Arte erakusketa areto berezia dago Legazpin, Juan Kruz ile-apaindegian. Hamar urtetik gorako ibilbidea du eta orain arte 60 erakusketa inguru jaso ditu. Bertan 55 artista inguruk erakutsi dituzte haien lanak, diziplina askotakoak gainera. Horren guztiaren sustatzailea Juan Kruz Fernandez Portilla da, ile-apaintzaile eta bizargin lanetan 38 urte daramatzan artezale amorratua.
Zure ile apaindegira sartu, eta erakusketa bat duzu jarrita.
Bai. Jabi Corte Landa Blancorena, Corte al otro lado del muro izenekoa. Uharte-Iruñeko bizilaguna da, nire familiartekoa egiten da, nire lehengusu baten semea da. Bere ikasketak egin zituen gaztetan, artearekin zerikusia ez zutenak, baina bere zaletasuna artea izanik, ikasketak Alemanian bukatzen ari zenean mundu honetan sartu zen eta paretetako muralak egiten ditu. Grafittiak egiten hasi zen, baina orain muralista da, bere enpresa ere badu, eta horretaz bizi da.
Eta zer jarri du ikusgai?
Lan batzuk dira paretetara eramaten dituen lan handien bozetoak, eta beste batzuk lan bukatuak, etxean margotzen dituenak. Badaude beste batzuk ere, azken hilabete hauetan etxetik atera ezin ginenean egindakoak, etxean egindakoak. Balkoia ere margotu zuen garai hartan, baina bizilagun bati ez zitzaion gustatu, etxeko fatxada zela argudiatuz. Hura ikusita, ezabatu egin zuen paretako margoa, baina beste bat egin zuen, berdina, taula batean, eta taula hori jarri zuen balkoian… ia ez dago fatxadan. Teknikak denetarikoak erabiltzen ditu: olioa, akuarela eta grabatuak. Erakusketa honetan denetik ditugu, eta lan batzuk salgai daude gainera.
Mural handi horietakoak ezin ekarri Legazpira.
Begira, badut pena bat erakusketa honekin lotuta. Corteren erakusketa hau antolatzen ari ginela, udalarekin harremanetan jarri ginen, ile-apaindegian bakarrik ez, kalean ere bere lana erakus zezan, eta horretarako herriko txokoren batean mural bat egiteko baimena eskatu genuen. Baina ezezkoa eman ziguten. Corteren lan handi horiek ikusteko Nafarroara joan beharko du, Uhartera. Han ditu eginda batzuk.
Arteari buruz hitz egiten hasi gara, izan ere, zure ile-apaindegia arte galeria bat da.
Ez, hainbeste ez. Ile-apaindegi bat da, erakusketak antolatzen dituena. Ez da galeria bat, nik ez ditudalako lanak saltzen; saldu, egileak berak zuzenean saltzen du.
Arte galeria ez, baina erakusketa aretoa bai, bada, eta berezia gainera.
Bai, ile-apaindegi bat delako.
Inguruan ez dago horrelako askorik.
Ez. Donostian agian bada areto berezirik… Goierrin tabernak badaude erakusketak egiten dituztenak, eta horretan Beasaingo Aterpek nik baino urte gehiago daramatza. Erakusketak toki askotan jartzen dira, baina ez dute jarraipenik izaten, eta une honetan jarraikortasun bat dugun bakarrak Aterpeko Txomin eta gu gara.
«Erakusketak toki askotan jartzen dira, baina ez dute jarraipenik izaten. Goierrin gu eta Beasaingo Aterpe gaude»
«Gure leloa hauxe da: erakusketan artista batzuk neurrikoak, baina baita herrikoak ere. Legazpiar asko izan dira»
«Nik uste dut ile apainketak arte kutsu bat baduela, sorkuntza puntu bat lantzeko aukera ematen duelako»
Arte komisario bihurtu zaretela esan daiteke.
Azkenean bai, arte komisario baten lanak egiten ditut, nahiz eta asko ez ezagutu mundu hori. Azken erakusketa honetan bai, lan hori egin behar izan dut, Cortek lanak ekarri eta nik antolatu dut erakusketa, lanak aukeratu eta abar eginda, baina besteetan normalean Gorka Salmeronek laguntzen dit, komisario lanak eginez. Nik ez dut normalean aukeratzen erakusketetan zer jarri, hori artistaren eskuetan uzten dut, nahiz eta batzuetan lokala txikia delako eta ekartzen dituzten lan guztiak ezin direlako sartu, hori egin behar izaten dudan. Beste batzuetan, artistak ekarritako lanak indibidualki bakarrik ez, osotasunean ere kontuan hartu behar direnez, konjunto hori antolatzen, unitate bat ematen edo erritmoa jartzen ere laguntzen dut, eta horretan, esan daiteke komisario lanak egiten ditudala.
