Jexux Aizpurua Barandiaran • Ataun
Iluntzeroko juntaizoa txintxo asko egitera bilduta daude lagunartean, musean saioa egin eta kontu kontari Ixabelek prantatutako patata frijitu platera hutsik dutela: Dionixio Galparsoro dotore, Joan Goikoetxea tente, Antonio Altolagirre Errota isilik ez, Joxantonio Etxeberria barberiako lanak eginda, Zelestino Aizpurua baratzetik etorri berria, Patxi Agirre azti, Julita Ameriketatik iritsi berria pozik, Joanito Galparsoro gibelean, Ixabel lanerako pronto eta Martin Aramendi patxadan guztien begirale; bai irudi atsegina!
San Martin elizaren inguruan bizi dira guztiak; beraz, bertatik bertara eroso: Dupale, Aizkortaenea, Errotazar, Lukasenea, Kooperatiba, Miravalles, Zaindi eta Txomiñoenea.
Jakinduriaz ere ondo. Kamioi-gidaritzako gorabeherak, Arratetako harrobitik izaten zen hondar eta harri-karretoa, Fabrika Haundiko kamioi-ikatza iluntzean plazara iristen zeneko oroimenak: Práxedes del Castillo… Barrero… Jose Antonio Etxeberria… Antonio Morales… etengabeko hitz-jarioa dute.
Dagoeneko, ordea, gure begien aurretik urrundu diren ataundarrak dira. Ofizio askotako langile, baina lagunarterako beti prest. Gogoan dituzte bideetako, itsasoko, herriko… kontuak: CAF, Ternua, Bartzelona… Kooperatibako makina-hotsak, Errotazarreko argi-indar zalantzakorra, Miravalles aurreko gasolina-surtidorea, aldaparoa, zumarie, Enrike Telleria meikutxikie, Bidebietako Pedro, Barandiarango Pello, Tablako Pernando, Jexux sakristaue, Botikazarreko Kontxita…
Txomiñoenea bilgune
Txomiñoenea dute bilgune, tabernak izan dituen beste izen batzuk ere buruan dituztela: Bar Arana, Naparrenea, Ferminenea.
Julitak, berriz, Ataun atzenduta ez zeukanez, Ameriketatik azkeneko argazkia Txomiñoenera bidaltzeko mira ez zitzaion itzali, garaiaren, herri-minaren eta adiskidetasunaren seinaletzat. Eskerrik asko eta bejondeizula!
Gaur egun, 2021ean, Ixabel Arana da, bere zahardadean murgilduta, kontu eta bizipenok gogoan ondo gordeta dituen bakarra; gainetikoak gugan beude!
Oharra: aurten Ataungo taberna-terrazetan ateratako argazkiaren berri ea nork ematen digun 35 urteren buruan!