dira», borobildu du begiraleak. Iaz, pandemia dela eta, ez zen ia ekintza osagarririk egin; aurtengorako berreskuratu dituzte.
Pertsianak, herdoilak janda
Ludoteka eta gazte lokalak ari dira lehengoratzen, baina lokal ugari, ez. Pintxoren ustez, baina, ez dago joera aldaketarik: «Kuadrilla batek baino gehiagok eskatu digu iraganeko lokalaren jabearen telefonoa. Horrek erakusten du gogoa badagoela», nabarmendu du. Baina testuinguruak horien zabalkundea zailtzen duela uste du: «Aukerak ez dira handiak. Udalek jarritako baldintzak betetzen dituzten lokal asko ez daude, zorrotzak baitira; gainera, jabe askok ez diete gazte kuadrillei alokatu. Eta alokairua ere ordaindu egin behar da».
Rodriguezek ere ez du uste pandemiak gazteen portaerak aldatu dituenik. «Ezin da esan kuadrillak lehen baino txikiagoak direnik». Halere, aldaketak egongo direla dio, «ziur». «Pandemia garaian gazte askok ludoteka edo gaztelekura joateari utzi zioten: beldurragatik, hartu beharreko neurriak zorrotzak zirelako…». Gainera, estres eta antsietate maila handiak bizi izan dituztela nabari zitzaiela dio Rodriguezek. Beasaingo Udalak ekainean aurkeztutako txosten baten arabera hamahiru eta hamasei urte bitarteko beasaindarren erdiak aisialdiaz gozatzeko zailtasunak izan dituztela onartu dute, eta horrek zuzenean euren aldartean eragin duela diote.
Osasun larrialdia amaituta egoera bere onera itzultzen ari da. Lokalak irekita eta gaztelekuak bete-betean. «Eskerrak», dio Rodriguezek. Kontuak kontu, oraindik ere dena ez da libre eta maskaren erabilerak derrigorrezkoa izaten jarraitzen du toki itxiak direnez, garbitasuna zorroztu behar da eta pilaketa handiak ekidin.
Porru kaleko festarik ez da egingo
Beasaingo gazte-lokalen artean Porru kaleko festak antolatu zituzten duela hiru urte lehen aldiz. Helburua, gazte-lokalen eta kuadrillen arteko harremanak estutzea zen. Bere bidea egiten ari zen egitasmoa pandemia etorri zen arte; itxialdian ere egin zituzten saiakerak dinamikarekin jarraitzeko –logo lehiaketa bat antolatu zuten–, baina festetako komisioa desegin egin da. Pandemiaren erruz antolatzaileek lokalak utzi egin dituzte.
Beasaingo Udalak gazte lokalen inguruko araudi berria aurten ezarri du,apirilean, lokalak itxita zeudela. Baldintzak egokitu zituzten, inork gutxik betetzen zituelako eta ez zutelako izenik ematen. Halere, oraingoak ere ez du arrakasta handirik izan eta ez da lokalik erregistratu.
Lokalen inguruko ordenantzak, gutxi gorabehera, herri gehienetan beretsuak dira: segurtasun neurri minimoak behar dituzte. Esaterako, su-itzalgailua eduki behar dute, komuna, argia, ur-hornidura… ere eduki behar dituzte. Erabilera ere araututa dute: ordutegia, zarata, higienea… Funtsean, erabiltzaileen eta auzokideen arteko bizikidetza bermatu nahi dute eta segurtasuna eta garbitasuna zaindu. Arauak betetzen ez dituzten erabiltzaile eta jabeentzako zigor ekonomikoak aurreikusita daude, baita lokalen itxiera ere.