Noiztik da erakusketa areto Juan Kruz ile-apaindegia?
Lehen erakusketa 2009an egin genuen, laguna dudan Gorka Salmeronen argazkilari eta artistaren lanekin. Orduan Arte Ederrak ikasten ari zen unibertistatean, eta proiektu baterako biltegian gordeta ditudan maniki batzuk eskatu zizkidan. Manikiak apaletan jarri eta argazkiak atera zizkien, eta gero, bere estudioan argazki horiek landu eta proiektuaren zikloa amaitzeko erakusketa jarri zuen hemen. Bera arduratu zen erakusketaren promozioa egiteaz ere. Eta haren ondoren, koadroak zintzilikatzeko azpiegitura guztia muntatuta nuenez, erakusketekin jarraitzea erabaki nuen.
Hasieran erakusketa solteak ziren, baina gero maiztasun batekin antolatzen hasi zinen.
2011tik urtean sei egiten ditugu, bi hilabetero aldatuz. Hamar urte baino gehiago dira, eta 60 erakusketatik gora egin ditugu, 55 inguru artistenak. Batzuk errepikatu egin dute, Txo kolektiboek, Karlos Ausserladscheiderrek eta Esther Agirre margolari legazpiarrak. Esther izan zen 2011n aro berria ireki zuena, eta gure ibilbidearen 10 urteak ospatzeko berriz gonbidatu genuen.
Ez da zenbaki makala, 60 erakusketa.
Bai, eta diziplina eta teknika guztietakoak ia: pintura, eskultura… Gaur egun artista guztiak dira diziplina anitzekoak, eta margoa eta eskultura lantzen dute batera, grafika ere bai…
Baten bat gogoratzen duzu bereziki?
Bai! Asko nire lagun bihurtu dira… Baina bat gogoratzen dut bereziki, Jon Mikel San Millan legazpiarra. Erakusketa oso bitxia egin zuen, espresuki prestatu zuela uste dut hona ekartzeko. Hiru argazki ekarri zituen, ilunak, beltzak, argazkilaritzaren antitesia. Eta horiekin batera, dozena erdi eskultura ere ekarri zituen, keramikazkoak, baina zuriak, eta ez zuten ematen eskulturak. Oso polita zen erakusketa, desberdina, eta jendea harrituta geratu zen. Baina utzita dago mundu hori eta pena da nire ustez. Oso esku ona du, ikaragarria da.
Gorka, Esther, Mikel… aipatu dituzu. Denak legazpiarrak dira.
Bai. Hori da gure leloa, erakusketan artista batzuk neurrikoak, baina baita herrikoak ere. Jose Martin Etxeberria, Javi Gonzalez, Maixabel Valhondo, Joxe Andueza… Horien lanak ere izan ditugu hemen.
Eta ia beti, laguntza ematen, Gorka Salmeron izaten duzu ondoan.
Bai. Berak hasi zuen guztia eta hemen dago oraindik. Arte Ederretan aditua da, eta asko laguntzen dit. Gainera, erakusketa bakoitzarekin kartela eta postalak ateratzen ditugu, eta horien diseinuaz ere bera arduratzen da.
Zuri ere artea gustatzen zaizu?
Noski! Niri artelanak gustatzen zaizkit, eta Gorkaren bitartez jende asko ezagutu dut. Artea nire afizioa denez, oso gustura nago. Betidanik gustatu izan zait, museoak ikustea-eta. Edozein artelanek balio du niretzat, guztiek kontatzen didate zerbait. Artea ikustea gustatzen zait, baina ni ez naiz artista, nahiz eta eskola garaian marrazketa eta arte klaseak gehien gustatzen zitzaizkidanak izan.
Baduzu artista gogokoenik?
Baten bat esatekotan, Jorge Oteiza. Bezero batek oparituta, Arantzazuko apostoluen irudi bat daukak ile-apaindegian, eta baita eskultorearen erretratu bat ere, Gorkak Donostian egindako erretratua. Bere lana baino gehiago da Oteiza, eta bere ideologia edo idatziak ere gustuko ditut. Maisua da. Nire amonak Juan XXIII. Aita Santuaren erretratuak zituen bezala, nik Oteizarena dut, nire apostolua da.
Bezeroak aipatu dituzu. Zer esaten dute erakusketen gainean?
Ohituta daude, eta oso aberasgarria da erakusgai dagoenari buruz iritzia ematen dutenean, gustatzen zaielako, edo gustatzen ez zaielako. Batzuetan eztabaida txikiak ere izaten ditugu, eta hori oso aberatsa da.
Zein izango da hurrengo erakusketa?
