Leire Perlines Apalategi • Hitz batzuk Etxaguenetik
COVID-19-aren pandemia hasi zenetik, behin eta berriz errepikatu dugu gure bizitza aldatu egin dela. Behin eta berriz errepikatu dugu esaldi hori, behin eta berriz entzun dugu esaldi hori. Pandemia egoera kaxkarrean zegoenean, aldaketa txikiena edo murrizketa txikiena ere mundu egiten genuen, gure bizitza aldatuko balitzaigu bezala.
Orain, nahikoa denbora pasa denetik eta normaltasunera itzultzen ari garen honetan, aldaketa horiek huskeria bat zirela deritzot. Aldaketa horiek, niretzat behintzat, geroago etorri direnekin alderatuta ez dira ezer izan. Azken hauek bai, azken aldaketa hauek hankaz gora jarri digu mundua batzuei, tira, niri behintzat bai.
Guztiak dauka amaiera bat, eta horrexegatik uste dut esaten dela momentua disfrutatzeko, bizitza bizitzeko, funtsean. Bizitza ez da gelditzen, ezta denbora ere, eta hori da ikasi behar duguna, inoiz ez dakigulako noiz den zikloen amaiera. Ez daukagu makinarik denboran atzera salto egiteko, eta kontzeptu hau presenteago izan behar gunekeela uste dut, esan bezala, bizitza gozatzeko.
Ezer ez dela betiko erakutsi dit bizitzak azken hilabeteetan, denbora gutxiegian ordea. Horregatik, bi besarkada handi bidali nahi ditut beste aldera, beste mundura, Etxaguenetik.