Hrurogei eta hirurogeita hamarreko hamarkadetan musika mugimendu handia sortu zen Ordizian. Bostak edota Yoloak bezalako taldeekin batera, The Yennis izan zen garai horretako ordezkaririk esanguratsuenetako bat. Denbora gutxi iraun zuen Los Ovnis eta Los Sccapolis taldeetako kideen elkartzetik sortu zen. Enrique Arce, Tomas eta Carlos Ruiz, Francisco Valdivielso, Miguel Angel Catalan Mitxel eta Juanjo Iturriotz izan ziren lehen taldekideak. Ingalaterratik zetozen doinuak eta taldeak ziren haien erreferentzia, baita janzkeran ere, argazkietan ikusten denez.
Aurretik Bostak taldeak egin bezala, garai hartan oso ugariak ziren konkurso edo taldeen lehiaketa horietako batean parte hartu zuten. Arcek gogoan du Arrasateko finalean Otis Reddingen gaztelaniazko bertsio bat, eta Fernando San Josek okasiorako konposatutako Hasarre nabil abestiak jo zituztela. Garaiko kronikek jasotzen dutenez, parean Gasteizko beste talde on bat izan zuten, baina ordiziarrak «gogo biziz» eta «etorri handiarekin» atera ziren eskenatokira, eta lehiaketa irabaztea lortu zuten.
Handik aurrera «kontzertu eta bira asko» egin zituzten; besteak beste, Miguel Rios, Victor Manuel edo Julio Iglesias ezagutzeko aukera izan zuten. Oñatiko Idaho eta Debako Egurtza dantzalekuetan ohikoak ziren. Taldeak hiruzpalau urte egin zituen. 1973an, Arce ezkondu zenean, uztea erabaki zuen, eta han bukatu zen Yennis taldearen ibilbidea.