Angel Izpizua argazkilari donostiarrarena, Jesus Mari Sarasua elgoibartarra komisario dela. Azaroan eta abenduan egongo dira ikusgai bere lanak.
Eta ondoren?
Bada datorren urteko sei erakusketak hitzartuta ditugu. Zorionez, artistak ere prest izaten ditugu, gustatzen zaie hemen erakustea. Batzuek haien burua eskaintzen dute, eta beste batzuei guk eskatzen diegu etortzeko. Eta horrela jarraituko dugu, ahal dugun bitartean segiko dugu erakusketak antolatzen.
Zure ile-apaindegiko erakusketetan, Gorkak bezala, Txo artisten kolektiboak ere badu bere tokia.
Bai. Txoren jatorria Legazpin dagoenez… Behin baino gehiagotan egin dituzte erakusketak hemen, eta esan dezaket kolektiboko artista denak nire lagunak direla. Ni ere taldekide naizela esan dezaket, beste era batean, baina kide sentitzen naiz, bai.
Artea alde batera utzita, afizio gehiago badituzu?
Musika gustatzen zait , eta paseoak ematea. Musika denetik gustatzen zait, baina batez ere rock and rola eta euskal musika, eta gehien gustatzen zaidana Ruper Ordorika da.
Burdinola elkarteko kidea ere bazara.
Bai, ez naiz kide aktiboa, baina ahal dudanean laguntzen diet. Legazpiko historia ezagutzea gustatzen zait, eta arlo horretan Burdinolak egiten duen ikerketa lana handia dela iruditzen zait. Ateratzen duten Txinpartak aldizkaria ere asko gustatzen zait.
Zein da Juan Kruz ile-apaindegiaren eta ile-apaintzailearen historia?
Ni bizargin familia baten hirugarren belaunaldia naiz. Nire aitona Jose Maria bizargina zen, eta nire aita Manuel ere bai. Galizatik etorrita, aita lan horretan ibili zen lantegitik kanpoko orduetan. Nik ile-apaintzaile lanbidea ikasi nuen, eta 1983an hasi nintzen lanean hemen, Kale Nagusiko lokal honetan bertan, aitak irekitako negozioan. Nire izena jarri zion, eta hala jarraitzen du. 38 urte daramatzat honetan lanean.
Zer zara, bizargin ala ile-apaintzaile?
Orain ez diot horri kasurik egiten, baina garai batean ez zitzaidan gustatzen bizargin deitura, nahiago nuen ile apaintzaile edo estilista. Orain, bizarrak modan daudenean, zentzu gehiago du bizargin tituluak lehen baino.
Ile apainketak ba al du zerikusirik artearekin?
Nik uste dut arte kutsu bat baduela, sorkuntza puntu bat lantzeko aukera ematen duelako, nahiko mugatua den arren. Baina artea baino gehiago, artisautza dela esango nuke.
Kartelean ‘a’ falta zuen 38 urteko ile-apaindegia
Tradizioz iritsi zaio Juan Kruz Fernandezi (Legazpi, 1969) bizargin eta ile-apaintzaile lanbidea. Pontevedrako O Castro Dozon herrian hasi zuen saga aitona Jose Mariak, eta hantxe ikasi zuen ofizioa aita Manuelek ere, mutikotan. Manuel Oñatira etorri zen 16 urterekin lanera; eraikuntzaren alorrean jardun zuen hasieran, eta plantxak egiten gero, Solaun y Rubio enpresan. Tailerreko lanetik aparte, orduak sartzen zituen herriko bizartegi batean, Aramaixo bizargilearekin.
Urte gutxitara, Pili Portillarekin ezkonduta, Legazpira joan zen bizitzera, eta Patricio Etxeberria lantegian lanean hasi bazen ere, ez zuen beste lanbide hura utzi. Barrenaren eta Barandiaranen bizartegietan ere ibili zen lanean.
1982an lantegia utzi, eta jaso zuen kalte ordainarekin lokala erosi zuen Kale Nagusian, bere bizartegi propioa irekitzeko. Juan Kruzek 14 urte zituen orduan, eta ile -apainketa ikasketak egin eta gero, hurrengo urtean hasi zen han lanean. Bizartegiari semearen izena jarri zion gainera Manuelek. Elkarrekin egin zuten lan biek, aita jubilatu arte.
Ile-apaindegi horrek badu anekdota bat, kartelarekin zerikusia duena. Manuelek euskaraz jartzea nahi izan zuen, eta izen hau eman zion: Ile-apaindegi Juan Kruz Peluqueria. Bezeroa zuen Martin Ugarte Saletxe-k zoriondu egin zuen kartela euskaraz jartzeagatik, baina akats bat zuela eta ‘a’ eransteko eskatu zion; ordutik Ile apaindegia Juan Kruz Peluqueria da.