Azaleko arazoetarako eta antiinflamatorio moduan erabiltzen da aski ezaguna den landare koloretsu hau.
- Izen herrikoia: Kalendula / Ilena / Aingeru lorea.
- Izen zientifikoa: Calendula officinalis L. (Asteraceae)
- Ezaugarriak: Urteroko landare eder honek laranja koloreko lore handiak ditu. Lurretik ez da asko hazten, baina, gustuko lekua aurkituz gero. erraz zabaltzen da. Hostoak osoak ditu, berde-argi kolorekoak eta iletsuak. Lorategi eta baserri inguruetan aurki dezakegu, apaingarri moduan landatzen delako.
- Atal erabilgarriak: Lore osoak edo petaloak.
- Propietateak eta erabilpenak: Azaleko arazoetarako oso egokia, zikatrizante moduan, erreduretarako, akne, ekzema, ospel eta abarretarako. Eragin antiinflamatorioa du, kolpe, okerdura, barize eta inflamazioetarako. Emari handiko eta urriko hilerokoetan laguntzen du: hilerokoa erregulatzen du, eta, aldi berean, hileroko mingarrietan eraginkorra da. Hainbat modutara erabil daiteke: tintura moduan, infusioan, oliotan mazeratuta…
- Infusioa: normalean, 30 gramo landare erabiltzen dira litro bat uretan. Bi minutuz lorea egosi, eta hamar minutuz estalita eduki ondoren hartu. Infusio honetatik hiruzpalau basotxo edan daitezke egunean.
- Tintura: 100 gramo lore mazeratzen dira 500 mililitro alkoholetan, hamabost egunean. Filtratu, eta gorde. Tintura hori erabil dezakegu barne erabilera moduan, 20-30 tanta hartuz bizpahiru aldiz egunean, edo kanpo erabileran, igurtziak emateko, zauriak garbitzeko… Kontuz barne erabilerarako erabiltzen den alkoholarekin, edangarria izan behar baitu.
- Olioa: Kalendula loreak oliotan mazeratu. 25-30 gramo lore litro bat oliotan sartu, eta su motelean berotu hezetasuna galdu arte (bizpahiru ordu). Hozten utzi, eta 24 ordutara filtratu eta gorde. Olioa egiteko beste modu bat ere bada: petaloak ontzi batean sartu, olioz estali, tapa jarri eta mazeratzen utzi 30 egunez. Filtratu, eta gorde.
- Kontraindikazioak: Ez da landare toxikoa; hala ere, ez da gomendatzen haurdun dauden emakumeetan.